Gazteek euskara nola erabiltzen duten aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Ttakun elkarteak Sustatu.com web gunetik jakin denez. Apirilak 6 eta 7 artean bi mahai inguru eta lau hitzaldi izango dira.
"Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen", dio Jaime Altuna Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako kideak. Hori eta beste arrazoi batzuk tarteko, "egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi da jardunaldiotan eta gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen eta ideia zehatzak luzatu nahi dira. Helburua, euskarazko gazte hizkera bizia sustatzeko urratsak ematen hastea da", dio Sustatu-n.
Ekitaldiak
Honakoak dira antolatu diren ekitaldiak eta parte hartuko dutenak:
Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia, hitzaldia. Kike Amonarrizek emango du.
Gazte hizkeraren ezaugarriak, hitzaldia. Imanol Esnaola gazte hizkeraren ikertzaileak emango du.
Gazte hizkera areagotzeko bideak, hitzaldia. Estibaliz Amorrortu, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako irakasleak emango du.
Euskarazko gazte hizkera telebistan, hitzaldia. Asier Larrinaga Euskal Telebistako euskara saileko buruak eskainita.
Gazte hizkera eskolan eta aisialdian, mahai ingurua. Parte-hartzaileak: Esther Mugertza (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko euskara zerbitzuko kidea), Juan Manuel Etxeberria (irakaslea eta idazlea) eta Erramun Osa (Euskal Herriko ikastolen konfederazioko kidea).
Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan, mahai ingurua. Parte-hartzaileak: Goizeder Taberna (Xirika gazte kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekarikoa), Alberto Irazu (Gaztetxulo hilabetekariaren izenean) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria)
Ordutegia eta tokia
Ekitaldiak ordutegi hau izango dute:
Apirilak 6, asteazkena: 9:00etatik 14:00etara eta 16:etatik 18:00etara.
Apìrilak 7, osteguna: 9:30etik 14:00etara.
Bi lekutan egingo dira jardunaldiak: batetik Gazteen topalekua Euskara Patronatuak dituen lokaletan, eta bestetik, helduen topalekua Enparanen.