EGAtik gorako ikastaroa, Udal Euskaltegiaren ekimen berria

Uztarria 2005ko ira. 8a, 18:09

Lan munduan euskaraz jarduteko gaitasuna hobetu nahi da

EAEn HABEren euskaltegietan seitan emango da ikastaro hori, eta Azpeitikoa izango da horietako bat

Ekimen berriari ekingo dio ikasturte honetan HABEk Euskal Autonomia Erkidegoan dituen euskaltegietan: EGAtik gorako ikastaroari. Eta horietako bat Azpeitiko Udal Euskaltegiak emango du, gaur (osteguna) Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Patxi Saez Udal Euskara Patronatuko zuzendariak prentsaurrekoan esan dutenez. HABEk EAEn 162 euskaltegi ditu, eta seitan antolatuko du EGAtik gorako ikastaroa (4. maila bezala ezagutuko da), eta Azpeitikoa da udal euskaltegien sareko bakarra.

Irakasleei, notarioei, sendagileei, administraziokoei, abokatuei, sendagileei eta abarrei zuzenduta dago, eta Ana Mendizabalek parte hartzeko "gonbidapen berezia" luzatu die herrian lan munduan sartuta edo sartzeko bidean diren euskaldun alfabetatuei. Aipatutako lanetan Azpeitian egunero erabiltzen da euskara, ahoz (edo) eta idatziz, edo erabil daiteke, eta lana euskaraz hobeto egiteko ikastaroa da gaur aurkeztu dutena.

Gehienez hamabi laguneko taldea osatu nahi da, eta partaideek EGA maila behar dute. “Uste zabala da —esan du Patxi Saezek— euskalduntze prozesua EGArekin bukatzen dela, horrekin ate asko zabaltzen direla. Baina EGA izateak ez du esan nahi edozein lanetan euskaraz egoki moldatzeko gai garenik. 4. mailarekin hori lortu nahi da, oinarrizko lanetan, teknifikatu edo espezializatuetan, euskaraz lan egiteko gai izatea”.

Ikastaroa aurkezteaz batera, Azpeitiko Udaleko Euskara arduradunek euskaltegiaren ikasturtearen nondik norakoak ere eman dituzte. 30 ikastaro pasa eskaintzen dituztela esan dute, “eta ikastaro gehienak bereziki euskaldunei zuzendurikoak dira”. Matrikulazio kanpaina abian dute, Udal Euskaltegira goaz. Bazatoz gurekin? leloarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide