Ehun urte. XX. mendea ia osorik bere begiekin ikusteko aukera izan du Iñaki Goenaga Sistiya idazle eta itzultzaileak. Ikusitakoaren, ikasitakoaren eta egindakoen berri memorian ondo iltzatuta dauka, gainera. Duela 80 urte baino gehiago Loiolako santutegian (Azpeitia, Gipuzkoa) ikasitako grekeran hitz egiten hasi zitzaien Azpeitiko Uztarria herri aldizkariko kazetariei joan den abuztuan, aspaldian eskaini duen elkarrizketa luzeenean. Mende osoa bete duenak badu bere oroimenaren balioaren berri: "Kontu asko ditut nik, kontatzeko modukoak eta kontatu ezin direnak...".
Kontuak kontu, Azpeitiko Udalak omenaldia egin dio Iñaki Goenagari. Azpeitiko Ormaetxe baserrian jaio zen, 1905eko urtarrilaren 11n; sei anai-arrebaren artean bigarrena. Iazko ekainean, Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadorak ohorezko bazkide izendatu zuen, euskararen alde egin duen lana goratzeko. Loiolako santutegia ekarri zuen gogora omenduak orduan. Jesuiten ikastegia zen garaian joan zen hara ikastera Goenaga: "Gu Loiolan sartu ginenean, euskarak atzera edo aurrera egiteko garaia zuen". Egoera horri erantzuteko, Euskal Akademia sortu zuten Goenagak eta beste hainbat ikaskidek: "Gauzak leitzen ari ginela, ikasten ari ginela, ohartzen ginen euskaldunak garela euskaldunen kontrarioak, eta Loiolako erretoreari esan genion gure euskara maisurik onenak geure gurasoak zirela baina euskarak barruan baduela arima eta hori ezagutu nahi genuela. Horregatik sortu genuen akademia". Euskaltzale talde hartan joan den mendeko kulturgile ugariren izenak daude: Esteban Urkiaga Lauaxeta, Iokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Patxi eta Felix Korta anaiak, Plazido Mujika, Inazio Odriozola, Bittor Aginagalde, Gilen Larrañaga, Erramun Argarate, Hilari Gaztelumendi, Iñaki Albisu, Luis Arrieta, Segundo Azkue, Koldobika Sagastume... eta Iñaki Goenaga bera, Joxe anaiarekin batera.
Hastapenak
Iokin Zaitegik "bazkuna" deitu zion Goenagak aipatzen duen akademiari: "Loiolan geundelarik, josulagunen Bilboko Jesus-en Biotzaren Deya hilerokoan idazten genuen sarri eta honek gure idazkietan erraztasuna lortzen laguntzen zigun. Lagun piloa batu ginen bazkun antzeko batean eta euskararen bidez gure kulturaren alde ahaleginduko ginela erabaki genuen". Eta 1924an Aita Estefania bilbotarra heldu zen Loiolara. Formazio klasiko handia zeukan, eta halakoxe eragina izan zuen gazte euskaltzale haiengan, handia. Iñigo Aranbarri idazleak idatzia dauka Larramendi, Kardaberaz eta Mendibururen garaitik jesuitetan ez zela Loiolako hura bezalako "iraultzarik" izan euskararen alde. Klasikoak euskarara itzuli behar zirela erabaki zuten gazte haiek. Ibiñagabeitiak Virgilio aukeratu zuen, Zaitegik Sofokles. Iñaki Goenagak Lope de Ruedaren Las aceitunas (Zenbatean sagarrak?, 1932) eta Schillerren Wilhelm Tell itzuli zituen.
Loiola ez zen izan, baina, Goenagaren ikastoki bakarra. Loiola atzean utzi, eta Nafarroara joan zen ikastera, Xabierrera. Han aurkitu zuen euskal kulturako beste erraldoi bat, irakasle lanetan: Nikolas Ormaetxea Orixe. Goenagak horrela gogoratu zuen idazlea Uztarria aldizkarian: "Gaztelera Orixe-rekin ikasi genuen asko. Oso euskalduna zen hura, baina hark irakatsi zigun. Itzultzaile eta euskaragilea zen. Mireio liburua itzuli zuen. Probentzako idazle batek idatzitakoa da, bere hizkuntzan. Mireia izena du liburuak. Orixek itzuli eta Mireio jarri zion izena. Zoragarria da liburua, oso euskara ederrean egina, purua eta jatorra. Hiru aldiz irakurria dut. Orixe izan da eta izango da niretzat idazlerik onena".
Soldadu, gerra
Soldadutza egiteko garaia heldu zitzaionean, Ameriketara joatea erabaki zuen Goenagak. "Ni, soldadutzara ez joateagatik Ameriketara joan nintzen. Espainiara soldadu joan edo Ameriketara ala Txinara, horiek nituen aukeran. Pentsatu ere egin gabe, Venezuelara joatea erabaki nuen".
Espainiako Gerra hasi zenerako, jesuita izateari utzita zegoen eta EAJko kide zen. Loiolan kokatu du haren memoriak, beste behin, garai latz haien hasiera. "Gerra denboran Loiolan egon ginen. (...) Gazte asko geunden gerragatik han bilduta, baina ez geneukan armarik. Guardia zibilen kuartel zaharretik hartutako fusil zaharrak besterik ez; bi tiro bota eta kanoiak gorri-gorri jartzen zitzaizkienak. Baina bagenuen zazpi eta erdiko kanoi txiki bat eta hura hartuta Mandubi gainera joaten ginen. Beasain aldera begira jarri eta tiro batzuk botatzen genituen; horrela, besteek armak geneuzkala pentsatzen zuten". Beste hainbat tokitan ere aritu omen ziren indar itxura horiek egiten. Halako batean, baina, arerioak etorri eta Elgoibarrera joan behar izan zuten guztiek. Bermeo, Gernikako bondardaketa, Legutianoko bataila... zuzenean ezagutu zuen gerra haren kronikak idatzi zituen frontetik, euskaraz eta erdaraz. Bilboko Euzkadi-n argitaratu zituen gehienak. Beste kontu batzuetarako beta ere hartu zuen, hala ere: "Itxarkundia batailoia Hondarribian zegoela norbait nire bila zebilela esan zidaten. Aita Olabide zen, gaztetan gure irakaslea izandakoa [Raimundo Olabidek, besteak beste, Kempis eta *Giza-soña* idatzi zituen]. Liburu bat egina zuela eta ibaiaren beste aldera pasatu nahi zuela esan zidan". Olabideren nahia bete zuen Goenagak.
Asturiasera joan zirenekoa ere gogoan du euskaltzaleak: "Behin asturiarrak etorri zitzaizkigun Euskal Herrira laguntza eske, han Oviedori eraso ziotelako. (...) Hala joan ginen Oviedora eta bertakoek errusiarrak ginela pentsatu zuten; izan ere, guk euskaraz egiten genuen eta diziplina handia genuen". Santoñan preso sartu zuten italiar faxistek. Langile batailoietan aritu zen Nafarroan, Lizarra aldean: "Harrapatu gintuztenean Lizarrara eraman gintuzten... Lizarratik gora eraman gintuzten kartzelara, komentu batera. Sarjentu batek bulegoko laguntzaile lanetan jarri ninduen. Hilabete asko egin nituen han, eta azkenetakoak izan ginen gu handik ateratzen". Han hasi zuen berak "peregrinazioa" deitzen duena. Urtebete igaro zuen Lizarran, gero Iruñeko kartzelan beste hainbeste. "Handik Kristo bezala lotu eta, beste bi asturiarrekin batera, Gasteizera eraman ninduten, handik Bilbora eta handik Urduñara, jesuitek zuten eskola bateko sotanora". Han bukatu ziren gerrako kontuak Goenagarentzat.
Gerra ostekoak
Kartzelatik irten ostean, Lizarran jarri zen bizitzen. Katalan batekin, altzarientzako berniz eta poliester negozio txiki baten ordezkaria izan zen. Eibarren ere bizi izan da, eta Irunen. Gaur egun jaioterrian bizi da. Bere pentsaeraren eta jardunaren funtsa laburbiltzen duten hitzak esanak ditu: "Arima gorputzaren motorra da eta hiru indar ditu: oroimena, adimena eta nahimena. Burua da horien habia. Oroimenaren bidez gogoratzen ditugu lehen egindakoak, zuk nahi dituzun oroitzapenak ekartzen dizkizu. Adimena ulertzea da; hiru eta bi bost direla esaten duen indarra. Eta nahimena nahi dena egiteko aukera ematen duena da. Parabolak direla esango lukete hainbatek, bai, baina egiak dira".
Euskaldunak eta politika
Euskararekin munduari buelta ematera joan daitekeela, garbi dauka Iñaki Goenagak. "Nik askori esan izan diet hori. Badut lagun bat Ameriketara euskararekin bakarrik joan zena eta ondo asko konpondu zena. Leku guztietan daude euskaraz dakitenak, eta baita azpeitiarrak ere". Bera ere ibilia da Venezuelan eta Argentinan.
Gogoan dauzkan bizipen askok azaltzen dute bere euskaltzaletasuna. Espainiako gerra garaian Parisko Kongresu Antifaxistan euskaraz egin zueneko hark, esate baterako: "Ni Itxarkundiako batailoian nengoela, eskutitz bat iritsi zitzaidan, Bilbora joateko esanez. Handik Donibane Lohizunera joan ginen, eta handik Parisera". Kongresu antifaxista zuen helburu, fronteko gudarien ordezkari lana egiteko. "Han geundela, euskaraz hitz egiten ote nuen galdetu zidaten, eta, jakina, nik baietz. Gerrako gudarien ordezkari bezala arenga bat botako ote nien eskatu zidaten, euskaraz. Halaxe egin nuen. Inork ez zidan ezer ulertu, baina oso tentuz entzun zidaten! Baita txalo pila ederra jo ere! Mitin denetan ez nituen hainbeste txalo jasotzen!".
Izan ere, Iñaki Goenaga mitinlari ere izana da, eta ohituta zegoen jendaurrean hitz egitera. Egunean hiru mitin ere emandakoa da. "Kongresuan, besteak beste, Juan Luis Kareaga (Erresuma Batuan bizi zen bizkaitar bat), Apaolaza (donostiar bat) eta Onaindiarekin topo egin nuen".
Politikari eta euskaldunei buruz hizketan hasitakoan, elkar ulertu beharra nabarmendu zuen iazko abuztuan Uztarria aldizkariari eskainitako elkarrizketan: "Euskaldunak beti egon gara elkarrekin haserre. Bai lehen eta bai orain. Ni ez naiz ETAkoa baina, anaiak ditudanez, maite ditut, defenditzen ditut eta ea noizbait elkar ulertzera heltzen garen. Guk inoiz ez genuen hildakorik nahi".