'Emakumea pilotari' egitasmoa bultzatuko du Azpeitiko Udalak

uztarria 2005ko api. 18a, 19:04

Gipuzkoako Euskal Pilota Elkarteak sortutako ekimenak nesken artean pilota sustatzea du helburu

Iraurgi eta Ikasberri ikastetxeetako frontoietan eskainiko dira ikastaroak

Emakumea eta pilota elkar hurbiltzeko egitasmoa abian jarri du Gipuzkoako Euskal Pilota Elkarteak. Horretarako udaletxeen laguntza izango du, eta horien artean Azpeitikoa aurkitzen da.

Helburua "eskola adineko nesken artean kirol honen (eskua eta pala) praktika sustatzea" dute, eta horretarako hiru bide erabiliko dituzte. Eskola kirola, jolas kirola eta kirol federatua.

Eskola kiroletan pilota sustatzea nahi da, eta etorkizunean ere jarraipena izatea. Horretarako, sustapen jarduerak, lehiaketa saioak eta ekintza bereziak antolatuko dituzte.

Jolas kiroletan Eskuz Gipuzkoako Txapelketa Herrikoia batetik, eta bestetik, herriko festetan emakumeentzako pilota jarduerak antolatu nahi dira, emakumearen parte-hartzea sustatzeko.

Eta kirol federatuetan, berriz, "batetik, emakume pilotarien kolektiboa proiektuan inplikatu nahi da, egitasmoak bultzada berezia izan dezan. Bestetik, azken denboraldietan emakumeekin nolabaiteko dinamika daramaten pilota elkarteak inplikatu nahi dira, eta azkenik, diskriminazio positiboa ezarri nahi da, GEPEko Batzar Orokorrean eta Zuzendaritza Batzordean emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz".

Oraingoz, proiektua 2007ra arte garatzea erabaki dute.

Ikastaroak

Eskuz eta palaz aritzeko 4 ikastaro antolatu dituzte eta entrenatzaile eta begiraleak egongo dira bertan. Asteartetan eta ostegunetan emango dira ordu, egun eta ikastetxe hauetan:

  • Iraurgi Ikastetxean, asteartetan, 17:15etatik 18:15etara. Apirilaren 26an eta maiatzaren 3, 10 eta 17an.
  • Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara. Apirilaren 28an eta maiatzaren 5, 12 eta 19an.

Izena eman nahi duenak bere ikastetxeko kirol arduradunari esan behar dio, apirilaren 22a baino lehen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide