Bai Euskarari Ziurtagiriaren 2005eko egutegia, prest Azpeitian

Uztarria (Euskara Taldea) 2005ko api. 2a, 14:04

  • Uztailean egingo da ziurtagirien banaketa ekitaldia
  • Uztarriak martxoan ekin dio agiria duten eragileen jarraipena egiteari; Azpeitiko euskalgintza 2003tik ari da horrekin

Orain dela hiru bat hilabete eten zen Azpeitiko Udalak eta Uztarria Kultur Koordinadorak euskararen normalizaziorako zeukaten hitzarmena (Uztarriaren ustez, Udalak akordioa "urratu" egin zuelako eta ez zuelako bete), eta Uztarriak, Kontseiluarekin elkarlanean, lehendik zeukan planari segitu dio: Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiria lantzeari.

Joan den martxoaren 3an ehundaka lagun elkartu ziren Bai Euskarari Ziurtagiriaren urteroko ekitaldi nagusian Donostian, Kursaal Jauregian. Ekitaldi horretan Kontseiluak Euskal Herri mailan lan egiten duten erakundeei banatzen dizkie ziurtagiriak. Martxoaren 3an hainbat erakunde esanguratsuk jaso zuten euskararen alde hartutako konpromisoa adierazten duen agiria: Athleticek, Asegarcek, Berria-k, Hitza egunkariek (tartean Urola Kostako Hitza-k), Eroski...

Zabala da gaur egun ziurtagiri honek euskal gizartean duen oihartzuna, ia 900 agiri baino gehiago banatu baitira dagoeneko, eta urtez urte handituz doa euren zerbitzuak euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartzen duten eragileen kopurua.

Azpeitian 44 eragilek dute ziurtagiria

Era berean, Bai Euskarari Ziurtagiria herri mailan ere ari da garatzen. Azpetian 2003. urteko apirilean ekin zion Baite Euskara Elkarteak (orain Uztarria Kultur Koordinadorak) Bai Euskarari prozesua garatzeari, Kontseiluak euskararen normalkuntzarako hasitako bidearekin bat eginez. Harrezkero, Azpeitiko 44 entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria, euskararen aldeko ahaleginaren aitormen gisa.

2005ean ere Uztarriak Kontseiluarekin elkarlanean orain arte herrian egin duen bideari helduko dio. Azpeitia herri euskalduna da, baina hutsuneak ere badaude, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren prozedurak herriko jarduera eta sektore ezberdinen hizkuntza irizpideak errotzeko balio duela frogatu du epe laburrean. Emaitza onak biltzeaz gain ziurtagiriak herritarron euskararekiko sentsibilizazioa areagotzea lortu du.

Aurtengo egutegia

Martxoa. Uztarriak, 2005ean, martxoan ekin dio Azpeitian ziurtagiria duten eragileen jarraipena egiteari.

Apirila. Era berean, Uztarriak ziurtagiri gehiago lortzeko eragite lana egingo du apiriletik aurrera.

Ekaina. Eragileen ebaluazioa ekainean egingo du.

Uztaila. Uztailean herriko banaketa ekitaldia egingo du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide