Hilketa zantzuak daudelakoan, Pasaiako auzia berriro irekitzea erabaki du Gipuzkoako Lurralde auzitegiak. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeko kideek «sorpresaz» hartu dute berria: «Aspaldian geldirik zegoen auzia eta auzitegiak helegitea onartu izana eta auzia berriro zabalduko dela jakitea ezustekoa izan da». Espainiako Poliziak 1984an Pasaiako portuan Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu hil zituen.
Preskripzio epea agortu zelakoan, auziko eginbideak artxibatu egin zituen Donostiako Auzitegiko bigarren instrukzio epaitegiak, iaz, ekainean. Baina akusazio partikularrak eta herri akusazioak helegitea jarri zuten eta Lurralde Auzitegiak onartu egin ditu. Gainera bigarren sekzioko epaimahaiak dioenez "poliziek hilketa egin zuten zantzuak daude, eta segadan parte hartu zuten polizien zirkulua nahiko zehaztuta dago". Autoak, hildakoek 21etik 36ra arteko bala zauriak zituztela gogoratzen du, eta horietako asko buruan, garondoan eta bularrean.
Epaimahai horrek dio gertaerak argitzeko, orduan Donostiako komisario burua zenari deklarazioa hartzea, gorpuei berriro autopsiak egitea eta hildakoek gorpuetan zituzten balen jatorria aztertzea komeni dela. Gorpuak gertaeren lekuan ez zirela altxatu ere esaten dute epaimahaikoek.
Kronologia
Gertaerak. 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak, segada batean. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu iruindarrak hil zituzten eta Joseba Merino donostiarra segadan bizirik geratu zen komandokide bakarra eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituen; Merinok hamazazpi urte eta erdi egin zituen kartzelan eta Jimenok lau urte eta erdi.
Kasua itxi zen. 1987an Pasaiako kasua, judizialki, itxita geratu zen, Calvo Rojas epaileak bertsio ofiziala berretsi ondoren.
Familia kasua aztertzen. 2000eko maiatzean Santiago Gonzalez abokatua, hildakoen sendiek hala eskatuta, kasua aztertzen hasi zen. Sumarioaren kopia osoa lortu zuen, baina bi dokumentu garrantzitsu falta zirela ohartu zen: artxibatze autoa bata eta Joseba Merinori Alcalako espetxean hartu zioten deklarazioa bestea. Abokatuak sumarioa berriro irekitzea lortu zuen.
Kasua berriro zabalik. 2000 irailaren 22an berriro deklarazioa hartu zitzaion Joseba Merinori Pasaian gertatutakoaz. Orduan Santoñan zegoen preso.
Mozioa Udalean. 2000ko urriaren 13an Kurro eta Pelitxoren sendiartekoek mozioa sartu zuten Azpeitiko Udalean. Pasaian gertatutakoa argitzeko eta Udala akusazio partikular bezala agertzea eskatu zuten.
Udala akusazio partikular. 2001ean urtarrilaren 3an, Azpeitiko autonomoen senideek eta herritarrek osatutako Pasaiako Sarraskia Argitu asanbladak eskatuta Azpeitiko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki zuen eta Miguel Castells abokatua jarri zuen. Bi familiei 4.207 euroko laguntza ematea ere onartu zen.
Kasua aurrera. 2001eko martxoaren 19an Rosa Jimeno oriotarrak epaitegian bere deklarazioa egin zuen, berarekin egindako basakeria denak kontatuz. Argazki bidezko informea egin zuten poliziek ere deklaratu zuten. Maiatzaren 14an, hildakoen autopsia egin zuen forentseak deklaratu zuen. Honek esandakoak bat zetozen Merinok egindako zehaztasunekin.
Lau polizia epaitegira. 2002ko ekainaren 6an Donostiako Komisariak lau polizia bidali zituen epaitegira deklaratzera. Pasaiako gertaeretan lehen lerroan ez zirela egon aitortu zuten horiek. Atzean, aurrekoak babesten eta jendea hurbil ez zedin zaintzen egon zirela esan zuten.
Bi urte epaitegietan borrokan. 2002ko ekainetik 2004ko ekaina arte epaitegietan egon zen borroka nagusiena enboskadan izan ziren polizien identifikazioa eskuratzea eta komisario buruaren deklarazioa lortzea izan zen.
Eginbideak artxibatuta. Iaz, ekainean, Donostiako Auzitegiko bigarren instrukzio epaitegiak artxibatu egin zituen eginbideak, preskripzio epea agortu egin zelakoan. Baina, akusazio partikularrak (familia) eta herri akusazioak (Azpeitiko Udala) helegitea aurkeztu zuten.
Helegiteak onartu eta kasua zabalik. Orain Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzia berriro zabaltzea erabaki du.