Ramon Etxezarreta urrestildarra PSE-EEko zinegotzia da Donostian, duela 10 urtetik. 1995etik bizkartzainekin ibiltzen da -1998ko su-etenetik, Juan Mari Jauregi hil zuten arte izan ezik-. Zapatuko Berria egunkariak erreportajea argitaratu zuen bizkartzainekin bizi diren Ramon Etxezarreta, Begoña Sanzberro eta Garbiñe Biurrunen bizipenak erabilita. Uztarria.com-ek Etxezarretak han esandakoak bildu ditu.
"Etxean errietan gogor egin eta, beroaldian, ate zartakoa emanda alde egin zuen ilunabar batez Ramon Etxezarretak (Urrestilla, 1956). Bat-batean, eskaileretan, bizkartzainik gabe zela jabetu zen. Atzera egiteko beranduegi, etxera itzultzeko goizegi... irten egin zen", hasten da Berria-ko erreportajea, eta honela kontatzen du Etxezarretak orduan pasatutakoa: «Kontxan pasieran ibili nintzen bakar-bakarrik, euripean. Etxeratu nintzenean, emazteak beldurrez egon zela adierazi zidan, ez etxetik alde egin nuelako, bizkartzainik gabe joan nintzelako baizik». Bizkartzainik gabe irten zen aurreneko eta azkenengo aldia izan omen zen hura. «Lotarako ez beste guztirako» ibiltzen omen da bizkartzainekin.
Bizkartzainek segurtasun handia ematen diote Etxezarretari, eta ez omen da "inoiz" kexatu eurekin bizi beharragatik, nahiz eta zama ere izan daitekeen: "Etxezarretak hitz gutxitan laburbiltzen du aukera: «Benetan beldurra dut». Bizkartzainekin bizi beharragatik inoiz kexurik ez duela egin gaineratzen du, ematen dioten lasaitasuna handiagoa baita, enbarazua baino".
Bizkartzainak 1995ean jarri zizkioten lehen aldiz, ETAk emandako su-etenean eramateari utzi zion arte. Baina, Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohia hil zutenean beldurtu eta bi bizkartzain jarri zizkioten berriro: "Jauregi hil zutenean, dena utzi eta kanpora irteteko agindu zioten. «Udaltzainek eraman ninduten tren geltokira, erbestera bezala: sartu trenean, nora ez nekiela, hemendik urruti.... Gogorra izan zen». Espainian eta Katalunian ibili zen hamar egunez, eta itzuli zenean, bi bizkartzain jarri zizkioten". Hilketa hori gertu sentitu omen zuen: «Juan Marirena, bere profilagatik, oso neurea sentitu nuen: euskalduna, Legorretakoa, ustez edozein lekutan seguru ibiltzen zena...».
ETAko kide direla leporatuta atxilotutakoak gero eta gazteagoak direla ikusteak zer pentsatua ere ematen dio: «Zure euskal mundu horretako ibilbideak begirune pixkat eragiten duela pentsatzen duzu, baina adinak behera egiten duen neurrian, gero eta aitorpen gutxiago daukazu. Gazteentzat ez zara inor. PSOEko kargu bat besterik ez. Etsaiaren ordezkaria».
Gertuko jendea hil izan dutenean sentitu izan duenari "poz zekena" deitzen dio urrestildarrak: "«Baten bat hiltzen dutenean, beldurra sartzen zaizu, hildakoagatik pena... Baina pentsatzen duzu: libratu nauk oraingoan!». Juan Priede alderdikidea hil zutenean «poz zekena» deitu zion sentimendu horri Etxezarretak, Egunkaria-n argitaratutako artikuluan".
Bizkartzainen aginduetara
Ohiko gauzak egiteari ez dio utzi nahi Etxezarretak eta gorabehera batzuk izaten ditu bizkartzainekin: «Haien joera zuri agintzekoa da, nondik joan behar duzun beraiek erabakitzea. Baina onartzen baduzu, ahaztu erakusleihoekin, ahaztu kafearekin...»
Baina, Etxezarreta temosoa omen eta bere irizpideak dituela erakusten du: "Behin Guardia Zibila joan zitzaion, atxilotu batek bere matrikularen eta kafea hartzen zuen lekuaren berri zeukala esanez. Baina ez zen fio, bere ustez manipulazio handiak egin dituztelako mehatxatuei buruzko informazioan, eta ez delako jakiten zenbaiteraino ematen duten informazio osoa, edo partziala, edo okerra. «Batzuetan edozein mehatxatu ustekori publizitate handia eman zaio interes politikoak direla-eta, eta arrisku erreala duen zenbaiti ez zaie ezer esan...». Horregatik, «printzipio» bat du: «Gai honetan goitik behera inori ez sinestea». Kafea lehengo lekuan hartzen segitu zuen".
Bizkartzainik gabe
Bizkartzainik beharko ez duen eguna ez du urruti ikusten, Berria-k dakarrenez, eta gogoz hartuko du gainera. Guztia atzean utzi eta "pertsona normalek bezala" bizi nahiko luke: «Tik-ak galdu nahiko nituzke, eta ez dakit nola moldatuko naizen. Etxetik atera, eta lehendabiziko sentipena eguraldi ona zegok edo hotza egiten dik izatea nahi nuke, eta ez hor zeudek, edo harantza joan behar duk, edo autoa han daukak zain... Irten, eta pausoak eman, pertsona normalek bezala»