Euskaltzale handi bat gabe geratu da gaur (ostirala) Azpeitia, Iñaki Goenaga Sistiya hil delako, goizaldean, Donostiako ospitale batean.
Lehengo astean etxean erori eta lepauztaia hautsi egin zuen eta Donostiako ospitale batera eraman zuten, haren etxekoek Uztarriari esan diotenez. Han, pneunomia harrapatu zuen, azkeneko egunetan okerrera egin zuen Goenagak, eta gaur goizaldean hil da. Une hauetan Añorgako beilatokian daukate, familiari elkartasuna adierazten Uztarriako ordezkariak han izan dira. Erraustu egingo dute bihar (zapatua), eta Izarraitzen botako dituzte hautsak. Hileta elizkizuna bihar izango da, 18:30ean, Azpeitiko parrokian.
Bizitza osoan "gehien maite" izan duena euskara izan dela aitortu zion Uztarriari Goenagak, 2004ko abuztuan argitaratutako elkarrizketan. Euskal kulturan hain ezagunak izan diren Lauaxeta, Zaitegi, Orixe eta beste hainbat lagun izan zituen inguruan, eta jazarpen guztien gainetik, euskara beti izan zuen ahoan, bihotzean eta paperean. Egunkarietan idatzi zuen, gerra kronikak frontetik, eta liburu bat ere itzuli zuen, alemanieratik euskarara (Wilhelm Tell, Yakintza, 1934-1935, eta duela gutxi Eizie Elkarteak berrargitaratua), baita beste hainbat lan egin ere. Inazio Mujikak Wilhelm Tell liburuaren berrargitalpenean hitzaurrea idatzi zuen eta Goenagaren kontu batzuk aipatu zituen: Hitzaurrea
Uztarriak 2004ko ekainaren 19an Joxe Agirre Oranda bertsolariarekin batera ohorezko bazkide egin zuen Goenaga. Biei euskararen alde eginiko lana aitortu nahi izan zien Uztarriak. Han izan zen Goenaga bera, eta orduan ere hitza hartu zuenean, bere bizitzako pasadizoak kontatu zituen. Hizlari bikaina baitzen.
Goenaga Loiolan jaio zen, Ormaetxe baserrian. Azpeitiarra bazen ere, herritik kanpo egin zituen urte gehienak. Eibarren, Irunen, Venezuelan, Argentinan... Preso hartu zuten Santoñan (Espainia) italiarrek eta Lizarrako, Iruñeko eta Urduñako kartzeletan egona zen. Orain berriz ere Azpeitian bizi zen, eta Hendaian oporraldi txikiak pasatzen zituen.
Aurten 100 urte bete zituen, urtarrilaren 11n. Azpeitiko Udalak omenaldi txikia egin zion.
Agur eta ohore, Iñaki!