Anjel Otaegi Martutenen

Agustin Azkarate 2005ko ira. 25a, 13:09

Berria egunkarian, Agustin Azkarateren iritzia argitaratu da gaur (igandea); kartzelan ezagutu zuten elkar, 1974an

Hilaren 27an 30 urte beteko dira frankismoak Otaegi fusilatu zuenetik, besteren artean

(Uztarriak nuarbetarrari buruzko biografia atera zuen 2001ean)

Anjel Otaegi, nik 1974ko azaroan ezagutu nuen, Martuteneko kartzelara sartu nindutenean. Ez zen handia Anjel, baina bai zabala, potoloa esango nuke, eta ni baino helduagoa. Kartzelan guk Azpeiti deitzen genion. Caraquemada ere deitzen genion, gorritu egiten zitzaiolako aurpegia, soriasis bezalako zerbaitengatik, eta hotzarekin gehiago. Horren konplejua zuen eta ez zitzaion izenorde hori gustatzen. Pilota partidak irabazten zizkidanean esaten nion nik “caraquemada”, “cabron” eta halakoak, bera haserretzeko. Bestela, Anjel deitzen genion, edo Azpeiti, nahiz eta bera Nuarbekoa izan.

Gu politikoen galerian geunden. Kartzelak bi parte zituen orduan, bata komunena eta bestea politikoena. Gauzak aldatu egin dira urteekin, baina orduan preso komunekin ez ibiltzeko agindua genuen. Ez dakit zer zen berez, erakunde politikoen agindua edo presoen ohitura, baina preso politikoek ez genuen komunekin harremanik izan behar. Hori, gero, ez zen zehazki betetzen, orduan ere bazen gure artean jendea preso komunak arazo sozioekonomikoen ondorioa zirela pentsatzen zuena eta bazterketaren kontra zegoena. Baina sofistikazio horietan sartu gabe ere, gertatzen zen zeure herriko jendea sartzen zela, kaletik ezagutzen zenuena behar bada, eta nahi gabe ere komunekin harremanak suertatzen zirela.

Anjel gizon alaia zen. Baina negu hartan nahiko triste ibili zen. Gero gertatuko zitzaion guztia susmatzen zuela iruditzen zait. Abokatuen bisitetatik ezkor itzultzen zen. Tupa eta Tankeri laguntzeagatik harrapatu zuten Anjel, eta bazegoen guardia zibil bat hilda Azpeitian. Frankismoak sasoi hartan eskarmentua eman nahi zien euskaldunei, eta Tupa zen eskarmentu hartzeko egokienetakoa, baina momentu hartan gaixorik zegoenez gero, ba eskarmentu hori norengan eta, azkenean, Anjelengan deskargatuko zuten. Tupari tiro bat jo zioten buruan, harrapatu zutenean, eta burua galduta gelditu zen, kondenatua izateko gauza ez zela. Orduan, Anjelek ordaindu beharko zuen frankismoaren mendeku gogoa. Eta gertatuko zitzaion guztia aurreikusten zuela uste dut. Abokatuak emango zion informazioa behar bada, abokatuaren bisitetatik lurra jota itzultzen zelako. Patioan ibiltzen ginen gero eta, abokatuarekin hitz egin ondoren, “Me quieren joder, Agustin”, esaten zidan, “me quieren joder”.

Bestela oso alaia zen. Ondo konpontzen zen komunako jende guztiarekin. Nik 21 urte nituen orduan eta Anjel baino gazteagoa nintzen, gehienak gazteagoak ginen, baina zaharragoak ere baziren. Jende asko geunden politikoen komunan, Joxemari Zubillaga palan ongi jokatzen zuena; Xabier Gurrutxaga gaztea eta politikoa; Juanmari Labordeta Lezokoa; Luis Zapirain umore oneko torneroa; Pello Gurrutxaga Plaentzikoa; Iñaki Azurmendi Asto, pintada bat egiteagatik harrapatuta, multa ordaindu ala kartzela, eta kartzelan zegoena; Jose Antonio Lazkano Kurruku; ez dakit izena Cerrato Nixon, hau ere Kateakoa; Josetxo Arrieta ikaslea; Iñaki Garmendia, hau ere Loiolakoa; Inazio Urretabizkaia Galaxio; Iñigo Alkain. Iñigo Alkainek harreman handia zuen monjekin han kartzelan eta Anjelek astakeriak esaten zizkion igandeetan, mezara joaten zelako monjengana. Garai hartan ongi konpontzen ginen gure artean, komuna berean geunden, denak elkarrekin, eta gainera janaria barra-barra sartzen ziguten kanpotik.

Markos Izagirre zen komunako janaria kontrolatzen zuena, hau ere zaharra zen, eta elizakoa, gu baino serioagoa eta txintxoagoa. Gure komunako janaria gobernatzen zuen eta jatekoa sobran ere bagenuen. Baina edaria falta. Eta hain zuzen, alkohol apur bat lortzeagatik deskonplitu genituen, Anjelek eta biok, komunako lege batzuk. Alde batetik, komunekin harremanik ez izatearena eta, bestetik, komunako janaria ez lapurtzearena.

Negu hartan preso komun bat heldu zen Burgoseko penaletik, Zezilio Gastezi. Burgoseko kartzelan preso arriskutsuak egoten ziren, El Lute eta halakoak, eta penatuaren uniformearekin egoten ziren. Penatuaren uniformea jadanik gutxi erabiltzen zen, baina Zezilio Gastezi hura penatuaren uniformea erantzi gabe etorri zen Burgosetik, traje hark kategoria ematen ziolako beste presoen begietan; txaketa urdina eta galtza urdina, langilearen buzoa bezala baina bi piezatan. Penatuaren uniformea gainetik kendu gabe, Zezilio Gastezik berehala lortu zuen Martuteneko ekonomatoa, ezkutuko salerosketak, apustuak eta kartzelako giroa kontrolatzea eta, nola ez, ardoa ere kontrolpean zuen. Zezilio Gastezi neure herrikoa zen, Oreretakoa, aita gudaria izandakoa, familia abertzalekoa, baina bera, sasoi hartan behintzat, kinkia, kinki euskalduna.

Orduan, esan bezala, debekaturik genuen komunekin harremana, baina guk jatekoa genuen eta haiek edatekoa. Politikoek janaria eta komunek alkohola. Anjeli ere ez zitzaion batere gustatzen edaririk gabe jatea eta tratu bat egin genuen, Zeziliorekin, janariaren truke alkohola lortzeko. Markos txintxoegia zen eta, bagenekien ez zigula negozio hura aurrera eramateko baimenik emango, beraz ezkutuan egin behar izan genuen. Gordeta zeudeneko zeldatik “hartu” genituen gauza batzuk, eta “hartu” diot, ez “ostu” edo “lapurtu”, komunan janaria sobra zegoelako eta, gainera, denona zelako.

Eta joan ginen Anjel eta biok, gure gazta, txorizo eta latekin dutxetara. Dutxak neguan, imajinatu ze tenperaturan zegoen han ura, hutsik zeuden eta hango bakardadean elkartu ginen Zezilio Gastezirekin. Txanpu boteetan ekarri zuen ardoa Zeziliok eta berehala trukatu genituen merkantziak. Joan da Zezilio bere salgaiekin eta han geratu gara gu txanpu botilatik edaten. Behin baino gehiagotan izan genuen dutxetako hartu-eman hura, Anjel eta biok hantxe dutxetan bertan geratzeko txanpu botilatik edaten, eta seguru nago Anjelek nik baino gehiago hustu zituela. Gero barreka itzultzen ginen gure komuna-kideengana, Gora Eta! eta, biak gipuzkonoak izan arren, Aupa Athletic! aldarrikatzen.

Sasoi hartan gertatu zen pemeen eta milien arteko eszisioa. Azpeiti miliekin geratu zen. Eszisioa gertatu eta hasieran ez ginen aklaratzen. Egun batetik bestera kanpotik hasi zen sartzen jendea esanez gauza bat ala bestea ginen definitu behar ginela, diferentziak handiak zirela eta geroago eta handiagoak, eta milia ala pemea izan, bien artekorik ez zegoela eta, bata ala bestea aukeratu beharra zegoela. Eta Azpeiti miliekin geratu zen denbora guztian. Baina pemeekin ere ondo konpontzen zen. Nirekin, bestela ere, ardoagatik ondo konponduko zela uste dut.

Dena dela, ez zuen eszisioa ulertzen, independentziaren aldeko borroka berean parte hartzen ari ginela eta helburu berberak bagenituen banandu beharrik ez genuela esaten zuen beti. Artaldea baketzen ahalegintzen denetakoa zen Anjel, baina alferrik, ezinikusiak geroago eta handiagoak izango zirelako ordutik aurrera.

Martutenen errejimena nahiko irekia zen, egun guztia barruan libre. Ez zegoen txapeorik, bisitetara familiakoak eta lagunak ere etortzen ziren, biblioteka zabalik zegoen. Tailerrak ere bazeuden, baina ez dut uste lan egiten genuenik, erredentzioak berezkoak ziren orduan. Euskarazko klaseak ere antolatu genituen, Xabier Gurrutxagak ematen zituen. Larunbat arratsaldeetan zinea izaten zen, baina Anjel ez zen joaten zinera, nahiago izaten zuen patioko frontoian geratu, Joxemari Zubillagarekin, Juanmari Labordetarekin, Markos Izagirrerekin palan jokatzen. Kartetara ere gustatzen zitzaion, tapetea genuen, musean edo tutean egiteko. Fariasak ere edukitzen genituen, kea egiteko.

Gu baino zaharragoa zen Anjel eta adarra jotzen zigun. Bazuen malizia apur bat, baserritar argiaren malizia hori.

Ni 1975eko martxora arte egon nintzen Martutenen. Ez dakit bera lehenago eraman zuten, uste dut nik kalera irten eta gero eraman zutela Anjel Burgosera. Esan bezala, Burgos leku gogorragoa zen, bai komunentzat eta bai politikoentzat. Anjelek intuizio hori zuela uste dut, bazekiela hilgo zutela.

Oso euskalduna zen, euskaraz egiten zuen beti, eta ez zitzaion gustatzen guri erdaraz egin beharra. Pilotan irabazten zidanean nik “caraquemada” eta “cabron” deitzen nion baina berak, lagun arteko irainen erreserban, “maketo” eta “belarrimotza” zituen niretzat, euskalduna izanda euskaraz egiteko gauza ez nintzelako. Euskaraz berari buruz zerbait kontatzeko bezainbeste ikasi dut denborarekin, berari kendu zioten denborarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide