Mahastien artean euskarak lekua izan dezan lanean dihardute hainbat irakaslek Arabako Errioxan. Denek Lantziegoko Ikastolako sortzaile Lourdes Arrieta zenaren ezinbesteko lana dute gogoan. Arabako Errioxan gero eta ume gehiagok ikasten du ikastoletan
"Astindu latza hartu zuen aurreko astean Arabako Errioxak, eta harekin batera, euskalgintza osoak. Lantziegoko (Araba) Ikastolak, 25. urtemugan, bere sortzaileetako bat galdu zuen auto ezbehar batean (Lourdes Arrieta), Oihana Torrealdai irakaslearekin eta Adela Mantas irakasle ohiarekin batera. Begoña Hormaetxea eta Eider Ruiz larri zauritu ziren istripuan, ikastolako andereñoak biak ere.
Lantziegon aski ezaguna zen Arrieta. Azpeitian jaioa (Gipuzkoa), gaztetan heldu zen irakasle Kantauri mendilerroko magalera eta bertan osatu zuen familia. Herrigintzan nabarmen egin zuen lan, eta tartean, besteak beste, EAJko zinegotzi eta Ttikittaka euskara taldeko partaide izan zen. "Lantziegon 25 urte egon eta gero, herrian jaio balitz bezala hartzen genuen denok, beste irakasleen aldean hura betiko gure artean geratu baitzen", esan du herriko alkate Alfonso Gonzalezek.
Nekane Etxenagusia Lantziegoko Ikastolako zuzendariak ere azpimarratu du Arrietak eginiko lana, hasierako urte haietan egin behar izan zen "lan gogorra" gogoan. Hain zuzen ere, eskolaren 25. urtemugako ospakizunak zirela eta, Arrietari omenaldia egitea zuten buruan.
Ttiki-ttaka elkarteko kide Kike Fernandez de Pinedok ere ongi ezagutzen zituen Arrieta eta hark egindako lana. "Edozein ekintza antolatzen genuela, beti izaten zen parte hartzeko prest. Oso errotuta zegoen herrian eta euskara lanetan. Senarra bera ere euskaraz ikastera animatu zuen".
Arabako Errioxan ugari dira Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako irakasleak; halere, gero eta gehiago ingurukoak edo bertan bizitakoak direla nabarmendu du Fernandez de Pinedok. Gasteiztarra izanik, hamabi urte egin zituen Lapuebla de Labarcan, Assa ikastolan irakasle.
Erabilera
Euskararen alorrean pausoak eman badira ere, azken urteotan izan den euskaldun kopuruaren handitzea ez dator bat erabilerarekin. "Zaila da ikastoletatik atera diren gazteak hiztun aktibo izatea, eta horretan ari gara lanean", dio Fernandez de Pinedok. Hori dela eta, Ttikittaka sortu zen 1993an, kalean zegoen hutsunea betetzeko asmoz. "Ikastolatik ateratako ikasleek batxilergoa amaitu eta euskaraz hitz egiteko beharra zutelako sortu zen elkartea". Hirurogei bazkide ingururekin, batik bat Oion, Bastida eta Lapuebla de Labarcako euskaldunak batzen dira noizean behin bilera, hitzaldi edota afarietara. "Lagun artean eta kalean bultzada ematea da gure erronka nagusia. 25 urteren ostean, oraingo egoera Arabako beste eskualdeetakoa baino hobea da, zalantzarik gabe. Bertan, ezerezetik abiatuta, dagoeneko umeek badakite euskaraz eta ulertzen dute". Arazoak arazo, Errioxako eta Arabako gainerako herrien egoera bertsua dela uste du Fernandez de Pinedok.
"Euskalgintzak Gasteizen jartzen du arreta batik bat, eta askotan ez dira askorik kezkatu Arabako herriez eta elkarteen arteko harremana bermatzeaz. Kanpezun eta Agurainen, esaterako, ez dago euskara elkarterik". Bestalde, erakundeek ahalegin osoa irakaskuntzan jarri dutela eta, beste ekintza batzuetan eta esparru batzuetan ere euskararen presentzia bermatu behar dela azpimarratu du.
"Aldundiak eta udalek laguntza eskasa ematen dute maiz, eta hori abian jartzen ez bada, gero eta handiagoa izango da irakaskuntzatik eguneroko erabilerara dagoen aldea", nabarmendu du. "Askotan irabazien izenean egiten dira inbertsioak, eta badirudi kasu honetan ez dela errentagarria, baina ikuspegi horrekin ez goaz inora", gaineratu du.
Andoni Lasa azpeitiarrak ere sobera ondo ezagutzen ditu Arabako Errioxako euskararen argi eta ilunak: "Duela hamar urteko egoerarekin alderatuta, hobeto dago orain, baina Azpeitiarekin alderatuta, desastre. Erreferentzia zein den kontuan izan behar da". IKAko irakasle izan da hamalau urtez, eta ikasleek egin duten ahalegin handia eskertu eta estimatzen du. "Egin den ahaleginarekin gehiago lor zitekeen, agian, baina asko eskatzen dugu askotan", nabarmendu du. "Ikastolei, euskaltegiei, ikasleei gehiago eska diezaiekegu, baina, bestalde, kontuan hartzeko moduko ahalegina egin da", adierazi du. "Hemen amonaren amonak ere ez zuen euskaraz hitz egiten; ezberdina da. Beraz, beste eskualdeak erreferente izatea ez da posible".
Bertako gazteen erdiak euskaldunak direla gogoratu du Lasak, baina ikastolan ikasitakoa nahikoa ez dela dio: "Borondatezko sentimendurik ez dagoenean ere erraztasuna lortzen da kalean eta lagunartean euskaraz eginez; hemen, berriz, eskolan jasotakoarekin lortu nahi dugu hori. Gehiegi eskatzen dugu euskararen erabilera horrela etorriko dela pentsatzen badugu".
Egunerokoan hutsune nabaria zegoela eta, Ttiki-ttaka elkartean parte hartzea erabaki zuen Lasak, Arrieta herrikidearekin batera. "Euskaraz egin nahi duen jendearentzat bilgune izan nahi genuen, behintzat tarte horretan euskaraz egingo zela ziurtatuz. Hitz egiten ez den hizkuntza ahaztu egiten baita".
Lan ugari
Bestalde, ahozkoaz gainera oraindik ere Errioxan euskararen inguruan egiteke lan ugari dela gogoratu du. "Ikerketa falta izugarria da. Herrien izenetan esaterako, Biasteri deitu izan diogu beti gaztelaniaz Laguardia zenari, eta iazko ikerketa batean esan digute Biasteri Viñaspre ez ote den eta Laguardia euskaraz Guardia", esan du Lasak. "Ez da egiten egin zitekeen lanaren erdia ere". Halaber, erakundeen aldetik laguntza handiagoa behar dela azpimarratu du, ikastolei eta euskarari izen ona emateko: "Ikastolak ezinbestekoak dira, baina duten baino prestigio handiagoa eman behar zaie. Nahiz eta guraso elebakarrak izan, jakin behar dute seme-alabak dituztenean euskal ereduak zenbaterainoko balioa duen hemen". Horretarako, gizartea ordezkatzen duten erakundeek ozen esan eta aholkatu behar dutela uste du. "Halako kanpainak egitea tontakeria iruditu arren, uste dut garrantzitsuak direla gizartean barnera daitezen", gaineratu du.
Arabako Errioxako hamar mila biztanleetatik azken urteotan euskara ikasten asko hasi dira, baina askok utzi dute, eta beste askok beharrik ez dute sentitu: "Horretan ere erakundeek-eta lan handia dute egiteko, hizkuntzari prestigioa emanez. Ez ikusarazi bakarrik etorkizunean izango dela beharrezkoa; oraintxe bertan izan behar du euskarak ezinbesteko".
Lasarekin bat dator Estibaliz San Andres algortarra ere. Aurten hasi da San Andres Eltziegoko Ikastolan irakasle, aurrez Agurainen ibili ostean. Haren aburuz, euskarak indarra har dezan, beharrezkoa da hizkuntzari garrantzia ematea eta beharraz jabetzea. "Beharra sortu behar da haurren gurasoetatik hasi eta ikasleetaraino, askotan zalantzan jartzen baita euskararen garrantzia Arabako Errioxan", nabarmendu du.
Era berean, Arabako gainerako herriekin alderatuta Errioxari begira babes falta sumatzen dela esan du: "Askotan Arabatik baztertuta dagoen irudipena daukat, oihartzuna baino iristen ez dela. Korrika bera ere aurten ez da iritsi bertara".
Beste hainbat irakaslerekin batera, Eltziegon egiten du aste barrua San Andresek. Kalean euskara gutxi entzuten bada ere, ikastolak eta euskaltegiek utzitako "arrastoa" gero eta nabarmenagoa dela esan du: "Lan motela da, eta denbora beharko da, baina gazteenek euskara ikastearekin batera, etorkizuneko gurasoak ere euskaldunak izango ditugu".
Arrietak, Torrealdaik eta Mantak hasitako bideari eusten gogorik ez da falta behintzat Arabako Errioxan.