Aranburu: izarren talentua, langileen arima

Xabier Lopetegi (Berria) 2005ko urr. 12a, 11:10

Azpeitiarrak 200. partida jokatu zuen Lehen Mailan Betisen aurka. Taldeko ardatzetako bat da, zalantzarik gabe (Berria)

1997ko ekainean egin zuen debuta, Iruretarekin. Entrenatzaile guztiekin jokatu du

Ume koskor baten aurpegia izan arren, beteranoa da Mikel Aranburu. Ez,dagoeneko adinean sartuta dagoelako, Realarekin 200 partida jokatu dituelako baizik: Betisen kontra iritsi zen kopuru horretara. Ondo bidean, askoz gehiago jokatuko ditu, 26 urte besterik ez baititu erdilariak. Apurka-apurka, oharkabean ia, talde txuri-urdineko oinarrietako bat bilakatu da, eta baita Anoetako zaleen kutuna ere. Behetik hasita, txintik atera gabe, bihotzeko taldean arrakastaren bidea urratzen duen etxeko jokalariaren adibide garbia baita.

Ikasle goiztiarra izan da Aranburu. Lagun Onak taldetik Realera egin zuen jauzi txikitan, eta berehala jabetu ziren Zubietako teknikariak esku artean harribitxia zutela, lehen taldean jokatzeko behar zen guztia baitzeukan: ondo egokitutako burua, lanerako grina, eta, erosterik ez dagoen hori, talentua, klasea, kalitatea. Athletic ere azpeitiarraren arrastoaren atzetik zebilen, baina behar bezala lotu zuen Realak. Hemezortzi urterekin egin zuen debuta lehen taldearekin, 1996-1997 denboraldian, Jabo Iruretaren eskutik: 2-1 irabazi zuen Realak LogroƱesen kontra Anoetan.

Hurrengo urtea bigarren taldean eman zuen, eta 1998-1999 sasoian hasi zen lehen taldean finkatzen. Harrezkero, funtsezkoa izan da. Askotan gertatu izan zaio denboraldi hasieran aulkian geratzea (iaz, adibidez, Alkiza eta Artetari eman zien lehentasuna Amorrortuk), baina denborak aurrera egin ahala, tokia egin zuen hamaikakoan, Kraussekin, Clementerekin, Alonsorekin, Toshackekin, Denoueixekin eta Amorrorturekin berarekin. Batez beste 30 norgehiagoka jokatu ditu, gutxi gorabehera. Edonoren esku ez dagoen lorpena da hori.

Asko jokatzeaz gain, toki askotan jokatu izan du, baliabide anitzeko jokalaria dela frogatuz. Euskarri postuan aritu da gehientsuenetan, baina aurreraxeago ere jokatu izan zuen lehen denboralditan, eta baita bi hegaletan ere. Gauza asko daki ondo egiten: defentsan trebea da, kilometro asko egiten ditu, ondo erabiltzen ditu bi hankak, eta inork bezala erabiltzen du gorputza aurkariari izkin egiteko. Bizitasuna eta indar apur bat falta zaizkio, eta bere buruarengan gehiago sinestea, punta-puntako jokalaria izateko, baina 26 urterekin ez du oraindik gailurra jo. Hobera egingo du. Itxaropen hori daukate, behintzat, jarraitzaile gehienek.

Entrenatzaileen konfiantza izateaz gain, badago futbolean goi mailari eusteko ezinbesteko baldintza bat: lesioekin arazo handirik ez izatea. Eta alor horretan, kexarako arrazoi handirik ez du Aranburuk. Behatza bitan apurtu du, eta ebakuntza egin behar izan zioten duela urte batzuk. Buruhauste franko eman zizkion lesio horrek, baina, ordutik hona, min hartuta egoteagatik partida bat ere ez duela galdu adierazi du berriki: "Zorte dezente eduki dut".

Horrenbesteko zortea ez du izan ate aurrean, bere ibilbidean gainditu gabeko irakasgairik izan baldin badu, gol falta izan delako hori. Hamaika gol baino ez ditu sartu. Deigarria da, bi hankekin jaurtiketa ona baitauka. Denboraldi honetan, adibidez, askotan jaurti du area kanpotik, baina ez du asmatu, gola oso gertu izan badu ere: "Egia da ez naizela oso fin ibili. Eskerrak taldean badaudela gola egiteko nik behar ditudan aukera guztiak behar ez dituzten jokalariak".

Betisen kontrako neurketa Lehen Mailan jokatutako 200.a zuela ez zekien Aranburuk. Argi dauka, hala ere, "askoz gehiago" jokatu nahi dituela: Reala du bere etxea eta zaleek ere begiko dute, bere apaltasunean, erroetara itzuli nahi duen taldearen ikur bihurtu delako. Une honetan Nihat eta Alonsoren kontratuak berritzeko lanean dihardu Jose Mari Bakerok, eta horiekin amaitzean ere izango du zertan jardun, 2006ko udan jokalari askori amaitzen baitzaie kontratua. Aranburuk, berriz, 2007. urtea arte sinatu zuen, eta klubak aukera dauka bere kabuz urtebete gehiago luzatzeko. Beraz, etorkizunak ez du oraingoz azpeitiarra batere kezkatzen.

Kapitainaren besokoa

Azken partidatan kapitainaren besokoa eramateko ohorea tokatu zaio. Albertok, De Paulak, Kovacevicek eta Rekartek (denak, hura baino zaharragoak) soilik jokatu dituzte bera baino partida gehiago Realarekin, baina lehen biak ez dira hamaikakoan sartzen, Kovacevicek ezin du eraman atzerritarra delako, eta Rekartek ere ez du tokia ziurtatua hamaikakoan. Hori dela eta, kutsu sinboliko handia daukan lekukoa hartu du Aranburuk 26 urterekin, askorentzat anekdota hutsa bada ere.

Karpinek taldea utzi zuenetik, askotan errepikatu da Realak haren lidergoa eta kasta faltan sumatuko zituela, eta ez zela taldean ikusten errusiarraren tokia bete zezakeen inor. Aranburu, beharbada, ez da jokalari aproposa Karpinekin alderatzeko, nekez ikusiko baitzaio imintzioka zelaian, nekez nabarmenduko baita komunikabideetan hautsak harrotzeagatik, edota taldekideren bati egundoko errieta botatzeagatik. Baina, bere erara, Realeko liderra izateko gaitasuna badu. Jarraitzaile asko horren peskizan daude. Talentua ez zaio falta, ezta lanerako grina ere. Aurrerapausoa emango ote du aurten?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide