Hamaika aldiz adierazi eta salatu izan ditugu Euskal Herrian eta baita Azpeitian bertan ere, euskaldunok bizi dugun hizkuntza zapalkuntza. Eta eskubideen urraketaren salaketa egiteaz gain euskara ofiziala izateko egin beharreko apustuaz ere aritu izan gara. Askotan azpimarratu nahi izan dugu, egoera horren arrazoia interes politiko soilen ondorioa dela, borondate hutsalaren ispilu.
Eta salaketa horiek egin baditugu ere, euskaldunok aukera paregabea dugu, behingoz eta orain arte baino indartsuago, urraketez jositako etorkizunari EZETZA esateko, noiz? Otsailaren 20an. Oso garrantzitsua baita euskal herritarron ahotsa argia izatea bere nortasunaren defentsan. Eta bide beretik, otsailaren 12an plazan egingo den ekimenera eta Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu.
Euskarazko lurraldearen eta euskararen etorkizuna ziurtatu nahi baditugu, ondorengo hiru oinarriren errekonozimendua eta aitortza ezinbesteko dira: Euskal Herriaren aitortza, hizkuntza komunitatea eta hizkuntza eskubideak.
Eta horra, demokraziaren izenpeko Europako Konstituzioak zer dioen: horren guztiaren onarpena, euskararentzat eta Euskal Herriarentzat kaltegarria litzatekeela, eta ondorioa kontzeptu horietako bat bera ere ez du jasotzen itunak.
Erreferendumean bozkatuko den testua estatuetan oinarritua da, herriek ez dute lekurik, beraz, euskararen herria, ekialdetik mendebaldera eta iparretik hegora, ez da aitortua izango. Hau da, Euskal Herriaren erabaki ahalmena itoa izango da. Eta ondorioz, eskubide urraketen aurrean, ez da ezer aintzat hartuko, lege eskubide horiek ez daudelako aitortuta, ituna pluraltasunaz ari da eta ez eskubideez.
Hizkuntza komunitatearen kontzeptua ere ez da aitortua, eta errekonozimendu falta horrek desegituraketa mingarria areagotu besterik ez du egiten, hizkuntza gatazka areagotzeko apustu garbia baita.
Baina ituna dela eta, hainbat jarrera salatu ere egin behar direla uste dugu, eta esandakoei eta intentzioei beren kareta jarri. PSOE hizkuntza zapalkuntzaren eragile aktiboa den honetan, hizkuntzaren babesle gisa agertu izan da, ituna euskarara, katalanera eta galegora itzuliaz. Aurpegi garbiketa lotsagarria, gure iritziz. EAJk berriz euskararen bazterketari aktiboki laguntzen dio, itunari baiezkoa emanez. Eta gainera, ofizialtasunaren inguruan emandako nahasketa mezuak salatu nahi ditugu. Ofizialtasuna, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea gauzatuko duen statusera mugatzen da eta ez instituzio batekiko harremanera.
Horren guztiaren aurrean, EHEren iritziz, euskal herritarrok halaxe egin beharko genuke: herri gisa, bere ahotsa ozen agertu EZEZkoaren alde.
Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz