Herenegun eta atzo jende ugari ibili zen jaietan. Umeen Eguna izan zen herenegun eta eguerdi artean bero handia egin bazuen ere, jendeak adi jarraitu zuen erraldoien dantza txapelketa plazan.
Atzo, berriz, Santio egunez, Baserritarren Eguna ospatu zuten. 11:00etan, sagardo eta ardi gazta postuak prest zeuden, baina ez zebilen jenderik plazan. Astotegian zebilen jendea hango eskualdeko ganadu erakusketa ikusten. Baina eguerdia hurbiltzen joan zen heinean plaza jendez betetzen hasi zen. 13:00etan, plaza bete-bete eginda zegoen. Ordurako, herriko Euskal Labelaren barruan dauden harakinek erre zuten txekorraren pintxoak agortuta zeuden. Erretako txekorrak 218 kilo pisatzen zituen, eta Azpeitiko Olazabaltxo baserrian hazitakoa zen. Ardi Gazta txapelketan hamalau gaztagilek hartu zuten parte. Finalera eskualdeko hiru heldu ziren, baina ez zuten saririk lortu, aurreneko hirurek bakarrik jaso zutelako saria. Laugarren gelditu zen Felix Agirre azpeitiarra, bosgarren Patxi Otaegi beizamarra, eta seigarren Azpeitiko Berastegi Elkartea. XXXIII. Sagardo Lehiaketan 23 sagardozalek hartu zuten parte, eta bi sari nagusiak Lizeaga sagardotegiak jaso zituen.
Festaz gozatzeko eguraldi ederra egin zuen atzo goiz guztian zehar. Goizetik eguerdia arteko ekitaldiak sagardo lehiaketako sari banaketarekin bukatu ziren. Arratsaldean, berriz, saninazioetako zezenketetako zezenen desenkajonamendua izan zen.
Hazpandarrak Azpeitian
Ekitaldiz betetako jaiak izan dira asteburu osoan Azpeitian. Herenegun, gainera, hazpandarrak izan ziren bisitan. Kinttela Zezen Elkarteak gonbidatuta, Hazparneko Idiak Zezen Elkarteko 52 lagun etorri ziren herrira.
Eguerdian Udaleko agintariek ongietorria egin zien hazpandarrei. Bertan, bi herrien senidetzea "berrindartu" beharraz jardun zuten hizketan Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta 80ko hamarkadan bi herrien arteko senidetza sinatu zuen Daniel Kanblong hazpandarrak. Alorrez alor, berriro ere bi herrien arteko hartuemanak sendotu behar direla adierazi zuten.