Salaketari Udalaren erantzuna

Azpeitiko Udala 2005ko eka. 16a, 00:06

Luis Juaristi Kortak eta Iñigo Juaristi Kortak idatzitakoari erantzun dio Udalak

Udalak ulertzen du herritarren egonezina. Udalarentzat oso serioa da zarataren arazoa, batik bat motoena; herritarrok lasai bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko asmoa dugu eta gure ustez, horretan ari gara.

Arazo honi aurre egiteko egutegi bat antolatu zen: ordenantza onartu behar zen, udaltzainek ikasketak egin behar zituzten, borondatezko neurri-hartze garai bat (gero bukaeran derrigorrezkoa).

Gure egutegiaren arabera, urtarrilean edo otsailean hasi behar genuen derrigorrezko fase honekin, baina zoritxarrez, ez zaigu posible izan gure asmoak betetzea zenbait barne arazorengatik (adibidez, neurketak egiteko makina izorratu egin zen eta Madrilera bidali behar izan zen konpontzera…). Behar bada beranduegi baina Azpeitian Zer? aldizkarian eta beste hainbat komunikabideetan eman da atzerapenaren berri; gugana zuzenean jo duten hainbat herritarrei ere azaldu diegu egoera.

Udaltzaingoaren kontrolak salaketa hori egunkarietan azaldu baino egun bat lehenago hastea kasualitatea izan da.

Kalean kontrol hauekin hasi aurretik, 3 astez ibili da Udaltzaingoa derrigorrezko kontrolak egiten Udal biltegian; 3 aste hauetan, herrian dauden RIEJU markako ia moto denak aztertu dira. Gaizki zeudenei isuna ezartzeaz gain, pieza berriak ipiniarazi eta berriz azterketa pasarazi zaie. Falta direnekin jarraituko dugu.

Momentu hauetan 2 moto daude udal biltegian azterketa pasa ondoren berriz piezak "trukatu" dizkiotelako eta Udaltzaingoak kalean harrapatu dituelako. Bitartean hainbat isun ezarri dira kaleetan azkarregi ibili edota "azeleroiak" egiteagatik. Aurrera begira inguruko herrietatik etortzen diren motoek kezkatzen gaituzte, eta horiekin zer egin pentsatzen ari gara.

Kultura eta kontzientzia arazo bat da hau ere; Udalak eta Udaltzaingoak, bitartekoek uzten diguten neurrian, lanean jarraituko dugu arazo hau konpontzeko asmoz, eta horretarako denon laguntza eskatzen dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide