Habearen ustez, Udal tasak ez dira igo behar

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 14a, 12:10

Azpeitiaren antzeko herrien aldean udal zergak eta tasak "goitik" daudela diote (Urola Kostako Hitza)

Udalbatzarrean joan den astean onartu ziren 2006ko udal zerga, tasa eta prezio publikoak. Habeakoen ustez, zergen igoera erabakitzeko orduan Azpeitia antzeko herrienak kontuan eduki behar dira, horien arabera igoz edota bere horretan utziz. "Gure antzeko herrien zergak hartu eta batez bestekoa atera dugu: Azpeitia denetan goitik dago. Beraz, ez igotzea proposatu dugu guk". Bestetik, pobrezian dauden herriko familiei zerga salbuespenak edota hobariak ematea proposatu zuten. Familia ugariei Udalak laguntzak ematen dizkie, eta "horiek hilaren bukaera arte udaletxean laguntzak eskatu ditzakete".

Uraren tasaren inguruan Udalak aurrerapauso bat eman duela gaineratu zuten atzo Habeakoek, baina oraindik egitekorik badagoela diote. "Ura altxor preziatua da, beraz zaindu eta erabilera mugatu beharra dago. Gehiago gastatzen duenak gehiago ordaindu beharko luke. Gure ustez, 30 metro kubikoko gutxienekoa kendu egin behar da, eta gutxi gastatzen dutenei lagundu behar zaie. Mantenurako kanon bat jarri beharko litzateke eta gero gastatzen den ur kantitate hori ordaindu beharko lukete herritarrek". Ur industrialen kasuan ere proposamena egin zuten: "Gehiengo muga 1.000 metro kubikokoa da, baina badira gehiago gastatzen dutenak, beraz gehiago ordaindu beharko lukete".

Udaletxeko diru iturrien kontuaz ere jardun zuten, eta zerga zuzenen bidez jasotakoa zenbait zerbitzuren inbertsioan erabili beharko litzatekeela zioten ezker abertzalekoek. "Udalak herriari zerbitzu ona eman behar dio eta hobetzen joan behar du. Aldundiari, herritarrek, zerga zuzenen bidez ordaintzen diogu eta diru horren zati bat gero herrietara dator. Aztertu egin behar da ea Aldundiak herrietara zenbat diru bueltatzen duen. Bestetik, Abiadura Handiko Trena, Super Portua... Horiek herrietako inbertsioen kalterako dira".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide