Azpeitiko Udalaren Euskara Plana azken txanpan sartu da

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 16a, 11:03

Udal Barneko Euskara Planaren bigarren urteko gestio plana onartu eta aurten "ia-ia bukatzea" aurreikusten dute (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak Udal barneko Euskara Planaren bigarren urteko gestio plana onartu berri du eta aurten plana "ia-ia bukatzea" aurreikusten du.

Euskal Autonomi Erkidegoko apirilaren 15eko 86/1997 dekretuak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu beharra ezarri zien herri-administrazioei, orduan, Azpeitiko Udalak udal barneko eus-kararen erabilera plana tajutzea erabaki eta horretarako bitartekoak jarri zituen.

Plana aurrera eramateko AEBEMET metodologia sortu eta hiru aldi nagusi bereiztu zituen. Dagoeneko, lehentasunak finkatu eta udal-langileentzako ekimenak proposatu eta hizkuntza irizpideak jarri ditu. 2003ko abenduan erabilera planaren garapenari ekin eta jarraipen batzordea sortu zuen eta 2004ko otsailean udal-langileak trebatzeari ekin zion Udalak.

Urtebete pasatu da eta Udal Euskara Patronatoaren esanetan, "urtebetean 14 udal-langilek bidea osorik amaitu dute eta 16 langilek bideari ekin diote baina oraindik amaitzeko zertxobait falta zaie". Urtearen bukaeran plana ia osorik amaituta egongo da, "2006.erako langile gutxi batzuk baino ez dira geratuko. Bi urte hauetan 40 bat udal-langilek jasoko dute trebakuntza eta urte amaieran guztiek gauza izan beharko dute beren lanpostuari dagozkien lanjardunak euskaraz egiteko. Langile bakoitzaren ibilbidea bere lanpostuari dagozkion lan guztiak txukun eta autonomiaz egiteko gauza denean amaituko da".

Helburuak

Planak bi helburu ditu: Udalaren lan-hizkuntza eta herritarrekin izaten dituen harremanak erabat euskaraz izateko modua izatea. "Behin plana martxan jarrita, Udaleko lanpostuei dagozkien zereginak betetzerakoan erabiliko den lan hizkuntza euskara izango da, administrazio atal guztiek euskarazkoak izan beharko dute eta. Herritarrekin ahozko zein idatzizko harremanetarako, aldiz, euskara zein gaztelania erabiliko dira. Herritar guztien eskubideak babestea baita plan honen egitekoa", diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide