Munduarekiko maitale, gorrotatzaile eta begirale gisa aurkeztu du bere burua Iñaki Segurolak (Azpeitia, 1962) Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania) bere lehenengo liburuan. Kezkatzen duten hainbat gaira gerturatu eta ukazioa legetzat hartuz, komunikabideetan nekez entzun eta irakurriko diren burutazio, pentsamendu eta iritziak plazaratu ditu hamaika artikulutan.
Abenduko eguna argitu orduko iluna esaerak laburbiltzen du, Segurolaren iritziz, liburuaren mamia: "Buru akademiko batek esango du halako esaera bat ez dagoela esaterik, egun argiko tarte bat ere badelako. Bada, buru akademikoarentzat gehiegizkoa den hizkuntza hori aditzen dakienarentzat da liburu hau. Horrela mintzatu ezean, ez dago ezer aditzera emateko modu egokirik".
Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo-n hamaika gai eta kontu jorratu ditu Segurolak: egia, tristura, maitasuna, gaztetasuna, zoriona, heriotza, kultura, afektibitatea, bakardadea, euskal kontu gizenak... "euskal folklore garaikidea, alegia". Egileak, ordea, ez du uste mundu ikuskera bat dagoenik testuon atzean: "Filologo naizen aldetik, ez dut mundua ikusten; entzun egiten dut. Filologoak belarriz harrapatzen du mundua. Mundua ikustea beste batzuen esku dago, ideologo, teoriko eta intelektualen esku". Alde horretatik, liburua "zatikako burutazio batzuen bilduma" dela dio egileak; eta ez dagoela hortik munduarekiko ikuspegi orokor bat ateratzerik: "Batzuetan esaten da ezezko batekin baiezkoa ematen diozula beste zerbaiti. Bada ez. Ezezkoa ezezkoa da; besterik ez. Ezezko batetik ez dago doktrina bat ateratzerik". Ezezkoa eta ukazioa liburuko giltzetako batzuk izan arren, hizkuntzarekiko maitasuna ere aitortzen du egileak: "Batzuek esaten dute ezin daitekeela hizkuntza bat maite, hiztunak maite ditugula, baina ez nago ados. Nik behintzat badut hizkuntzarenganako atxikimendua". Maitasun hori "barruan" daramala dio; "ez du zerikusirik aldarrikapenekin, nazio baten nortasunarekin edo ideia platonikoekin".
Idazle ez den egilea Euskaltzaindiak aurrera ateratzen duen Orotariko Euskal Hiztegian ari da lanean Segurola, eta artikulu zein zutabeak argitaratu izan ditu zenbait komunikabidetan. Hau da, ordea, bere testuak liburu batean jasotzen dituen lehen aldia. Izan ere, ez du bere burua idazletzat, "eta are gutxiago sortzailetzat": "Pentsatzea pertsona baten kolkotik ia 300 orrialde betetzeko ez dakit zenbat gauza asmatzen direla tranpa handi bat da". Ideia eta, oro har, gauza oro, sortu baino, «etorri» egiten direla irizten dio Segurolak: "Ez dakigu nondik baina jaulki egiten dira gauzak. Gero, norbera, teknika pixka bat badauka, horien idazkari bihurtzen da". Horrela ikusten du bere burua liburuaren egileak, "apuntatzaile soil gisa".
Horretarako, idazkariak "pitzatuta" egon behar duela dio Segurolak, "bat oso ondo egina badago eta itxia edo biribila bada, ez zaiolako ezer atera, sortu edo etorriko". Egileak bere baitan dituen "zirrikitu eta artesiak" baliatu behar ditu "etortzen zaiona jaso eta apuntatzeko". Prentsan idatzi izan du Segurolak, eta liburuko testu gutxi batzuk Egunkaria-n eta Ostiela!-n argitaratutakoak dira, nahiz eta haietan esandakoen gaineko iruzkinak egin dituen zenbait kasutan. Gainerakoak azken boladan idatzi eta pilatutakoak dira.Segurola, eta, ondorioz, hark idatzitako liburua ideologia nagusietatik kanpo daudela uste du Juan Luis Zabala idazle eta Berria-ko kazetariak: "Tertulietatik kanpoko liburua da. Tertulietan gauza batzuk jakintzat eta eztabaida guztietatik kanpokotzat jotzen dira. Eta liburu honen aberastasunetako bat hori da, tertulietatik kanpo dagoela". Egilea idazle sentitzen ez den ideiarekin bat egiten du Zabalak, "liburu bat idazteko gogorik ez zuen baten" liburua baita haren iritziz Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. "Aurretik ere izan du argitaratzeko aukera, eta nahi izan balu argitaratua zuen liburu bat baino gehiago. Orain, nahi gabe bada ere, bere burua adierazteko behar bat sentitu du". Ideologia jakin batean kokatu gabe eta "aurreko planteamendurik gabe bere pentsamendua zintzotasunez eraikiz", Zabalaren iritziz Segurolaren testuak eztabaidagarriak eta mingarriak izan daitezke euskal kulturaren barruan dabiltzan batzuentzat. Hala ere, egilearen beraren esaldi bat ekarri du gogora minduta senti daitekeenarentzat: "Zaude pixkatean eta utziezu nere hitzei atrebentzia puskat hartzen eta zure bihotzondo adabakitu horretan aztarrika aritzen".