Nikolas Segurolak bizitza osoa eskaini dio artzaintzari. Izandako gorabehera guztiak gertutik ikusi ditu, eta etorkizuneko artzainak trebatzen jarduten da Arantzazuko Artzain Eskolan. Aditua denez gero, Artzain Munduak antolatutako Munduko Artzainen III. Topaketetan parte hartu du.
Artzainek natura gehiegi babesteak beren lanbideari kalte egiten diola adierazi zuten. Zer deritzozu horri?
Artzainak berez zertxobait pesimistak gara; gure kritika gehienak atzerakoiak izaten dira. Baina ados nago haiekin, zeren eta herri inguru askotatik bota gaituzte. Neurri batean ulertzen dut, jendeak bizi behar duelako, artzainok ere industria behar dugu, esaterako; baina hori konpentsatzeko horren ordezkoa beharko genuke sari moduan. Behin baino gehiagotan adierazi diet politikariei ez dudala ulertzen zergatik ez diren utzita dauden baserriak prestatzen eta artzain gazteei ematen. Badira gazteak hartuko lituzketenak.
Zergatik ez duzue babesik? Ba al du zerikusirik artzaintzak ekonomian duen pisu txikiak?
Zoritxarrez, eta artzain gehienek esaten dutenez, ez da babesten dirua ematen ez duen ezer. Baina artzaintza ordaindu behar den bezala ordainduko balute, eta Europatik datozen babesak horren txikiak ez balira, egoera guztiz desberdina izango litzateke, eta Administrazioak gehiago arduratuko lirateke. Ardia ez da bakarrik gazta lortzeko, gure mendietako lorezainik onena da, eta horretaz konturatuko balira, artzaintza salbatuko lukete.
Artzainek azaldu zuten, halaber, beste kezka bat: artzaintza azkenetan zela ondorengotzarik ez zuelako. Ados al zaude baieztapen horrekin?
Askotan entzun dugu hori, baina nik ez dut Euskal Herrian horrenbeste ardi inoiz ezagutu. Eta berdin-berdin, artzain profesionalen kopurua igo dela pentsatzen dut. Hortik jo beharko du artzaintzak jarraitzekotan, profesionaltasun horretatik. Kongresuan entzunda- koaren arabera, artzaintza galduko den beldurra badago. Halere, badirudi Estatu espainoleko herriek guk baino beldur handiagoa izateko arrazoia dutela; izan ere, guk bideratua dugu artzaintza. Herri horietan, ordea, mugimenduak sortzen ari diren arren, badakite gu baino 20 urte atzerago doazela. Dena den, ametsa hor dago. Gurekin erkatuta oso berandu dabiltza, baina gu Iparraldearen aldean oso berandu hasi ginen.
Geroa bermatzeko indar egingo zuten elkarteak sortu behar zirela aldarrikatu zuten. Topaketa izan daiteke abiapuntu?
Bai, abiapuntua izan daiteke, eta izan behar du. Gisa horretako ekimenek izugarrizko bultzada ematen diote artzain munduari. Beharrezkoa da gure errebindikazioak egiteko denak elkartzea, eta egarri hori nabaria zen oso kongresuan. Baina eskaerak ez dira egingo aberastasunak lortu nahi ditugulako, inolaz ere. Konforme gaude gure txiro izanda, naturarekin lan egiten; bizimodu gogor hori eramangarriago egin nahi dugu, besterik ez. Ez dugu gehiegi eskatzen, bizitzeko hainbeste bakarrik.
Zeintzuk dira topaketatik atera dituzun ondorio nagusiak?
Lehena, Euskal Herriko artzaintza ezin dela gehiegi kexatu. Beste herrialdeetako artzainei entzunda, haien egoera larriagoa dela nabari da. Horrenbestez, azken urteetan beste herrietan egin ez duten lana gurean egin dugula bistan da. Bigarrena, artzaina bokazioz dela artzain, eta ez aberasteko. Dirua nahi du ardiak zaintzeko, eta, ez alderantziz, jendeak pentsatzen duen moduan. Hirugarrena, aurrera egiteko dagoen gogoa. Gehienak pesimistak ziren, baina ez dute etsitzen, eta lanbidea nola hala salbatu nahi dute. Laugarrena, espainiarren etsipena; euren nahia eta ezina. Bosgarrena, laguntza ezinbestean behar dela; bakoitzari ordain diezaiotela tokatzen zaiona. Seigarrena, elkartzeko nahia eta beharra. Zazpigarrena, Kongresuan parte hartu zuten politikarien babesak sortutako zirrara eta piztu zigun itxaropena. Eta azkenik, atzerritik etorritako artzainek adierazi zuten esker ona harrera beroagatik, eta izan genuen giro ona eta goxoa.