Antxietaren eraldaketa hasi da

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 28a, 17:04

Adimen urrikoentzako eguneko zentroa eta etxebizitzak egingo dira (urola-kostakohitza,info)

Antxieta etxea, barrutik eta erabilpen aldetik erabat aldatuko da: Urolaldeko adimen urriko pertsonen egoitza izatera moldatuko da. Han, eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak egingo dira. Atzo aurkeztu zuten proiektua, eta hilabete barru obrekin hasteko asmoa azaldu zuten Atzegikoek.

Lehen solairuan eta solairu artekoan eguneko zentroa egingo dute, hogei lagunentzako tokiarekin. Goiko lau solairuetan, berriz, egoitza zerbitzuko etxebizitza tutelatuak egingo dituzte, moduloka; 3 edo 4 pertsonentzako lau bizitza-unitatetan banatuta. Era horretara 12-16 pertsonentzako etxebizitza bezala funtzionatzeko aukera emango du eraikinak.

Egoitzaren kokalekua ona dela esatean bat etorri ziren denak atzo. Azpeitia erdian egonik, erabiltzaileei herriko gizarte-jardueretan egunero parte hartzeko aukera emango dielako, eta gizartean erabat txertatzeko modua izango dutela zioten.

"Urola bailaran era honetako zentro bat behar genuen, eta kokalekua ere oso garrantzitsua da. Bestetik, Azpeitian egoteak ere badu bere grazia, bailararen erdian dagoelako", adierazi zuen Jose Luis Zaldua Atzegiko lehendakariak. Aldundiko Gizarte Politikako diputatu den Esther LarraƱaga ere ados agertu zen bailaran horrelako egoitza baten beharrarekin. "Behar hori badago, eta egoitza honen proiektua, gainera, bat dator Aldundiaren helburuekin".

Kutxa da Antxieta etxearen jabea, eta honek Atzegiri utzi dio erabilpenerako. Baina ez hori bakarrik, obraren kostua ere beregain hartu du Kutxak. "Kutxak Gizarte Ekintzatik beharra dutenen aldeko gure laguntza eta konpromisoa behin eta berriro azaldu du. Azken hiru urte hauetan, gainera, indarrak gizarte ekintzetako proiektuetara zuzendu ditugu", azaldu zuen Xabier Alkortak, Kutxako zuzendari nagusiak.

Obraren kostuaz Kutxa arduraduko da, baina behin martxan jartzen denean Aldundia arduratuko da mantenuaz. "Gipuzkoan 65 urtetik beherako 20.000 lagun dira 133 graduko ezintasuna dutenak, eta horien bizi kalitatea hobetzeko 45.000 euro ditugu jarrita. Bestetik Aldundiak entitate desberdinekin hitzarmenak eginda ditu, eta elkarlana sendotuz dihoa gainera. Gure ustez, Antxietako proiektuak urritasuna duten pertsonei bizitza normalizatua bermatzen die, eta autonomia batekin bizitzeko aukera eskaintzen zaie", azaldu zuen LarraƱagak.

Adimen urrikoen bizi kalitatearen alde egingo den "ahalegina" nabarmendu zuen Julian Eizmendi alkateak ere, eta proiektuan parte hartu duten denak zoriondu zituen. Antxieta etxearen aurreko izaera ere gogora ekarri zuen, "lehen kultur erabilpena zuen eta ziklo hori bukatuta berri bat hastera doa. Hala ere, Soreasuko kultur gunearekin eta San Agustinpekoarekin lanean ari da Udala".

Etxea errespetatuko dute

Egoitzaren arkitektura, etxearen balio artistiko, monumental eta historikoa "zorrotz" errespetatuz egingo dela adierazi zuten. "Kutxak, eraikinaren jabea denez, gertutik begiratuko du Atzegiri egin dion erabilera-lagapenerako helburuak ondo betetzen diren ala ez, eta behar bezala mantentzen den ala ez, eta, aldi berean, berak finatzatuko ditu etxea egokitzeko lanak eta ekipatzeko altzari eta gainerakoak ere" adierazi zuten atzo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide