Atzo (ostirala) inauguratu zuten gazteek Gaztetxe berria. Inaugurazio ekitaldi pozgarria behar zuena, ordea, ez zen horrela izan. Lehenago, udal langileak sartu baitziren Gaztetxera, eta zenbait horma-irudi ezabatu zituzten, Udalaren aginduz, irudiek "izaera politikoa" zutelako eta "hitzarmenean adostutakoa hausten zutelako". Ezabatutako irudietan Azpeitiko udaletxea, arrano beltza, euskal presoen eskubideen aldeko leloa, Guardia Civil Alde hemendik eta amnistiaren ikurra zeuden.
Gaztetxe berria Urola kalean dago, Loiola 91 bezala ezagutzen den eraikinean. Gazteei Udalak utzitako lokala da, eta hitzarmena adostuta dute gazteek eta Azpeitiko Udalak, baina sinatu gabe dute oraindik. Gaztetxea inauguratu aurreko egunetan, ordea, hitzarmenean esaten denak sortu du eztabaida gazteen eta Udaleko arduradunen artean. Izan ere, gazteek Gaztetxean "izaera politikoko" muralak egin dituztela eta hitzarmenean "politika alde batera utzi eta Gaztetxea ekitaldi soziokulturaletarako izango dela" zehazten dela argudiatu du Udalak. Baina Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kideek beste modu batera ikusi dute kontua. Haien esanetan Udala da hitzarmena bete ez duena: "Hitzarmenean Gaztetxea gazteok autogestionatua izango dela esaten da, eta han barruko jarduera Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak eramango duela. Baina Udala Gaztetxera sartu da eta han zeuden bost margolan ezabatu ditu".
Aurreko egunetan, margolanen inguruan batzarrak egin dituzte gazteen eta Gaztetxearen inguruko hitzarmena osatzen jardun duten udal ordezkarien artean. Baina ez dira ados jarri. Udaleko arduradunek margoak ezabatzeko eskatu zieten gazteei, eta hauek gazteen arteko batzar zabalean ezezkoa erabaki zuten. Azkenean, eta margolanak "zenbaitentzat mingarriak" izan daitezkeelakoan, horiek ezabatzea erabaki zuen Udalak.
Atzo, gazteek, Udalaren jarrera salatu eta Gaztetxearen egitasmoak "erasoi aurre eginez" aurrera jarraituko duela esan zuten. Udalaren esanetan, lehendik gazteekin adostutako hitzarmenak "interpretazio desberdinak" dituenez, berriro gazteekin bildu eta gauzak zehaztu eta adostu beharko dira. "Guk Gaztetxea inauguratzeko eragozpenik ez dugu jarri nahi, irailean denak lasaiago egongo gara, eta elkarrekin bildu eta bakoitzak ateratako ondorioak eztabaidatu beharko ditugu", zioten atzo udal arduradunek. Gazteak ere Udalarekin hitz egiteko prest agertu ziren atzo, baina "beti ere zentsura eta kanpo eraginak alde batera utzita".
Lehen ika-mikak bazter utzita, Gaztetxea atzo arratsaldean inauguratu zuten. Plazan aurkeztu zuten Gaztetxeko Asanblada eta gero kalejiran Gaztetxera joan ziren, eta hainbat ekitaldi izan zen atzo bertan.