Hazten ari den sektorea da euskarazko prentsa, azkeneko urteetan proiektu berriak gauzatu direlako (haien artean, 'Hitza'-k), baina Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailean ez da errealitate berrira begira pausorik eman, aurrekontuetan ez delako 2000tik 2005a arte igoerarik izan.
Gainera, urtero laguntzen zenbatekoak berandu jakiten dituzte euskarazko prentsakoek, eta ordainketa moduak ere arazoak sortzen ditu.
Egoera hori izanda, azkeneko hilabeteetan sektoreko ordezkariak biltzen aritu dira, eta gaur, Donostian, agerraldia egin dute hedabideen aurrean (han zen Uztarriako ordezkari bat). Egoera zein den adierazi ondoren, eskaerak: batetik, 2006rako euskarazko prentsarentzat Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan milioi bat euroko hazkundea izatea, eta, bestetik, diru laguntzen zenbatekoa urtearen lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea.
Uztarria eta Urola Kostako Hitza (Uztarria bertako bazkideetakoa da), idatziaren egileen artean daude.
Eragileok Kultura Sailarekin eta Gasteizko Legebiltzarreko alderdiekin izan dituzte bilerak. "Badirudi ordainketa aurreratzeko konpromisoa hartzeko prest daudela. Kopuruaz, ordea, ez digute ezer esan".
Euskaraz idatzitako hedabideen idatzia
"Azken hilabeteotan, euskarazko idatzizko hedabideetako hainbat eragile elkarrekin aritu gara lanean, sektorearen azterketa egiteko oinarriak jartzen eta egungo egoerari buruzko gogoeta egiten.
Eusko Jaurlaritza 2006ko aurrekontua prestatzen ari den une honetan, diru-laguntzen inguruko gogoeta egin dugu eta berau Administrazioari nahiz alderdi politikoei jakinarazten ari gatzaizkie, eskaera zehatzak eginez. Alderdiekin eta Kultura Sailarekin partekatzen ari garen gogoeta eta eskari horiek publiko egitera agertu gara gaur zuen aurrean.
Hiru puntu ditugu azpimarratzeko:
- 1. Diru-laguntzen epeak. Gaur egun, urtearen hamargarren hilabetean sartu eta gero, oraindik, ez dakigu ez 2005eko diru-laguntzen zenbatekoa ez laguntza hori noiz jasoko dugun. Egoera hau, zoritxarrez, ez da berria, urtero gertatzen baita gauza bera. Urte berri baten eta legealdi berriaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu diogu diru-laguntzen zenbatekoa urtearen lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egin dezala.
- 2. Euskarazko komunikabideen laguntzarako Kultura Sailak jartzen duen diru saila ez da handitu azken bost urtean, diru-laguntzetarako erabilitako 2005eko diru kopurua 2000koaren parekoa da, hau da, 3.800.000 eurokoa. Diru sail horretatik, 3.280.000 euro dira idatzizko euskarazko prentsari dagozkionak eta kopuru honek ez du izan epe horri dagokion KPIaren garapenik ere ez. Beraz, urtetik urtera, kostuen hazkunde etengabearen eraginez, gero eta baliabide gutxiago dugu euskarazko hedabideek gure jarduera garatzeko. Urte hauetan guztietan, euskarazko idatzizko hedabideok urrats handiak egin ditugu: ekimen berriak sortu, lehengoak sendotu (maiztasuna, kalitatea eta zabalkundea handituz), giza baliabideak hobetu eta hori guztia gure bitartekoekin egin behar izan dugu, bakoitzak jasotako laguntzak txikitzen joan diren bitartean. Hala ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak berak estrategikotzat jotzen duen komunikabideen eremuak, oraindik, sendotasun maila nahikoa ez du lortu eta laguntza publikoak ezinbesteko ditu. Idatzizko prentsa oinarritzat hartuta, elkartu garen eragileen artean egin ditugun estimazioen arabera, egungo euskarazko prentsa idatziak milioi bat euro gehiago beharko lituzke 2006. urterako eta idatzizko prentsari dagokion aurrekontuan hazkunde hori aurreikusteko eskatu diegu Kultura Sailari eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei.
- 3. Era berean, euskarazko gainontzeko hedabideen egitasmoak (irratiak, ikus-entzunezkoak, interneteko hedabideak) behar den neurrian babestuak izan daitezela eta beraiek egiten dituzten eskariak aintzat hartuak izan daitezela eskatzen ditugu. Euskarazko prentsa idatziko eragileok egiten ditugun eskariak bestelako hedabideek egiten dituztenekin osagarriak dira, eta denak jasoak izan daitezen lan egingo dugu".
Idatziaren egileak
- Aizu!
- Jakin.
- Uztaro.
- Bat.
- Ipurbeltz.
- Elhuyar.
- Euskara elkarteen Topagunea.
- Nabarra.
- Berria.
- Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza.
- Oarsoaldeko Hitza.
- Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza.
- Urola Kostako Hitza.
- Goierriko Hitza.
- Irutxuloko Hitza.
- Bertsolari aldizkaria.
- Argia.
- Xirika.
- Gaztetxulo.
- Geu (Gasteiz).
- Anboto (Durangaldea).
- Begitu (Arratia-Ubide-Zeberio).
- Berton (Mahatserria-Bilbo).
- Prest (Deustu).
- Drogetenotturri (Ermua-Mallabia).
- UK (Uribe Kosta).
- Aiurri (Beterri-Aiztondo eta Beterri-Buruntzaldea).
- Aldaize (Idiazabal).
- Artzape (Getaria).
- Barren (Elgoibar-Mendaro).
- Danbolin (Zestoa).
- ...eta kitto! (Eibar).
- Maxixatzen (Azkoitia).
- Pil-pilean (Soraluze).
- Txintxarri (Lasarte Oria).
- Uztarria (Azpeitia).
- Karkara (Orio-Aia).
- Guaixe (Sakana).
- Noaua! (Usurbil).
- Txaparro (Zarautz).
- Kronika (Hernani).
- Galtzaundi (Tolosa).
- Aikor (Txorierri).
- Herriko (Herri Komunikabideak Kooperatiba).