Xabier Amuriza bertsolari bizkaitarrak kolpe ederra jo zuen orain dela 25 urte, urtarrilaren 6an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan: irabazi egin zuen, estilo berezia ezarriz irabazi ere. Ordu artekoarekin puskatzen zuen estiloa zen, azken batean. Bide berri bati ekin zion orduan Amurizak: doinu berriagoak, metrika desberdinak, kantaera bera...
1980ko final hartan finalisten artean bi gutar izan ziren: Jose Luis Gorrotxategi (Osintxukoa da eta Azpeitian bizi da) eta Anjel Larrañaga (Azkoitikoa da eta Azpeitian bizi da). Baina gutarren artean izan beste protagonistarik ere final hura zela eta: Ramon Etxezarreta urrestildarra.
Gaur Berria-k final hura gogoratu du, eta besteak beste, Etxezarretak, Koldo Izagirrerekin batera, Oh Euzkadi aldizkarian idatzi zuena jaso: Oh! Euzkadi aldizkariaren lehen zenbakiak, 1980ko maiatzean, bertsolaritzak Amurizaren eskutik hartua zuen bidea postxalbadorismoa ironiaz kritikatzen zuen artikulu anonimoa eman zuen argitara: Hastera noa gramatika luzean. Hona hemen Oh! Euzkadi-ko artikulu horretako pasarte bat: Kritikak bultzatu eta bide bakartzat hartutako postxalbadorismo hau, post guztiak bezalaxe, dekadentziaren harrak joa baitator: prosaismoaren ordez transzendentzia, azkartasunaren ordez geldotasuna, ironia eta humorearen ordez seriotasuna eta asperdura. Beste hitz batzuetan, ziri eske genbiltzanoi enbor lehorra buru gainera, eta piperzalea zena ezkurrak bazkatzera. Nahiz eta egilearen izenik ez agertu aldizkariak, Amurizak laster jakin zuen artikuluaren egileak Koldo Izagirre eta Ramon Etxezarreta idazle gazteak zirela.
Amuriza harrituta geratu zen kritika haiekin. Txapeldun aldarrikatu nindutenean, poz zabala eta zabalkorra izan zen, uholak ibaia ganezkatzen dauenean lez, dio Amurizak, Enaz banaz liburuan. Baina orrialde batzuk aurrerago bizitzako musturrekorik mingarriena nola jaso zuen kontatuko du, txapeldunaren bakardade paradoxikoaren berri zehatza emanez.
1982an berriro irabazi zuen Euskal Herriko txapela. Kritikei ere irabazi zien Amurizak.