Josu Bereziartua: "Nanga Parbaterako espedizioan, filmatzea da nire lana, baina gailurra egiten ere saiatuko naiz"

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 9a, 12:06

Tontorrera "uztailaren erdialdera" igotzeko asmoa dute

Espainiako telebistako Al filo de lo imposible programarako filmatuko du Bereziartuak (www.urola-kostakohitza.info)

Gaur bertan (osteguna) abiatuko da Josu Bereziartua mendizale azpeitiarra Himalaia aldera. Hainbat alditan ibilia da han, "azkena orain dela urte eta erdi izan nintzen Himalaian". Esperientziadun goi-mendizalea da. Oraingoan, Espainiako telebistako Al filo de lo Imposible programak Nanga Parbatera (8.125 metro) egingo duen espedizioan parte hartuko du.

Beste behin Al filo programaren espedizio batean parte hartuko duzu. Zein asmorekin zoaz Nanga Parbatera?

Bai, hala da. Euskal Herritik Edurne Pasaban eta ni joango gara espedizio horretan, beste kideak Esther Sabadell kataluniarra, Marianne Chapusait suitzarra, Ivan Vallejo ekuatoriarra eta Sebastian Alvaro programaren zuzendaria dira. Nanga Parbaterako espedizioan, nire egitekoa filmatzea da, eta ahal bada, noski, gailurrera igotzea. Azken batean, filmatzea da nire lana, baina gailurra egiten ere saiatuko naiz, noski.

Nanga Parbateko tontorra igotzeko saioa noiz egingo duzue?

Uztailaren erdialdera.

Beste hainbat zortzimilakotan (Cho Oyu, Everest, Gasherbrum, K2, Shisha Pangma, Manaslu, Dhaulagiri...) izan baldin bazara ere Nanga Parbat ez duzu ezagutzen. Baina nolako mendia dela diote?

Nahikoa mendi teknikoa da. Gu igotzen saiatuko garen garaian jende dezente dago igotzeko asmoarekin, eta horrek erreparo pixka bat ematen digu. Askotan jende asko estorboa bihurtzen baita.

Zein bidetatik igoko duzue Nanga Parbat?

Diamir isurialdetik igotzeko asmoa dugu, Kinschofer bidea bezala ezagutzen dena da, eta gaur egun bide arrunta dena.

Oraingoan Nanga Parbat. Eta ondorengo beste asmorik bai?

Proiektuak banaka-banaka egitea hobe da eta momentuan oraintxe abiatzera goazen espedizio hori daukat buruan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide