Parte hartze handia gazte hizkera aztertzeko ekimenean

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 7a, 20:04

Atzo hasi ziren jardunaldiak, Enparan dorrean, 200 parte hartzaile ingururekin (Urola Kostako Hitza)

Enparan dorretxeko areto nagusia beteta zegoen atzo gazte hizkerari buruzko jardunaldien hasieran. Euskal Herriko herri desberdinetatik etorritako 200 gazte eta heldu bildu ziren, antolatzaileen eta Azpeitiko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen aurkezpen ekitaldian eta Kike Amonarrizek Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantziaz emandako hitzaldian.

Urtxintxa Aisialdi Eskola eta Ttakun elkartea dira antolatzaileak. "Azpeitian egitea proposatu ziguten, interesgarria iruditu eta bultzatzea pentsatu genuen", zioen Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak.

Eusko Jaurlaritzatik Patxi Goenaga, Hizkuntz Politikako sailburuordea etorri zen. Aretoa hain beteta ikusita "harrituta" zegoela azaldu zuen. "Hizkuntza normalizatuko bada, aurrena hiztunak behar baititugu. Gauza bat hizkuntza jakitea da, eta bestea, omen dakien hori erabiltzen ote duen. Erabilera ez da hain nabarmena; ezagutzak egiten duen gorakadari ez dio erantzuten".

Euskara natural sentitzea lortu behar dela gaineratu zuen Goenagak: "Euskararen nolakotasunean, kalitatean esfortzu berezia egin dugu, baina azkenean euskara natural sentitzea lortu behar dugu, eta ez dakit horretaz gehiegi arduratu garen".

Azkenik, aurkezpenean, Urtxintxa Aisialdi Eskolako koordinatzailea den Juan Inazio Orexak hartu zuen hitza. Urtxintxa eta Ttakun haur eta gazteen aisialdian euskararekin bat egiteko ahaleginean lanean urteetan dabiltzala esan zuen , "hori izan da gure kezka nagusia". Duela 10 urte, euskarazko haur jolasen bilketa egin zuten: "Gainera, haurrei eta irakasleei zuzendutako ikastaroak eman eta cd-rom bereziak atera ditugu". Orain dela lau urte, berriz, euskarari modu zehatzean heldu zioten: "Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa jarri genuen martxan". Orain Euskal Herri osora hedatu dute, "inportanteena, euskararekin ondo pasatzea baita".

Egin duten azkena, atzo hasi eta gaur amaituko diren gazte hizkerari buruzko jardunaldiak dira. "Egungo gazte hizkeraren egoera aztertzea, euskararen normalizazioan duen garrantzia eta etorkizuneko es-trategiak jartzea da helburua. Baina ez dugu azterketan bakarrik gelditu nahi, etorkizuna irudikatu nahi dugu. Oinarri berri batzuk jarriz, gure praktika horretara egokitzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide