Amagoia Aizpuru: "Herri bakoitza mundu bat da, eta gurasoen kezkak ere desberdinak dira"

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 22a, 12:04

Amagoia Aizpuru Errezilgo Guraso Eskolan aritu da irakasle lanetan, Izar Arregirekin batera; atzo, osteguna, bukatu zuten (urola-kostakohitza.info)

Amagoia Aizpuru urrestildarra psikopedagogoa da, eta Azkoitiko Urola Izadi zentroan egiten du lan. Izadi zentroko kideek Gipuzkoako hainbat herritan Guraso Eskolak eman dituzte (iaz Azpeitian). Herri horietako bat Errezil da. Bertan Izar Arregi psikologoa eta Amagoia Aizpuru ibili dira, gurasoei hainbat kontu erakusten. Urola Kostako Hitza Amagoia Aizpururekin egon da, Guraso Eskolen inguruan solasean.

Errezilen eman duzuen Guraso Eskola atzo bukau zen. Zer balorazio egiten duzu?

Nik hiru eskola eman ditut Errezilen, eta hiruretan hiru gai desberdin landu ditut: familiako funtzioak eta ezaugarriak, komunikazio estrategiak eta diziplina. Eskolak ematea bukatu nuenean, ikasleekin ahozko balorazioa egin nuen, eta oso balorazio positiboa izan da. Ikasleak beraiek ere oso ondo ibili dira. Hasieran eskolen nondik norakoak zehaztu genituen, eta horien arabera egin da eskola. Parte hartu duten guraso guztiak, bidalitako etxeko lan guztiak eginda etortzen ziren, eta motibazio handia eta lana egiteko gogo handia izan dute. Oztopoak eguraldiak jarri dizkigu. Elurra zela eta, eskola bat bertan behera gelditu zen, gurasoek ezin zutelako etorri eskolara. Eskolan zortzi bat ikasle ibili dira, eta Errezil bezalako herri txikietan hori kopuru handia da.

Helburuak bete al dira?

Eskola egun bakoitzak bere helburuak ditu; komunikazioa hobetzea, familiako lana ezagutzea, diziplina ezartzen jakitea, nerabezaroaren etapak eta ezaugarriak ezagutzea eta droga motak eta prebentzioa. Programako gaien helburuak bete dira, eta ikasleek ere interes handia agertu dute eskoletan. Arreta handia izan dute, eta esandakoa ere aplikatzen zuten.

Errezilez gain, eskualdeko beste herri batzuetan ere eman dituzue eskolak.

Bai, hala da. Iaz, Azpeitian eman genuen eta une hauetan Azkoitian ere beste bat ematen ari gara. Joaten den jendeak interes handia agertzen du.

Herri txikietan eta handietan eman dituzue eskolak. Desberdintasunik ba al da?

Egia esan, herri bakoitza mundu bat da, eta desberdinak dira erabat. Errezilen gurasoek dituzten kezkak desberdinak dira Azpeitiko guraso batenekiko eta baita azpeitiarrenak Azkoitiko guraso batekiko ere. Normalean, gainera, familien artean ere desberdintasunak daude. Herri handietako familiak, askotan guraso eta seme alabez osatuta daude, eta herri txikietan, horiez gain, aitona-amonak,osaba-izebak, edo antzekoak ere izaten dira. Desberdina da erabat.

Guraso Eskolan hainbat gai landu dituzu. Zein izan da interes gehien piztu duena?

Nik landutakoetan komunikazioa izan da interes gehien piztu duena. Seme-alabekin ondo komunikatzea oso garrantzitsua da. Horren inguruan kezkak eta zalantzak adierazi zituzten.

Eskola, ordea, ez da teoria hutsa bakarrik izan. Praktikak ere egin dituzue. Nola?

Bai, hala da. Bi motako praktikak egin ditugu, ariketa idatzien eta rol jolasen bidez. Ariketa idatzietan egoera bat planteatzen da, eta haren aurrean zer egingo luketen esplikatzen dute idatziz. Rolak jartzen direnean berriz, bakoitzak rol bat hartzen du eta egoera horretan benetan sartzen dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide