Habeak "hautetsiak itzultzeko" eskatu du

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 8a, 13:07

Azken udal hauteskundeetan Habearen zerrendan aurkeztutakoek "herritarren hitza errespetatzeko" eskatu dute.

Azkoitikoa eredutzat jarrita, "dagozkien karguak itzultzea posible dela" adierazi dute

"Herriaren zati handi bat isilarazi eta desagerraraztea helburu" zuen legeak "porrot" egin duela diote (www.urola-kostakohitza.info)

"Herriaren borondatea errespetatu" izenburupean, Azpeitiko Udalean Habea Herri Plataformari dagozkion eta "lapurtutako" lau hautetsiek "dimititzeko" eta karguak Habeari bueltatzeko eskatu zuten herenegun, orain dela bi urte udal hauteskundeetara Habearen zerrendan aurkeztu zirenek.

"Azpeitian 2.000 herritar baino gehiagoren hitzari muzin eginez EAJk, EAk, PSE-EEk eta PPk Habeari zegokion ordezkaritza lapurtu zuten. Herriaren zati handi bat isilarazi eta desagerraraztea helburu zuten, baina porrot egin dute. Habea, lan politikoa egin eta alternatibak aurkezten inoiz baino tinkoago ari delako", diote.

Habeak Azkoitiko eredua jarri zuen mahaiaren gainean. "Loreg 182.2 artikuluaren bidez herri zilegitasunaz dagokionari kargua itzultzea posible da. Bi urte hauetan EAJk eta EAk ezinezkotzat jotzen zuten, baina Azkoitian egin daitekeela erakutsi da. Beraz, ez dago aitzakiarik".

Milaka herritarren eta ezker abertzaleko hautetsien hitzak "bahituta" jarraitzen duela salatu zuten, baina konponbiderako prestutasuna ere azaldu zuten. Espainiako Alderdi Legearen ezartzeak "sortutariko eskubide zibil eta politikoen urraketa egoera ahalik eta azkarren gainditzearen beharra" aldarrikatu zuen Habeak, eta Azkoitian bezalaxe Loreg legearen 182.2 artikuluari heltzeko eskatu, "herritarrek bozka bidez emaniko hitza errespetatzeko" premia aldarrikatuz. "Norabide horretan urrats sendo eta ausartak egitea, herri honen eta bi estatuen arteko gatazkaren konponbideraan ezinbesteko urratsa delako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide