Azpeitiko Udalaren eta Kontseiluaren arteko euskararen normalizaziorako lankidetza hitzarmena ere eten egin da, akordioaren berrikuspena egitean ez direlako ados jarri. Urtarrilaren 4an Udalak eta Uztarria Kultur Koordinadorak eten zuten euren arteko hitzarmena, desadostasunak zirela eta. Udalak eta Kontseiluak iaz, martxoaren 25an sinatu zuten lankidetza, baita Udalak berak eta Uztarriak ere.
Orduan, akordioan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean uztartzeko "prestutasuna" azaldu zuten Udalak eta Kontseiluak. Eta elkarlanean, herriko enpresa eta erakundeen artean Bai Euskarari Ziurtagiria (BEZ) "sustatuko" zutela sinatu. Ziurtagiriaren sustapen lana bera izan da hausturaren arrazoi nagusia, eta Udalak bere agiri bat erabili izana: HEBE.
Hain zuzen, Udala 2004an EBPNren barruan Hemen Bezeroarekin Euskaraz (HEBE) aitormen-agiria erabiltzen hasi zen, eta Uztarria ez zen ados agertu Udala aipatutako hitzarmenen ondoren HEBEri ematen hasi zitzaion erabilpenarekin, "azken batean, ziurtagiri gisa erabiltzen hasi zelako, ez aitormen-agiri bezala, eta Azpeitian bi ziurtagiri izatean jendearen artean nahasmena sortzen hasi zelako. Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiria HEBE baino lehenago dago martxan, Uztarria 2003ko martxotik ari da herrian BEZ sustatzen, eta Udalarekin euskara akordioa egin zenerako Azpeitiko 36 eragilek zuten BEZ eta gaur egun 44k dute". Udalak, ordea, Uztarriaren ustez, HEBEri ziurtagiri funtzioa ematen segitu zuen Euskal Herrian beste inon ez dago HEBE eta horrek bien etena suposatu zuen.
Uztarriaren eta Udalaren artekoa eteteak eragina izan du Udalaren eta Kontseiluaren arteko hausturan. Izan ere, Azpeitian Uztarria ari da BEZaren sustapen eta jarraipen lana egiten, eta Kontseiluak hitzarmenean euskararen normalizazioan eguneroko lanean euskalgintza egon zedin eskatzen zion Udalari.
Udala eta Kontseilua saiatu dira hitzarmen berritua egiten, baina ez dute akordiorik lortu. Kontseiluak proposatzen zion "BEZaren sustapen lana Uztarria elkarteko teknikariek" egin beharko luketela, "eta horretarako, elkarlan hitzarmena adostuko dute Azpeitiko Udalak eta Uztarriak". Bestetik, Udalari eskatzen zion BEZaren sustapen eta jarraipen lanak egiteko "beharrezko baliabide ekonomikoak jartzeko, euskararen normalizazioan euskalgintzak eguneroko lanean egon behar duelako". Baina Udalak ez du onartu Kontseiluak proposamen berria.
Uztarriak eta Kontseiluak lanean dihardute Azpeitian
Uztarriak eta Kontseiluak Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean segitzen dute, 2003an hasitako bideari segituz. Azpeitian ziurtagiria duten eragileen jarraipena egiten ari dira, ziurtagiri gehiago lortzeko eragite lana egiten ere bai, eta uztailean herriko banaketa ekitaldia egingo dute.