Iaz egin zuen bezala, Urola Kostako Hitza harpidetza kobratzen hasi da irakurleen artean; gaurtik (urriak 17). Joan zen urteko otsailaren 20an sortu zen proiektua sendotzeko egingo du kobraketa.
Iazko kanpainan, kontaktatutako harpidedunen %63k erabaki zuten ordaintzea. Azpeitiko iazko datua: 1.007 ordaintzaile (Uztarriak Azpeitian duen bazkide kopurua baino handiagoa).
Hitza
= zerbitzu garrantzitsua
Urte eta erdi baino gehiago pasatu da Hitza sortu zenetik, eta zerbitzu garrantzitsua ematen du:
- Egunero ateratzen da egunkaria, asteartetik igandera.
- Etxeraino banatzen da.
- Irakurleen %90ek diote egunkari "ona" edo "oso ona" dela eta "plurala" dela ere bai.
- Proiektua hazten ari da.
- Lehengo astetik jadanik 10.000 aleko tirada dauka —eskualdean alde handiz da egunkaririk zabalduena—.
- Webgunea ere badu.
Zerbitzu garrantzitsua = ordainketa
Ondorioz, Hitza-k zerbitzu garrantzitsua ematen die irakurleei. "Eguneroko zerbitzu hori baloratu beharra dago, eta horregatik behar dugu irakurleen aldetik ere ekarpen ekonomikoa", esan dute Hitza-ren enpresako arduradunek.
Zerbitzu horretaz gain, oso garrantzitsua da Hitza euskararentzat. Izan ere, euskararen normalizazioan tresna eraginkorra bilakatu da eta hizkuntz plan guztiek diote "estrategikoa" dela.
Hori guztia betetzen segitzeko "behar-beharrezkoa da iralurleen diru ekarpena". Are beharrezkoagoa udalen diru laguntza kopurua, proiektuak behar baino askoz txikiagoa denean, eskualde honetan gertatzen den bezala.
Datuak
- Aurrekontua, 600.000 euro aurten. Proiektu handia da Urola Kostako Hitza, ahalegin handia egiten du egunkaria etxera eramaten, eta Hitza-k urtean 600.000 euroko kostua du. Banaketa bera, aurrekontuaren %35-40 da.
- 285 ale etxera urtean. Hitza egunkaria etxeraino banatu ohi da, urtean 285 aldiz, asteartetik igandera bitartean. Hori dena egin ahal izateko, erredakzioan 11
langile ari dira eta banatzen 25 lagun. Eskatzen duenari ematen zaio.
- 52 euro baino ez ditu eskatzen. Hitza-k irakurleari 2005 osorako 52 euro baino ez dizkio eskatu. Ezinbestekoa da ekarpena, proiektu honek aurrera irteteko. Harpidedun bakoitza Hitza-ri 60-70 euro kostatzen zaio urtean.
- 3.400 ordaintzaile iaz. Iaz egin zuen Hitza-k lehen kobraketa kanpaina, eta kontaktatutako harpidedunen %63k ordaintzea erabaki zuten; 3.400ek. Oso emaitza ona izan zen. Aurten besteak erakartzea da helburua.
Beste arrazoi batzuk
- Hitza Txokoan partaide. Hitza-gatik dirua ordaintzen dutenek, proiektuari bultzada emateaz gain, abantailak izango dituzte besteen aldean, orain arte izan duten bezala. Hau da, Hitza Txokoan parte hartuko dute, eta berriz ere afariak, elastikoak, beste produktuak... zozkatuko dira haien artean. Dendatan abantailak ere izango dituzte laster. Horregatik ere merezi du, beraz, Hitza ordaintzea.
- Udalen diru ekarpena, txikia da. Euskarako beste edozein arlotako egitasmok bezala, Urola Kostako Hitza-k ere erakundeen diru laguntza behar du. Udalen kasuan, eskualdekoen ekarpena, behar baino askoz txikiagoa da; %65 txikiagoa. Hitza-ren eskaera: urtean biztanleko hiru euro. Aizarnazabalgo Udalak baino ez du ematen. Azpeitikoa, ia bi. Besteek gehienez bat. Oro har, ez dute betetzen EBPNk berak dioena ("estrategikoa da" Hitza bezalako hedabide bat, "lehentasun altukoa"...).