Gaur goizean Iñaxio Oliveri Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Juanjo Otaño Giza Zientzietako zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu dute Donostian HUHEZIk datorren ikasturtean emango duen karrera berria: Ikus-entzunezko komunikazioa.
Unibertsitate Kontseiluak maiatzaren 11n onartu zion Mondragon Unibertsitateari Ikus-entzunezko Komunikazioa. Eta MUko agintariek adierazi dutenez, 2005-2006 ikasturtean bertan hasiko dira karrera berria irakasten Eskoriatzako fakultatean, lehen mailatik hasita.
Mondragon Unibertsitateak lizentzia berri hau abiatu du, besteak beste, hobeto erantzuteko gizarte modernoak komunikatzeko duen premiari. Horregatik, profesional polibalenteak sortu nahi ditu, jakingo dutenak mugitzen esparru zabaletan, prestatuak komunikatzeko plataforma desberdinetan, eta gai errealitatea ulertzeko. Labur esanda, profesional irekiak komunikazioaren esparru guztietara: ikus-entzunezkoak eta idatziak, enpresa komunikazioa, eta Internet.
Lizentziaren perfila
HUHEZIk prestatu nahi ditu komunikatzaileak, bereziki prestatuak ikus-entzunezko komunikazioan. Horrek eskatuko du lantzea komunikatzeko trebetasunak, nola kudeatu komunikazioa, eta prestakuntza tekniko sakona ikus-entzunezkoen alorrean. Gure ikasleak gai izango dira, hortaz, ikus-entzunezko produktuak sortzeko, eta unean-unean erabiltzeko euskarri egokia, inguruak zer premia dituen.
Lan esparrua
Lizentzia berriak honako lanbide hauek aurreikusten ditu ikus-entzunezko ikasleentzat:
- Komunikatzailea ikus-entzunezko hedabideetan, bai hedadura handiko irrati eta telebistetan, nola hedabide lokaletan.
- Komunikatzailea hedabide idatzietan, hedadura handiko prentsan, eta prentsa lokalean.
- Sortzailea komunikazio ekoiztetxeetan, aprobetxaturik gaur egun dagoen eskari handia.
- Komunikazio kudeatzailea enpresan, barne komunikazioa eta kanpo komunikazioa antolatzen.
- Komunikazio kudeatzailea gizarte erakundeetan, barne eta kanpo komunikazioa antolatzen.
- Eduki kudeatzailea Interneten.
Indarguneak
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ondo prestatuta dago lizentzia berria eskaintzeko, eta oinarri sendoak ditu berori berme osoz emateko: - Konpromiso sendoa irakaskuntzarekin, 1976an hasi zena Irakasle Eskolarekin, eta pedagogia esperientzia Irakasle Ikasketak, Psikopedagogia eta Giza Zientziak irakasten.
- Esperientzia Giza Zientzien irakaskuntzan, horren bidez oinarri egokia ematen baitzaio ikasleari ulertzeko eta interpretatzeko bere ingurua.
- Harreman sakona enpresekin. Horiei esker, ikasleak egingo ditu praktikak eta karrera amaierako proiektuak enpresetan, eta esperientzia horrek izugarri balioko dio gero lana bilatzeko orduan.
- Hedabide eta enpresa askoren lankidetza proiektu honetan parte hartzeko.
- MCC kooperatiba taldearen partaide izatea eta MCCren beraren konpromisoa karrera berriarekin
Urola Kostako ikasleak HUHEZIn
Aspaldi honetan ikasle asko joaten da Urola Kostatik Eskoriatzara ikastera. Aurten, adibidez, 64 ikasle daude HUHEZIn matrikulatuta eta bertan ikasten espezialitate hauek:
- Irakasle Ikasketetan: 43 ikasle
- Giza Zientzietan: 16.
- Psikopedagogian: 5