Indartzeko konpromisoa

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 8a, 19:04

Bi egunetan hitz egin eta eztabaidatutakoaren inguruko ondorioak azalduz bukatu ziren atzo Gazte Hizkerari buruzko jardunaldiak (Urola Kostako Hitza)

Gazteek gazte hizkera erabili, indartu eta garatzeko konpromisoa hartu dute egunotan Gazte Hizkerari buruzko jardunaldietan.

Horixe azaldu zuten atzo, parte hartzaile guztien aurrean Enparan dorretxean. Euren buruari horixe eskatu zioten, baina administrazioari, komuni-kabideei eta eskolari ere eskaerak egin zizkioten gazteen izenean, Karmen Martinez de Lejarza azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria gasteiztarrak. "Administrazioari, gazte hizkera bultzatzeko programa ezberdinak diseinatu eta martxan jartzea eskatzen diogu. Komunikabideetako langileak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formatu beharko lirateke. Gero, telesailak, aldizkariak eta abar sortu, non gazte hizkera era naturalean erabiliko den. Irakaskuntzari, gazte hizkera ez dugu irakaskuntzarekin lotzen, baina ondo ikusten dugu gai hauek zeharka lantzea eta horretarako saioak eta hitzaldiak antolatzea".

Gaur egungo gazte hizkeraren egoera ere aztertu zuten gazteek. Haien esanetan, gaur egun kokapen geografikoaren arabera, gazte hizkeraren ezagutza eta erabileraren artean ezberdintasun handiak daude, baita hiri eta herri handi eta txikien artean ere. "Hiri handietan euskararen erabilera baxuagoa da eta gazte hizkera apenas dago, kalekoa, etxekoa eta eskolakoa berdina da. Herri txikietan ordea, ezberdintasuna nabari da". Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna ere eskatu zuten gazteek. "Euskara ezin badugu erabili, nekez indartuko baitugu gazte hizkera", zioten.

Garrantzizko kontuen artean, gazte hizkerak kalean sortu eta gazteek indartu behar dutela nabarmendu zuten: "Gazte hizkera nortasuna bultzatzeko nahitaezkoa da". Bestetik, euskarak erdarek bezainbeste termino edo erregistro ez dituela adierazi zuten gazteek, "edo behintzat ez dugu ezagutzen".

Gazteek ateratako ondorioak azaldu ondoren, hitzaldi eta mahai-inguruetan azpimarratutakoaren berri eman zuten, labur, antolatzaileek. Eta, ondoren, jardunaldiei bukaera emateko, galdera-erantzunen txanda izan zen. Gazteak animoso zeuden, eta hizlari. Helduek galdetutakoei erantzunez eta haien usteak eta iritziak azalduz, eskurik esku zebilen mikrofonoaren aurrean.

Atzo eguerdiaz geroztik gazte hizkerari buruzko hausnarketak sendoagoak dira. Orain, hitz egiten segitu behar.

'Berria'n

Gaur (ostirala) Berria egunkariak ere jardunaldiei buruzko albistea egin du. Irakurri Berria.info web gunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide