Udalak: San Martingo egoitza birmoldatu, Loiola bidean Gizarte Zerbitzuetarako zentro berria

uztarria 2005ko mar. 8a, 19:03

  • Asteburuan etxeetara triptikoak banatu ditu hartutako erabakiak azalduz
  • Han datorren guztia jaso da

Udalak esana:

"Alkateak jakinarazi nahi dizu

Herrian ditugun adineko pertsonen etorkizunerako erabaki garrantzitsua

Aurrekariak. Udala gaia aztertzen eta proposamenak aurkezten urtebetean aritu ondoren, San Martin Fundazioak, 2004ko urriaren 15ean, behin betiko erabakia hartu zuen eta ezezkoa eman zion herrian ditugun adineko pertsonentzako azpiegitura eta zerbitzu guztiak Esklabetan edo haren inguruetan bateratuko dituen Zentro eredu bat sortzeko alkateak, Udal gobernu taldearen (EAJ-PNV eta EA) bultzadarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontrastatu ondoren, aurkeztutako proiektuari.

2005eko otsailaren 24an, Udalak (gehiengo absolutuz hartutako erabakia. EAJ/PNV alderdiak aldeko botoa eman zuen, PSE-EEk abstentzioa eta, gainerako alderdiek aurkako botoa) osoko bilkuran hartutako erabakiarekin, Esklaben inguruetan 10.000 metro karratuko lursail bat gordetzea erabaki zuen Gizarte Baliabideen Zentro berria eraikitzeko.

Bi erabakien ondorioz, herrian ditugun adineko pertsonen eskariak ondorengo erantzuna izango du epe labur, ertain eta luzera:

San Martin egoitza birmoldatzea Harzubian

Batetik, San Martin Fundazioak gaur egungo San Martin Egoitza handitu eta birmoldatzeko asmoa du eta erabaki horrekin gaur egun Azpeitian dagoen egoitza-plazen eskasiari erantzuna emango zaio.

Gizarte Zerbitzuetarako Zentro berria egitea Loiolako hiribidean

Bestalde, Azpeitiko Udalak erabaki du Gizarte Zerbitzuetarako Zentro berria eraikitzea Loiolako Hiribidean, bi fasetan, Esklabetako Lekaimetxearen inguruetan.

Horrela, bi ekimen eta borondateak elkartuz, epe labur eta ertainera konponbidea eman nahi zaio herrian ditugun adineko pertsonek gaurko egunean dituzten beharrei eta etengabe sortzen ari direnei.

Inbertsio eta irtenbideak epe laburrera

Batetik, San Martin Fundazioak bere instalazioak Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen betebeharretara egokitzeko eta egoitza-plaza eskaintza zabaltzeko asmoa du.

San Martin Fundazioak bere egoitza-plazen eskaintza 50etik 76ra handitzeko duen ekimen horrek gaur egun Azpeitian dagoen egoitza-plazen eskasiari erantzuteko balioko du.

Udalak baztertu egin du Fundazio horrek berak 120 egoitza-plaza arterainoko eta Eguneko Zentrurako 36 plazako handitzea egitea.

Udalak iristen dio San Martin egoitza kokatua dagoen 5.000 metro karratuko lursaila ezinezkoa dela neurri horretako handitze-lan eta kalitate-eta etorkizun- parametroetan egitea, fisikoki lekurik ez dagoelako. Esate baterako, ez daude aurreikusiak Zaintzapeko Apartamentuak...

Zein aukera ematen du leku horrek etorkizunean egin beharreko handitze lanak egiteko eta zerbitzu berriak jartzeko? Bide laburreko inbertsio izango litzateke, etorkizunari begiratzen ez diona.

Inbertsio irtenbideak epe ertainera

Bestalde, Azpeitiko Udalak Loiola Hiribidean Gizarte Zerbitzuetarako Zentro berria egitea bultzatuko du.

Etxe berri hori 10.000 metro karratuko lursail batean irekiko da, Esklabetako Lekaimetxearen inguruetan.

Lehenengo fase batean 40 lagunentzako Eguneko Zentroa, 20 lagunentzako Zaintzapeko Apartamentuak eta 60 egoitza-plaza egingo dira.

Etorkizunean, Zentro berri horretan zerbitzu berri gehiago jarri ahal izango dira eta gizartean sortuko diren eskabide berriei egokitu eta handitu, kalitate irizpideekin.

Alegia, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin egingo ditugu inbertsioak, herrian ditugun adineko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen kokagune bat sortzeko.

Inbertsioa eta irtenbideak epe luzera

Gizarte Zerbitzuetarako Zentro berriak etorkizunean beharko diren handitzeak egiteko nahikoa leku du lursail honetan behar denean, II. faseari ekingo zaio...

Gizarte Zerbitzuetarako Zentroa egiteko gordea dagoen 10.000 metro karratu inguruko lursailean lasai eta egoki jarri ahal izango dira, kalitatezko irizpideak betez:

  • Gutxienez 120 egoitza-plaza.
  • Eguneko Zentru eta Zaintzapeko Apartamentuetarako plaza gehiago, lehenengo fase honetan egindakoak baino gehiago behar badira.
  • Horiez gain, etorkizun aldakorraren ondorioz beharko diren zerbitzu berriak.

Gure erabakia oinarritzen duten arrazoiak

1.- Herrian ditugun adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioak egin

  • Gizarte Zerbitzuetarako Zentro berriak instituzioek darabilten eredu arkitektonikoa gainditu egingo du. Europa aldean azken garaietan zabaltzen ari diren ereduetatik hurbilago egongo da ohizko egoitza batetik baino.
  • Banakako gela zabalak izango ditu, bainugela eta guzti, kanpo aldera begira eta argitasun handikoak.
  • Berdegune eta ibiltzeko eta pasiatzeko gune zabalak izango ditu, bai aire zabalekoak bai estaliak.
  • Azpeitiko lekurik onenetariko batean egingo da.

2.- Epe luzera begirako inbertsioak egin behin betirako kokaleku egoki bat sortzeko, pausoz pauso eta etengabe Azpeitiko herriarentzat kalitatezko gizarte proiektu bat garatzeko.

Aukeren erkaketa, dirutan (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egiaztatutako parametroen arabera)

1. aukera. Baztertutako aukera. Egoitza 120 plazara handitu eta Eguneko Zentruaren 36 plazak egitearen kostua: 6.721.290 euro (BEZ barne)

2. aukera. Hartutako erabakiak. Egoitza eraberritu eta 76 plazara arte handitzeko proiektua: 1.927.525 euro (BEZ barne)

Eta Zentro berria, 60 egoitza-plazarekin eta Eguneko Zentroaren 40 plazarekin 4.988.520 euro (BEZ barne)

Guztira 6.916.045 euro (BEZ barne)

Aldea. 194.755 euro (BEZ barne) 32.404.505 pezeta (BEZ barne).

Ez da sartu Zaintzapeko Apartamentuen kostua (bi aukeretako diru-kopuru bera), ez eta garajeena ere (aukerakoak direlako)".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide