Imanol Arregi: "Orduan soinua behar zen toki denetan"

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 18a, 17:03

Imanol Arregi 'Iturbide'. (Nerea Uranga)

Imanol Arregi Iturbide panderojolea omenduko du EITBk larunbatean, 19:00etan, kiroldegian (Urola Kostako Hitza)

Larunbatean, San Jose eguneko Trikiti Jaialdian Imanol Arregi Iturbide eta Kepa Arrizabalaga omenduko ditu EITBk. Trikiti saioa, 19:00etan izango da, kiroldegian. Loiolan, Iturbide baserrian egin zuen hitzordua Hitzak Imanol Iturbiderekin. Festa eta umore onaren zalea da, eta dantza eta antzerkia egitea ditu ere afizio ditu.

Omenaldia egin behar dizuela esan zizutenean, zer?

Lehenengo pentsamendua merezimendurik ba ote nuen izan zen. Omenaldia, azken batean, orain dela 30-35 urte zegoen umoreko jendea eta giro hura gogoraraztea da; ez ni pandero jotzaile bezala omentzea. Ordu haiek gogora ekartzea da poz ematen didana.

Noiz hasi zinen panderoa jotzen?

Osaba eta aita-eta ikusita. Ni mutil koskorretan ikusi eta uste zuten banekiela panderoa jotzen. 16 urte nituela, Urrestillan bat soinua jotzen ari zen eta ondoan panderoa zuen, behartu egin ninduen eta automatikoki jotzen hasi nintzen, instintoa nuen fandangoa jotzeko eta moldatu egin nintzen. Arin-arina, ordea, ezin nuen jo. Hamar senideetatik zortzik edo bederatzik berezkoa dugu. Ni gaztea nintzenean, erromerietan, soinujoleak panderoa eramaten zuen, baina ez pandero jotzailerik, eta pixkat zekien hari ematen zion. Orduan hiru bat pieza jo eta gero dantzan egiten nuen, nahiago nuen dirua baino dantzan jardutea.

Dantzazalea izan zara orduan?

Horregatik ez nintzen hasi ni 20 urte arte panderoa jotzen. Nola egongo nintzen ni orduan soinujole baten ondoan, ezta lotuta ere! Ez nuen ontzat hartzen, gero egun batean konturatu nintzen arte.

Eta noiz hartu zenuen benetan panderoa?

Soldaduskara joan eta han soinujole aiar batekin hasi nintzen ikasten. Orduan panderoa osaba Miguelek lortu zidan Elosuko baserri batetik. Geroago, Loiola irratiko Joxe Mari Iriondok txapelketa antolatu zuen Donostian, berak soinujolea eta panderoa lortu zizkidan eta han jo nuen. Han pandero jotzaileentzat saria zegoen eta neuri eman zidaten. Gero, Enrike Zelaia soinujolearen diskorako grabatzera Bartzelonara ere joan nintzen; orduan ere Elosutik panderoa ekarrita. Artean ere ezin nintzen serio hasi. Baina, 36 urtera inguratu nintzenean, Lajak hasi beharko nuela esan eta halaxe hasi nintzen. Zarauzko Euskal Jaietara ere urtero joaten nintzen osaba Joxemai eta Sakabirekin.

Eta zeuk zeure lehengo panderoa noiz eduki zenuen?

.36 urterekin. Bitartean batenarekin edo bestearenakin. Igandero pieza batzuk beti jo izaten nituen, Pikuarekin ere ibili nintzen hemen Loiola bailaran, Santa Eskeko kontuetan-eta, baita neure kintoa nuen Oiarzabalgo IƱakirekin ere. Behin, IƱakik panderoa oparitu zidan Santa Eskean ibiltzeko, baina atzera hari entregatzen nion berak behar zuenerako.

Soinujole fijorik eduki al duzu?

Hasiera Lajak eman zidan, harekin urte mordoxka egin nituen, baina urte gehien Epelderekin egin ditut.

Diskoak ere badituzu.

Lehenengoa Lajarekin egin nuen. Lajarekin eta Epelderekin abestuta eginda dauzkat. Enrike Zelaiarekin beste bat, Martinekin ere bai. Auntxa zenari ere lagundu nion eta gero osabaren irudia jarri han, biak elkarrekin ibiltzen zirelako.

Abestu ere egin izan duzu diskoetan.

Badut istorio bat. Soreasun behin jaialdi bat antolatu zuten. Aurretik Uztarrinean afaldu genuen eta han Soreasun abesteko eskatu zidaten. Mikrofono aurrean jarri eta zera esan nuen: "Hortik diote Iturbidek eztarri txarra daukala, baina hor jendea ez dabil ondo, eztarria oso ona dauka Iturbidek. Afaltzen ikusi bazenuen sagardoa nola pasatu zaion eztarrian behera, ikaragarri erraz pasatu zaio, harek daukana txarra ahotsa da". Egia da hori: eztarria ona, baina ahotsa txarra. Hor pixkat sufritu dut.

Orduan trikitia eta erromeria zen nagusi, gaur egun, berriz...

Bederatzi egun izan ditugu bederatzi leku desberdinetara joandakoak eta. Garai hartan soinua behar zen toki denetan eta erromeria nonahi; bakarrik, Garizuma izaten zen isilik egotekoa. Garai hartan soinujole gutxi zen, eta gaur egun, berriz, soinujole gazte onak eta asko daude eta gutxiago behar dira lehen baino, pena hori da. Soinujole gazte asko hor ari dira ikasten, baina beren adinekoek... Nafarrek erran ohi duten bezala, ez dute maite.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide