Aitor Zuberogoitia: "Euskarazko komunikazio-esparrua, euskarazko hedabideak indartuta sortzen da"

Uztarria 2005ko uzt. 14a, 16:07

Aitor Zuberogoitia, hitzaldian, Sindikatu Zaharrean.

Prentsa elebidunean euskararen presentzia oso txikia dela esan zuen atzo (asteazkena) Aitor Zuberogoitia kazetari eta unibertsitate irakasleak

Hitzaldia eman zuen Azpeitian, Uztarriak antolatuta

Aitor Zuberogoitia Espilla (Etxebarri) kazetari eta unibertsitate irakasleak, euskarak prentsan daukan presentzia aztertu du. Prentsa elebidunean euskararen presentzia ez dela hazten hipotesia zeukan, eta euskarazko hedabideen garrantzia kontuan hartuta, hori dena frogatzeko 1978-2001 urteak hartu zituen kontuan eta doktorego tesia egin zuen: Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean.

Horretarako, sei kazeta ikertu ditu Zuberogoitiak. Hiru, Hego Euskal Herrikoak eta hiru, Ipar Euskal Herrikoak: Egin, Deia eta Gara eta Enbata, Ekaitza eta Le Journal du Pays Basque.

Iaz, tesiaren laburpena Elkarlanean argitaletxeak argitaratu zuen: Bidegorriak hizkuntzentzat.

Eta atzo (asteazkena, hilak 13) Zuberogoitiak hitzaldia eman zuen Azpeitian, Sindikatu Zaharrean, Uztarria Kultur Koordinadorak antolatuta.

Hona hemen laburpena:

"Gaur egungo joera nagusia, munduan edo gizartean, gero eta komunikabide boteretsuagoak sortzekoa da. Fusioak egiten dira, gero eta komunikabide bertikalagoak sortuz. Fusio boteretsu horien aurrean hizkuntza txikiak nekez iraun dezake eroso. Horren alternatiba, guk geure bidegorri propioak egitea da; zirkulatzeko bide propioak eraikitzea, alegia.

Baina horren aurrean, batzuek beste bide bati ekin diote, leku bat egin nahi izan dute hor. Horiek prentsa abertzale elebidunak dira. Baina nik atera ditudan ondorioen arabera, hizkuntza txikiak galtzen ateratzen dira hor, energia asko galtzen da, eta emaitza eskasak ateratzen dituzte.

Prentsa abertzale elebiduna aztertuz gero, ateratako ondorio bat zera da: urteak pasatu ahala, hedabide horietan euskararen presentzia ez da hazi, eta euskara gai jakin batzuetara baino ez dute mugatu.

Ikerlanaren bi mugarri:

  • Hego Euskal Herria. 1975-1976. Aro politiko berria. Euskal Kazetaritzaren Urtea 1976an. Euskara hutsezko kazetagintza ala elebiduna? Urte haietan Garaia, Punto y Hora, Berriak, Deia, Egin... sortu zituzten.
  • Ipar Euskal Herria. 1980ko hamarraldiaren hasiera. Radio Adour Navarre eta Gure Irratia sortu zituzten (Euskadi Irratia baino lehen sortua da Gure Irratia. Hor, euskarak txoko txiki bat hartu beharrean, euskarak etxe oso bat behar duela erabaki zuten).

Hizkuntza bat osasuntsua izateko, funtzio denak bere baitan hartzen duen esparrua behar da.

Hala:

  • Elebitasun soziala ez da egonkorra. Gizartean beti da nagusi hizkuntza bat (administrazioan, enpresatan, politikanÂ…).
  • Aldeko jarduera kontzienterik ezean, hizkuntza gutxituak erreka jotzen du beti.
  • Aldeko jarduerak abiatzeko: esparru sinbolikoa + funtzioak oro dituen zirkuitua behar da.
  • Zirkuituak, ardatz originalak, komunitatearen neurrira eginak.
  • Behar adina motibazio, behar beste erabilera eremu.
  • Horrela, behar beste ezagutza.

Prentsa abertzale elebiduneko kazetak aztertuta:

  • Inork ez du areagotu euskararen presentzia; jaitsi egin da denetan.
  • Gara izan da beste esparru batzuetan euskarak presentzia izateko ahalegina egin duen kazeta bakarra (ekonomia, mundua...). Hala ere, Gara-n, egunkariaren %15ean da nagusi euskara; beste %85ean gaztelera da nagusi.
  • Le Journal-en, anekdotikoa da euskararen presentzia (iritzi zutabe bat eta gehiago ez).

Ondorio orokorrak:

  • Duela ia 100 urteko zenbaki beretsuetan gaude.
  • Euskal komunikazio esparruaren premia orain dugu, ez 100 urte barru. Egunkaria-k, itxi aurretik (2003), 12.000 bat ale saltzen zituen; 70 urte lehenago, Herria (8.000 ale) eta Argia (7.000 ale) komunikabideen artean bezala.
  • Euskararen etorkizun joerek ezinbesteko egiten dute euskara hutsezko komunikazio esparrua sendotzea (UNESCO, SEI...; hainbat inkestaren arabera euskararen etorkizuna kolokan dago, hiltzear da euskara).
  • Irulegi Irratia. Euskaraz egitea jarri zuten lehen helburu, eta hutsetik hasi eta egitura bat sortu dute.
  • Berria. Salto kualitatibo eta kuantitaboa eman du. Egunkaria-k 12.000 bat ale saltzen zituen. Orain dela urte askotako zifra beraietan zebilen. Berria 20.000tik gora dabil.
  • Babes hesia eraikitzen hasita daude batzuk (fusio prozesuak: Goienkaria, UK, Hitza...).
  • Garapen kuantitaboaz gainera, garapen kualitatiboa eman da.
  • Autozentramendua: barrura begira egin behar da lan, barruko behar komunikatiboei begiratuz.
  • Euskarazko komunikazio-esparrua, euskarazko hedabideak indartuta sortzen da, ez hedabide elebidun diglosikoak sustatuta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide