Atzo ere euria eta eguraldi txarra: «Txikienen danborrada aterako al da?» zen herritarren galdera. Goizetik euria ari zuen, gogor gainera. Goiz eresian atera behar zuten helduen Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeak udaletxeko arkupetan zeuden, kale buelta egin gabe.
Helduen bi taldeak plazatik irten eta Eliz kaletik parrokirako bidea egin zuten. Haien atzetik, Izarraitz txistulari taldekoak aurretik zituztela, udalbatza. Prozesiorik ez zen egin, eta meza nagusia hasi aurretik parrokia barruan jo zuten Soreasuko Sebastian pieza. Parrokian meza santua hasi zen garaian ateri zen. Haurren danborradako arduradunek ere, helduek bezalaxe, bilerak egin zituzten irten ala ez erabakitzeko. Azkenean herritarren artean zabaldu zen erabakiaren berri: «Haurren danborrada irten egingo da».
Ateri ordubetean egin zuen. Bitartean, sokamuturra ibili zen plazan; ezustekorik ez zen izan. Eguraldi tristea, baina, ohi bezala, jende asko ibili zen sokamuturrean.
Zezena erretiratu eta txikien danborradaren ordua heldu zen. Talde guztiak prest ziren Harzubian eta Aranean irteteko; hamar talde eta 400 danbor-jotzaile. Horrela, danborrada atera zen Goiko kaletik behera, alde zaharreko kaleak pasatu eta plazan elkartzeko. Udaletxera begira jarri eta sansebastianetako martxak jo zituzten. Euria ari zuen, ez zen gelditzen. Helduek baino gogorrago jardun zuten gaztetxoek.
Ikusmina urtero bezala aurten ere karrozak sortu du jendartean. Nolakoa ote? Aurten Saioa Imaz azpeitiarrak egin du Maristak, On Manuel Ferrer eta Institutu Laborala gai hartuta. «Polita da, bai aurretik eta atzetik ere itxura polita du», izan zen herritarren artean karrozari buruz entzun zena. Bustita, baina paperean sartuta zihoazen karroza gainean Iraurgi ikastetxeko ikasleak.
Sokamuturra
Aurtengo lehen sokamuturra izan zen atzo, eguerdian eta arratsaldean. Jende piloa ibili zen. Mutrikuko Gorixo ganadutegikoak izan ziren atzoko zazpi zezenak, eta Iñaki Urkia sokamutil bezala estreinatu zen. «Ez nago urduri», zioen.
Gauerdian egin zen danborradarekin agurtu ziren aurtengo sansebastian euritsuak.
Albistea Urola-Kostako Hitzan