Luis Mari Gurrutxaga Nuarbe Sokatira Elkarteko presidentea da. Aldaketa 16 aldizkariak elkarrizketa egin dio, eta bertan Nuarberen historiari errepasoa emateaz gain, euskal sokatirak duen etorkizun "beltzaz" ere aritu da. Jarraian dago elkarrizketa osorik:
"Lur gaineko sokatiraren habia naturala da Azpeitiko Nuarbe auzoa. Arrunt ezaguna da izen bereko elkartea Euskal Herrian zein nazioartean. Luis Mari Gurrutxaga, Nuarbeko presidentea, ez da inoiz tiralaria izan baina 1984tik "beti saltsan ibili naiz", dio. 54 urteko frantses eta euskarako irakasle hau harro dago Nuarbeko sokatilarari galaktikoekin, eta sokatirarekiko esker onekoa bada ere, "mundua ezagutzeko aukera eman baitit", ez du momentuz sokatira kirol olinpiko iusten, "ezta Madril 2012an ere".
Kristo Aurreko 500. urtean jada sokatira ezaguna zen. Nuarbetarrik ba al zen tartean?
Duela 2.000 urte ere, antzinako Egipton aritzen ziren. Gu sokatiran hasi ginenean ez genuen askorik uste, baina sokatira mundu guztian hedatuta dagoen kirola da. Sokatiraren historia arakatu ondoren gauza oso bitxiak topatu ditugu. Indonesiako zenbait irletan hurrengo egunetan zer eguraldi egingo zuen erabakitzeko lehiatzen ziren: talde bat hezearen ordezkaria zen eta bestea berriz, lehortearena. Antza, ondorengo sei hilabeteetan, talde irabazlearen eguraldia egiten ei zuen.
Britainia Handian 1880an Zalean Elkarte Atletikoa sortu zen. Atletismo diziplinatuak, lasterketak, saltoak, pisu jaurtiketa eta sokatira ziren.
Ondoren sokatiralariak euren federazioa sortu zuten eta horren adierazle kirolak Ingalaterran duen pisua. Ingelesak kolonialistak izanik munduko hamaika bazterretan ibili dira eta horri "esker" sokatira ere bazter guztietara eraman dute. Teknika berezia dute gainera, tiralari argalak, zango luze eta finekoak, eta iraupen handiko tiraketak izaten dituzte gogoko.
Eta nuarbetarran gatza nondik dator, Britainia Handitik, Egiptotik...?
Berezkoa dugu, burugogor samarrak baikara. Duela 20 urte edo, egun laguna dugun Jimmy Knight ingelesa ekarri genuen sokatirako teknikak ikastera, eta orain "erakutsi nizuen baina hainbeste ikasi duzuenez, zuengana joan behar dugu" esan izan du. Errespetu guztiz, maisu bihurtu gara, horren lekuko da nazioartean dugun sona. Iraunkorrak izan ezean ez dago lorpenik.
1900 eta 1920 bitartean, sokatira Parisko, San Luisko, Londresko, Estokolmoko eta Anberesko Olinpiar Jokoetan kirol olinpikoa izan zen.
Egun, zoritxarrez, tokitan gaude. Gero modalitate batzuk kendu egin zituzten eta horietako bat sokatira izan zen. Egun, antza, saiakerak egiten ari dira baina beste kirol batzuek, golfak esaterako, aukera gehiago dituztelakoan nago.
Azpeitira joz, antza, Gerra zibilaren atarian, 1935ean, Keixeta Urrestillako aizkolari ospetsuak Euskal Jaietarako azpeitiarrak sokatiran entrenatu eta oiartzuarrak mendean hartu zituzten.
Gure grina ez da gaur goizekoa, halere, gerra ostean galtzear egon zen. 1976an hasi zen sokatira antolatzen federazioa mailan, ez baitzegoen ordura arte arautua. Orduko tiralarien irudia, zenbat eta handiagoa, orduan eta hobe zen.
Bi modalitate daude, goma gainekoa eta lur gainekoa. Horien baitan ere ba dira beste bi modalitate: laukoa (4x4), modalitate nahiko berria, eta zortzikoa. Nuarbe, lur gainekoan, jaun eta jabe da.
Halere, ekin, frontoiko zoluetan hasi ginen eta. Goma gainean, 1991n, Munduko Txapelketa eskuratu genuen. Baina une batean modalitate bati edo besteari heldu beharra suertatu zitzaigun eta lurrekoaren alde egin genuen; urte osoan bi modalitatean aritzea arrunt zaila baita.
Lurrak, gomarekin alderatuz, teknika gehiago eskatzen al du?
Bai noski, tiraldiak luzeagoak dira eta lehietan ika-mika gehiago izaten dira. Lurrak aukera gehiago eskaintzen du adibidez, taktikak lantzeko; beteranotasuna oso garrantzitsua da. Epaileak ere garrantzia handia du: adibidez tiraldietan belauna 90 gradutan baino gehiago okertuz gero, zigorra ez da urrun. Sinplea dirudi, baina konplexua da ondo tiratzea.
Ruth Cayero, Badaiotz sokatira taldeko tiralariaren ustez: "teknika ezinbestekoa da gero indarrean isla izan dezan".
Guztiz ados nago. Tiratzerakoan, maniak edota akatsak zuzentzea asko kostatzen da. Halere teknika ona eskuratuz emaitzak heltzen dira. Ingelesek dioten bezala, eta maisuak dira honetan, tiralarari batek bospasei urte igaro behar ditu sokan ikasten.
Lokarriaren muturrean dagoen atzelariaren lana garrantzitsua da oso.
Posturik zailena baita. Taldeko tiralari sendoena izaten da, zutabea eta atzelaria lurrera erortzen badira gainontzekoak ere ez dira urruti ibiltzen. Erdialdean egoten den tiralaria ere garrantzitsua da, berak mantentzen baitu soka altuera jakin batean. Esperientzia handiko tiralariak izaten dira biak.
Sokatiran erabiltzen dren botak berebiziko garrantzia dute Ronaldhinok saltzeko oraindik iragarkirik egin ez badu ere.
Kirol guztietan bezala berrikuntzak nahiko maiz ikusten dira. Hasierako urrats haietan zapatari batek "neurrira" egin zizkigun botak; gero Ingalaterratik sorta bat ekarri genuen. Orain Finlandiatik ekarritako botak erabiltzen ditugu, izotz gainean patinatzen erabiltzen direnak; beheko burdina kendu eta IƱaki Altunak, entrenatzailea eta zapataria, epaileen arauen arabera egokitzen ditu. Japoniako etxe batek jada, goma gainerako zapatilak atera ditu eta garestiak omen dira.
Eskuetan erabiltzen dituzten erretxina eta magnesioa batzuetan ez dira aski izaten ezinari aurre egiteko.
Osagarri bezala primerako laguntza da baina prestaketa da oinarria.
Ba al dago babarik gabeko sokatiralaririk?
Babak irteten bazaizkio oso gutxi entrenatu duen seinale. Nuarbeko sokatiralariak, oro har atzapar onak dituzte. Lehen tiraldiak maiatzean izaten dira eta aurki hasiko dira lanean, beraz baba kontu hori hasieran bai, baina gero ez da onartzen.
.1978ko urrian jaio zen Nuarbe taldea eta urte hartan bertan, Agurainen jokatutako Euskal Herriko Txapelketan, txukun sailkatu zineten.
Oraindik taldean diraute orduko entrenatzaileak eta bizpahiru tiralarik. 720 kilotan bosgarren sailkatu ginen baina garaipena eskuratzearen pare izan zen; abiapuntu paregabea.
Lur gainean hasi aurretik, bi urte eliz azpiko zoruan entrenatu zenuten.
Egun estalpe bat dugu entrenatzeko baina aurretik egoera kaskarrean ibili ginen urtetan. Mutilak izugarri miresten ditut, 8 edo 9 orduz lanean aritu eta gero sokatirarekiko horrelako grina erakustea, izugarria da! Palmaresari begira jarriz gero 1981. urtetik hona Euskal Herri mailan parte hartu duen pisu guztietan txapelduna izan da Nuarbe. 1991n, 560 kiloan nazio mailan lehen txapela lortu genuen eta 1999 urtera arte ez genuen pisu horretan galdu. Hori ez du mundu osoan inork lortu, eta ez dakit lortuko duen.
Halere, 1980an nazio artean lehiatzen hasi zinetenean, Suitzan ezusteko itzela lortu zenuten; 14 taldeetatik, 12. amaitu zenuten. Baita fisikoki erabat jota ere.
Esperientzia gogorra bezain ona izan zen. Uste batekin joan eta beste ikuspuntu batekin itzuli ginen. Dena berria izan zen; tiralari gehienek eskua hondatuta amaitu zuten. Gogoan dut irudi bat, tiraketa bat amaitu eta denak lurrean jota ikustea. Gu, orduan, pilotalekuetan aritzen ginen eta tiraketa bakoitza bizpahiru minutukoa izaten zen hemen, han berriz, lur gainean, hortik gorakoak. Ezjakintasunaren adibide garbia izan zen hura, baina, harrezkero, asko ikasi dugu.
Apirilaren 28an Nuarbek 28 urte beteko ditu. Duela hiru urte 25, urteurrenean museoa zabaldu zenuten.
Garai batean trofeoak taberna batean gordetzen genituen baina 1991n erre egin zen; garaikurrak berreskuratu ahal izan genituen.Gure egoitza, eskola zaharra zena, auzolanenan egokitu genuen eta bertan bilduta ditugu trofeoak, 300dik gora, baita munduan zehar bildutako oroigarriak ere. Sokatiraren inguruko bilduma bat ere badugu, argazkiz jantzia. Arlaukas errusiar zine zuzendariak, 1993an jarraipena egin zion Nuarberi, baita dokumental bat egin ere: film hori, gure harribitxia da.
Nuarbe auzoan festetan sokatirarik ezean, ia ez dago jairik.
Egia da, nahiko hanka motz geratuko lirateke eta ohiko ekitaldia da; sokatira ligako lehenengo jardunaldia bertan hasten da.
.640 kilotan ez duzue areriorik, jarraian 24 txapel erdietsi baitituzue.
Nuarbe errege izan da 540 kilotan eta kilo horietan 1981etik hona ez dugu txapelketarik galdu.
Zein izan da ikusi duzun tiraldi luzeena?
.1997an, Nuarberen urterik oparoena, Wold Games jokoetan Irlandaren aurka 22 minutuko tiraldia jokatu genuen Jersey uhartean. Psikologikoki ere hainbeste denbora lokarrian egotea ez da erraza.
.2001eko Japoniako Mundialean, Sakanako emakume sokatiralariak urrezko domina eskuratu eta Espainiako ereserkia entzun aurretik, podiumetik jeitsi egin ziren. Hargatik, TWIFek (Nazioarteko Sokatira Federazioa) sutan jarri zen.
Ordura arte ere gauza nahasia zegoen baina harrezkero euskal sokatirarentzat egoera okertu egin zen. Ordura arte, nolabaiteko akordio batean oinarriturik, "Spain" izenpean atera arren, gure elastikoari esker, nongoak ginen adierazten genuen. Baina 2001etik hona gauzak okerrera egin du.
Eztaibada sakonak izan al zenituzten Nuarben Estatuko selekzioarekin parte hartu edo ez erabakitzeko orduan?
Baldintza horietan parte hartzeak ez duela merezi erabaki genuen. TWIFeko presidente Co Koren, nederlandarra pertsona nahiko burugogorra eta "diktadore" samarra da eta ingurukoek ez dakit zer indar duten, bere esanetara daude erabat. Duela hiru urte, gure 25. urteurrena ospatzeko talde batzuk gonbidatu genituen, eta eurak onartu zituten Co Koren aldetik presioak izan zituztela ez etortzeko. Etorkizun beltza du euskal sokatirak.
Duela aste bi goma gaineko nazioarteko lehen sokatira lehia antolatu zen Durangon. Batzuk defendatzen duten "mundial paralelo" baten lehen urratsa izan al daiteke?
Agian, baina gauza bat da euskaldunok zer nahi dugun eta bestea, besteek nola ikusten gaituzten. Guretzat izan daiteke mundiala, baina besteek berdin pntsatu ezean... Egungo trabetariko bat, nazioartean parte hartzen ez badugu mailaz jaisteko arriskua da.
Koldo Alduntzin kazetariaren aburuz, sokatirako saioak hiru eta lau ordukoak izateak ikuslea hurbilarazteko traba direla dio.
Guztiz ados nago. Nazioartean lehietara sendi osoak otordu eta guzti joaten dira txapelketak ikustera. Guk formula apropos bat aurkitzea, ez da erraza izango.
Beste Koldo batentzat, Aldalurrek, sokatira, "dirurik ez baina ohorea gainezka duen kirola" omen da.
Hala baita benetan. Raul Bilbao eta Pedro Arrekoetxea taldeko bi sokatiralari dira eta azken hiru urteotan, bata Getxokoa eta bestea Erandiokoa izanik, egunero 160 kilometro egiten dituzte entrenatzera etortzeko. Ez da halakorik kirol askotan ikusten."