Uztaro Haur Eskola eta Habeari "karguak" bueltatzea izan ziren udalbatzarreko gai nagusiak

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 11a, 13:07

Uztaroren eta Udalaren artean hitzarmena egitea erabaki dute, eta Udalak Partzuergoarekin beste bat egin beharko du

Habeari dagokionez, alkateak Udalak "Azpeitiko gobernua desestabilizatuko duen erabakirik" ez duela hartuko esan du

Uztaro Haur Eskola eta Udalaren artean lankidetza hitzarmena egitea erabaki zen, osteguneko hileroko udalbatzarrean, irailaren 1ean Uztaro Partzuergoan sartuko baita.

Uztaroren inguruan Habeako Miren Odriozolak galdera batzuk egin eta Ana Mendizabal (EAJ) Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak erantzun zituen. Uztaro Haur Eskolak gaur egun egoitza berria du Euskal Herria kaleko 47-48 eta 49 zenbakian. Lokal hori Udalak jarri eta egokitu du. Eta oraindik Udala eta Partzuergoaren arteko hitzarmena egitea falta da, haur eskolaren kudeaketa eta pertsonala partzuergoaren esku egongo direlako datorren ikasturtearen hasieratik aurrera.

Uztaroko orain arteko langilegoa mantendu eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko langile bat gehitu dela adierazi zuen Mendizabalek. "Baina aurrerago oposaketak aterako dira, hala ere orduan gaur egungo langileen esperientzia-eta kontuan hartuko da". Uztaro Haur Eskolako prezioetan aldaketarik ez dela egon ere esan zuten osoko bilkuran. "Mantendu egingo dira prezioak eta zerbitzuak. Baina ordainketa bi zatitan egingo da, zati bat Jaurlaritzak kobratuko du, eta bestea haur eskolako guraso elkarteak kudeatuko du, bazkariak-eta haur eskolan bertan prestatzeko".

Udalak, Super BM supermerkatua 900 metro karratura handitzeko baimena ematea ere erabaki zen, EAJ eta PPko aldeko bozkekin, PSE-EE eta Habearen abstentzioarekin eta EAren ezezkoarekin.

Habeari karguak bueltatzeko eskaera

Osoko bilkurako gaiak erabaki ondoren galderen txanda heldu zen. Habeako IƱaki Errazkinek hartu zuen lehen hitza, "guri dagozkigun eta lapurtu dizkiguzuen karguak itzultzeko eskatzen dugu. Azkoitiko Udalean garbi gelditu da LOREG 182.2 artikuluaren bidez posible dela, eta Udaleko dinamikari kalterik ez diola egiten". Herritarrak ere joan ziren batzar aretora Habeakoei babesa eman eta "herriaren hitza errespetatzeko" aldarrikatuz. Bi urtetan "egoera antidemokratikoa" jasan dutela eta beste bi urtetan egoera hori jasateko prest ez daudela azaldu zuten ezker abertzalekoek. Alkateak, gaia askotan eztabaidatu dutela eta arrazoiak behin baino gehiagotan eman dituela erantzun zien. "Udalak Azpeitiko gobernua desestabilizatuko duen erabakirik ez du hartuko eta gure alderdiak (EAJ) hartzen duen erabakia errespetatuko dugu", azaldu zuen alkateak. Eztabaidan ari ziren bitartean EAJ, EA, PP eta PSE-EEko zinegotziak aretotik irten ziren.

Habeako legez kanporatutako zinegotziak ez ziren aulkietatik mugitu eta egoera aldatu ezean "salaketa dinamikarekin" jarraituko dutela adierazi zuten. Haiekin batera herritarrak ere gelditu ziren udaletxean, eta baita Julian Eizmendi alkatea eta Jabier Altuna EAJ-ko zinegotzia ere. Eztabaidan jarraitu zuten eta herritarrek pankarta bat ere zabaldu zuten udaletxeko balkoian. Plazara Ertzaintza ere agertu zen. Eztabaida bukatu eta inolako istilurik gabe jendea bere kabuz atera zen udaletxetik

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide