Mila Urzelai: "Galdera gehienek komertzioekin zerikusia izaten dute"

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 16a, 17:01

  • Urzelai Azkoitiko eta Azpeitiko kontsumitzaileen informaziorako udal bulegoko teknikaria da
  • Beherapenak direla-eta kontsumitzaileen kezken inguruan diardu Urola-Kostako Hitza egunkarian

Eguberrietako gehiegikerien ondoren, urtarrileko aldapa datorrela esan ohi da. Aldea izaten da, ordea, aldapa gorakoa izan edo beherakoa. Gehientsuenei aurrez eginiko gastuek patrikak hutsik utzi dizkie, eta txarrena izaten dena dator orain: hain tentagarri egiten zaizkigun beherapenak. Mila Urzelai azkoitiarra da. Duela bost bat urtetik da Azkoitiko eta Azpeitiko kontsumo bulegoko teknikaria. Hitza berarekin izan da merkataritza eta kontsumoaren inguruko gaiei buruz hitz egiteko.

Zein da kontsumitzaileei zuzenduriko bulegoaren helburua?

Bulego honetan, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa, laguntza eta orientazioa eskaintzen zaie. Beraien kexu eta erreklamazioei sarrera eman, erregistratu eta dagozkien erakundeei igortzeaz gain, jendea kontsumoko gaietan hezitzeko lanak ere egiten dira.

Beherapenen garaia izanik, alderik antzematen al da kontsumo bulegoan?

Egia esan, ez. Ez dut urteko beste garaiekin alderik antzematen. Nik uste jende gehien martxoa aldean eta apirilean, Aste Santuaren ondoren ibiltzen dela.

Erosketa bat egiterako orduan, zer eduki behar du kontuan kontsumitzaileak?

Beherapenetan erosketak egiterako orduan, zenbait gauza izan behar dira kontuan. Esaterako, erosi nahi dugun produktu horren kalitatea beherapenak baino lehenagoko bera izatea. Produktu batek, beherapenetan jarri aurretik, lehenago hilabete bat, behintzat, egon behar du salgai. Izan ere, produktuak akatsen bat badu, hori ez da beherapena, saldoa edo likidazioa izango litzateke. Beherapenetan, produktuek lehengo prezioa eta beherapena egin ondorengoa, biak izan behar dituzte.

Eta erosketa egin ondoren produktua itzuli nahi badu?

Garrantzitsuena, ordainagiria gordetzea da, produktua erosi duzunaren froga delako. Erositako produktuarekin gustura ez bazaude, ordainagiria da erreklamazioa egiteko oinarrizko ziurtagirietako bat.

Zein da kontsumitzaileen ohiko galdera eta kezka?

Gehien egiten diren galderek komertzioarekin zerikusia izaten dute.

Beherapenak araututa daude, ezta?

Bai, horrelaxe da. Gutxieneko iraupena astebetekoa izan dezakete eta gehiengo iraupena, berriz, bi hilabetekoa. Neguan, urtarrilaren 7an hasi eta martxoaren 31n bukatzen dira, eta udan, berriz, uztailaren 1ean hasi eta irailaren 30ean bukatu.

Gabon hauetan eskaparateetan Gabonetako eskaintzak ere izan al dira?

Bai, baina horiek ez dira beherapenak izaten, aurretik egoten diren beherapen edo eskaintza berezia, baizik. Kasu horietan ere kontsumitzaileek eskubide berak dituzte.

Merkatariak erreklamazio orriak edukitzera behartuak daude?

Bai. Zerbitzu eta salmenta guneak erreklamazio orriak edukitzera behartuak daude. Zerbitzu gune batean ez baldin badute erreklamazio orririk, arau hauste administratibo bat da.

Kontsumitzaile edo erabiltzaileak erreklamazio bat jarri nahi badu, zer egin behar du?

Erreklamazio orriek hiru kopia izaten dituzte. Orri horietan erreklamazioa jarri nahi duenak, bere datu pertsonalak eta erreklamazio horrekin zer lortu nahi duen idatzi behar du. Bestalde, komertzioak ere bere datuak jarri behar ditu. Gero hiru orri horietako bat komertzioak hartzen du, eta kontsumitzaileak beste biak. Tramitea hemen edo Donostian hasten da. Guk, beste aldearekin harrematen jarri, eta ea zer alegatzen duen jarri behar dugu. Horren bidez saiatzen naiz erdibideko erabaki bat hartzen, baina zaila da.

Eta erreklamazioa egin eta eskatutakoa lortzen ez bada?

Eskatutakoa lortzen ez bada, bada beste bide bat: kontsumoko bitarteko junta delakoa, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak kontsumoko arazoak konpontzeko duen sistema extrajudiziala da

Bost urtean zer nolako garapena izan du bulego honek?

Batik bat, bere eskubideak zein diren eta informazio bila etortzen da jendea hona. Jendeak ohitura hartu du hona jotzeko. Iaz, 300 kontsulta eta 20 erreklamazio egin ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide