Unai Lizaso: "Txarrena inkomunikazio garaia izan zen, Madrilgoa"

Urola Kostako Hitza 2005ko ots. 17a, 13:02

Unai Lizaso.

Unai Lizaso joan den ostiralean atxilotu zuten, eta asteburua inkomunikatuta eman ondoren, libre utzi zuen epaileak; torturak salatu ditu

Joan den ostiralean atxilotu zuen Unai Lizaso zestoarra (Azpeitian bizi da) Espainiako Poliziak, asteburua Madrilen inkomunikatuta eduki dute eta astelehenean Madrilgo Auzitegi Nazionalean epailearen aurretik pasatu ondoren, behin behineko askatasunean libre dago. Inkomunikatuta egon den garaian torturatu egin dutela salatu du.

Nola izan zen atxiloketa?

Urtzi tabernaren parean atxilotu ninduten. Ni konturatzeko lau lagun neuzkan gainean. Batek esan zuen "a un descampado" eta handik gora aldera, leku zabal batera, eraman ninduten. Han miatu eta ostiko bat ere eman zidaten. Nire autoa hartu eta Donostiara eraman ninduten. Han hatz markak eta hartu zizkidaten. Tratua ona izan zen, baina une batean beldurra pasatu nuen: gela hotz eta zaztar batean zakar poltsa beltzak zeudelako eta okerrena pasatuko dela uste duzu. Galdeketa txiki bat ere egin zidaten, eta atxiloketa guztian burua jaitsita eduki behar izan nuen.

Gero etxea miatzera ekarri zintuzten, Azpeitira...

Etxean tratu ona izan zuen Poliziak. Gure aita une batez urduri jarri zen, baina lasaitzeko eskatu nion. Etxea miatu eta Madrilera eraman ninduten. Bide osoa galdeketa izan zen.

Okerrena gero etorri zen, ezta?

Txarrena Madrilgoa izan zen. Soka guztiak, gerrikoa eta dena kendu zizkidaten eta ziega batetara sartu ninduten. Ordu erdi ingurura, atxiloketan egon zen bat, eta, gero, torturatu edo egurra emango zidana etorri ziren; pertsona normala zirudien. Bi galdera egiten zizkidaten, ezetz erantzun eta, danba, tximetatik heldu eta zakurra bezala lurrera botatzen ninduten, kolpea-kolpearen gainean emanez. Beti buruan. Ia beti belauniko edo lurrean nintzela. Hori izan zen lehenengo galdeketa, oso-oso gogorra. Horrekin batera, amenazua, handik gutxira berriro etorriko zirela, hasiera bakarrik zela...

Beranduago beste galdeketa bat; orduan bat etorri zen esaten Zestoan nirekin egonda zegoela, Txokonean tragoa hartzen..., eta beste galdeketa bat, gogorrenetakoa. Galderak ez banituen erantzuten, aurrekoan jo ninduena etorriko zela esaten zidaten. Azkenean etorri zen, "feliz navidad" esan, eta kitto! Berriz hasi zitzaidan jotzen, jo eta jo. Beti berdina egiten zidan: tximetatik zintzilika, izugarrizko tirazoak eta une oro buruan kolpeka. Burua handituta eta kasko bat edukiko banu bezala sentitzen nuen...; kolpeak. Une batean, tximetatik eta barrabiletatik gogor helduta, esan zidan: "*Tú has jugado alguna vez al fútbol, tu sabes lo que se siente cuando el balón te da en los huevos*", eta hestutu egiten zizkidan; ni orroaka. Oso-oso gogorra izan zen.

Tratu txar psikologikoa jaso duzula ere salatu duzu...

Irainak une oro esaten zizkidaten. Errepikatzen zidaten: pentsatzeko erori egin nintzela, onartu egin beharko nuela, eta orduan esan zidaten neska atxilotu zutela. Behin, sorpresa bat emango zidatela esan zidaten eta ez zitzaidala gustatuko, Iker harrapatu zutela eta hark hitz egiten bazuen... Egun eta erdi oso-oso gogorrak izan ziren: lorik egin gabe, denbora guztian galdeketak eta egurra. Gauzak ez banituen esaten kolpeen ordez, beste tresna batzuk erabiliko zituztela ere esan zidaten. Orduan ere oso gaizki pasatu nuen. Denbora ikaragarri luzea egin zitzaidan.

Epailearen aurrean deklaratu eta behin behineko askatasuna eman zizun.

Atxilotutakoetako batek gutun bat eman zidala leporatzen zidaten, eta nik ezezkoa esan nien. Epaileak tratuagatik galdetu zidan eta "semicorrecto" erantzun nion.

Madriletik bueltan Azpeitiko anbulatoriora joan zinen.

Buruan eta begiondoan nituen kolpeen gaineko medikuaren agiria edukitzearren joan nintzen. Berez, forentseak egin beharko lidakeena da. Barruan nengoenean egunero pasatzen zen forentsea eta harek ikusi zituen kolpeak.

Hau dena pasatu ondoren zein da egiten duzun balorazioa?

Gauza asko pentsatzen dira: pertsonek zein balore gutxi duten. Kutxazain bat erretzen bada, egoitza bati pinturaz betetako arrautzak botatzen badizkiote, izugarrizko eskandaloa sortzen da. Bitartean, dozenak eta dozenak tratu txarrak jasotzen dituzte. Tortura boteretik egiten da eta badaude neurriak ebitatzeko. Eta Eusko Jaurlaritza esaterako, ez da gai, ikusitakoak ikusi ondoren, aurrekari bat jartzeko, kontu honetan. Galdeketa bat, gauzak normal eginda, nola egin daitekeen adibidea jartzeko.

Eta politikoki?

Interesgarria da bizi dugun unea eta aprobetxatu behar dugula uste dut.

Politikoki optimistagoak izan behar dugu, aukerak badaudelako, gauzak eginez, gauzak aldatzeko. Nire ustez, ezker abertzaletik izugarrizko apustua egiten ari da gatazka honi irtenbidea emateko. Serio ari dela iruditzen zait, eta, segun zer mugimendu ematen den fruitua emango du. Beste alde batetik, EAJn, borondate nahiko eskasa ikusten dut eta horrek amorrua ematen dit. Baina ilusioa izan behar dugu eta hor ni itxaropentsu nago.

Borrokak beti merezi izan duela uste dut; bestela, gaur egun gizarteko oinarrizko zenbait gauza ez genituzke izango. Esaterako, emakumeak bozka izatea. Emakume batzuk bizia utziko zuten hori lortzeko, kartzeleratu edota zorotzat hartuko zituzten. Eta, gaur egun, normaltzat hartzen ditugu horrelakoak, dudarik gabe. Berdin ekologiarekin, lan baldintzekin, eskolaratzearekin... Ezkerrak eta disidentziak urte askoren poderioz hori lortu dute. Merezi du gauzak egiteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide