Leire Agirre aste honetako Matraka astekarian dator, internet bidez jendeak bidalitako galderei erantzun dielako. Bertan, besteak beste, munduko txapelketa prestatzen ari dela dio. Hauxe Matraka-n datorrena:
"Eskaladako munduko txapelketa du buruan. Kazetariok energia lapurtzen diogula aitortu arren, gustura erantzun die galderei.
Zein da gaur egun begien aurrean duzun proiektua?
Oraingo nire helburua munduko txapelketa da, eta horretan nabil buru-belarri. Txapelketa pasatu ostean, berriz, udazkena iristean, harkaitzera bideratuko ditut nire ahaleginak. Baltzolan badut proiektu bat, 8C bat, eta OƱatin ere badut beste bat, hemen ere beste 8C bat. Baina oraingoz txapelketan bakarrik dut burua, aldi berean bi kontu edukitzea eta dena ematea oso zaila delako.
Eskalatzen ari zarenean sentitu al duzu erortzeko arrisku edo beldurrik? Kirol segurua al da eskalada?
Askotan sentitu dut arriskua, eta erori ere bai. Kirol arriskutsua da eskalada, grabitatearen aurka jokatzen dugulako. Baina segurtasun neurriak hartu behar dira, eta, hartuz gero, ez dago arriskurik. Gertatzen diren istripu gehienak adi ez egoteagatik gertatzen dira, kirolariaren beraren hanka sartzeengatik eta ez segurtasun eskasiarengatik.
Zergatik ote da hain ona Euskal Herriko kirol eskaladaren maila? Trebezia berezia al dugu?
Baietz esango nuke. Euskalduna pertsona indartsua da berez. Horrez gain, gurean eskalada eskola asko daude. Eguraldia ere alde dugu, Europa iparraldean ez bezala hemen kanpoan eskalatzeko aukera gehiago dugulako. Eta hori gutxi balitz bezala, eskalatzeko toki on ugari dugu; txikiak, baina onak. Ezaugarri horiei guztiei esker dago hain maila ona.
Zer iritzi duzu Josune Bereziarturi buruz?
Josunek harkaitzean lortu duena izugarria da. Ikaragarria izan da, chapeau. Baina txapelketetan ezin izan du maila ona erakutsi. Txapelketetako tentsioari aurre egiteko ez du mundu guztiak balio, eta horregatik, Josunek harkaitzean jarri ditu bere indar guztiak, oso zaila delako bi kontuak batera egitea. Bere dohainak harkaitzerakoak dira, eta horretan jarri ditu bere ahaleginak. Eta hor inor baino hobea dela erakutsi du, argi.
Zer esango zenioke horma batetik zintzilik jartzeko zoratuta egon beharra dagoela esaten duenari?
Zoratuta denok gaudela. Eta agian berak egiten duena ere niri zorakeria irudituko zaidala.
Eskalatzetik bizi al zara? Nolakoa da zure egun normal bat?
Gaur egun eskalatzetik bizi naiz. Goizean estiramentuak eta yoga apur bat egiten dut, eta ondoren eguna planifikatzen dut. Gero, ba, tokatzen dena: baserrian lagundu, amaren kafetegian lan egin... Azkenaldian, gainera, komunikabideen elkarrizketak ere egin behar ditut. Horrek ere estres emozionala eragiten dit eta energia kentzen dit. Agian neurriak hartzen hasi beharko dut!
Noiz eta zerk bultzatuta hasi zinen eskalatzen?
Bizi erdia daramat eskalatzen: orain 30 urte ditu eta 15ekin hasi nintzen. Harkaitz gaineko eskalada benetan aktibitate purua dela iruditzen zitzaidalako hasi nintzen. Gustuko kontu bat iruditu zitzaidan, eta egiteko gaitasuna banuela ikusi nuen.
Edonork eskala al dezake? Nork bere kabuz ikasteko modukoa al da?
Edonork egin dezake, betiere bere mailan eta bere gaitasunen arabera. Bakarka ikasteko, berriz, hori egin nahi duenak baditu nahiko liburu eta material. Baina nik ez nuke gomendatuko. Egun ikastaro ugari egiten dira rokodromoetan, eta bide egokiagoa iruditzen zait.
Eskaladan ere antzematen al da emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasuna?
Gorputzez desberdinak gara. Gihar sendoagoak dituzte gizonek eta potentzia handiagoa. Emakumeok beste erresistentzia eta malgutasun bat daukagu. Guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Halere, egia da gizonen merituei garrantzi handiagoa ematen zaiela eta gehiago baloratzen direla, kirol profesional guztietan bezala.
Zer da gogorragoa, atzamarretako mina ala min psikologikoa?
Biak dira oso-oso gogorrak. Min psikologikoa motibazio gabezia da niretzat, eta, horrela zaudenean, buru indarra ateratzea oso zaila eta gogorra da. Eta atzamarretako mina... ufff, oso-oso gogorra. Jada azal guztia joan zaizunean eta halere aurrera egin behar duzunean, baina ezin duzunean... Biak dira oso gogorrak.
Bizitzaren hormak eskalatzen ere hain trebea al zara?
Nik uste dut psikologikoki gauzak ondo hartzen jakin behar dela, bizitza gorabeherez beteta dagoelako. Ni pentsamendu positiboarekin bizitzen saiatzen naiz, eta gauzei duten garrantzia ematen saiatzen naiz, kontu guztiak filosofiarekin hartzen.
Bideak irikiz
Miresten duzun eskalatzaile bat: Jende ugari, baina bat aukeratzekotan, Agurtzane Romero.
Eskalada bidai baterako nor duzu nahiago, Patxilin ala Gullich-zena?: Gullich-zena.
Zer nahiago, 8B bistaz, ala munduko boulder txapeldun? Munduko boulder txapeldun.
Zer nahiago duzu, 3 metroko blokea edo 300eko pareta tzarra?: Biak. Biek dute xarma. Une batean batek erakartzen nau eta hurrengoan besteak. Bata indarra lantzeko eta bestea zure gozagarri.
White zombie ala Pilar del Cantabrico librean?: Biak dira oso gogorrak, eta biak oso erakargarriak. Ezin dut bietatik bat aukeratu.