Martxoaren 20tik aurrera zer?

Dorleta Odriozola (Habea herri plataformaren izenean) 2005ko mar. 21a, 17:03

Ba omen dator Korrika! Bi urtetik behin ohitura bihurtu den bezala, Korrika Euskal Herri osoan barrena etorriko da aurten ere...

Ba omen dator Korrika! Bi urtetik behin ohitura bihurtu den bezala, Korrika Euskal Herri osoan barrena etorriko da aurten ere, kilometroz kilometro txanda emanez, helduen alfabetatze eta euskalduntzeak behar duen arnasa hartu dezan. Zoritxarrez Euskal Herrian korrika gehiegi egin behar izan dugu inposatu nahi izan zaigun patuari ihes egiteko. Zorionez, ordea, inoiz baino osasuntsuago gaude orain, amestu izan ditugun helburuak erdiesteko. Hasieran aldarrikapena egin eta helduen euskalduntze eta alfabetatzeko herri ekimenarentzako beharrezko sosak ateratzeko helburuz sortu zena, ordea, euskararen aldeko lanean jarduteko ahaztu ezinezko ikasgaia bihurtu da. Bakoitzari tokatzen zaion gune edo tartean, euskararen aldeko lanaren lekukoa hartuta, bidea irekitzen, ondoren hurrena dugunari txanda emanez, helburura iristeko denok beharrezkoak garela erakutsiz. Nahiz eta ez den erraza izan, badirudi Korrikak bere tokia irabazi duela, berdin gertatzen ote da euskararen aldeko lanarekin?

Bi urtetik behin eragile gehienek bat egiten dugu Korrikaren lekukoa eramaterakoan, baina martxoaren 20tik aurrera zer? Aurtengo kurtso honetan izan dugu nahikoa gorabehera. Badirudi gainditu ezinezko ikasgaia dela hau. Aurtengo honetan HEBE edo Bai Euskarari egiaztagiria aukeratu bihurtu da eztabaidaren muina. Edo hori saldu nahi izan zaigu behintzat. Duela urte bat Uztarriak (euskalgintzako eragile gehienak biltzen dituen taldea) eta Udalak (herritar guztion diruak kudeatzen dituen erakundeak) akordio bat lortu zuten euskararen normalizazio eta biziberritzearen elkarlanerako. Urtebete ondoren ordea akordio hau apurtua dago. Ez zaigu berria egoera hau. Orain lau urte euskalgintzako eragileek eta Udalak Bai Euskarari akordioa sinatu eta euskararen normalizaziorako elkarlanerako akordioa sinatua zuenean, PNVk eta EAk akordioa apurtu eta urteetan gastatu zen diru kantitate handienarekin EBPNren aurkezpena egitea erabaki zuen. Lau urte beranduago, berriro herriko euskararen indarrak batu genitzakeenean, PNVk eta EAk akordioa apurtzearen arriskuari batere jaramonik egin gabe, HEBEren aldeko apustua egin du akordioaren gainetik, Udalak eduki behar duen protagonismoa akordioaren gainetik ezarriz. Hau gutxi balitz, aholku batzordea aurrez erabakitako planak aurkezteko gune soila bihurtu da, eragile ezberdinen artean akordioak eta bideak zehazteko baino. Udalak jokatu behar duen paperak duen garrantzia handia da, azken finean Udalak kudeatzen ditu herritar guztion diruak, eta guztion ondasuna den euskararen normalizazioan Udala ezinbestekoa bihurtzen da. Baina eragile guztiak bere itzalpean eduki nahi izatea akats bat da. Euskarak, inposatu nahi izan zaion heriotza zigorrari ihes egitea lortu badio, denon lanari esker izan da eta herri ekimenaren garrantzi bereziaz. Orain, euskararen normalizazioaren bidean, egin dezagun korrika, lekukoa elkarri pasatuz, bakoitzari tokatzen zaigun zatian indar bereziak eginez eta atzean inor uzten saiatu gabe. Aurten ere Korrika! Ni ere bai! dorleta odriozola (HABea herri plataformaren izenea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide