Euskara Patronatoak katalogo berria atera du

Uztarria 2005ko aza. 2a, 17:11

Merkatariei zuzendutako katalogoa da eta Zure esanetara izenburua jarri diote

Bi berrikuntza nagusi ditu aurtengo katalogoak

Euskara Patronatuak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan *Zure esanetara+ katalogo berria aurkeztu zuen atzo, merkatariei zuzenduta.

Patronatoak 1999 urtetik du Euskara Merkataritzara egitasmoa martxan, eta egitasmo horren bidez merkatariei euskarazko materiala, zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen dizkie doan. Aurtengo katalogoak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Alde batetik, orain arte Euskara Patronatuak urtero 50 establezimendu aukeratzen zituen beraiek zehaztuta dituzten irizpideen arabera. "Kalitatezko euskara zerbitzu bat eskaintzeko zailtasun gutxien edo pauso txikiena eman behar zutenekin, eta aldez aurretiko jarrera baikorra azaltzen zutenekin egin izan dugu lan orain artean. Orain, ordea, establezimenduek beraiek ere izango dute aukera prozesu horrretan izena eman eta martxan jartzeko", adierazi du Patxi Saez Euskara Patronatoko teknikariak. Prozesu horretan parte hartu eta helburuak betetzen dituztenean bereizgarri bat (pegatina bat) emango zaie establezimenduei, honek ere diseinu berria du.

Bestalde, teknologia berriekin zerikusia duen materiala ere sartu dute katalogoan. Nola, aurten, BDP Software aplikazio informatikoa eskainiko dute establezimenduen gestiorako. "Gestiorako softwarearen erosketa %100ean finantzatuko du Udalak. Beti ere bi baldintza betetzen badituzte: alde batetik establezimenduak zerbitzua euskaraz emateko prets izan beharko du,eta bestetik, barne gestiorako aplikazio informatikoa ere euskaraz izan beharko du. Hori horrela bada, programa erosterakoan ipinitako dirua bueltatu egingo zaie", adierazi du Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza Batzordeburuak.

Establezimenduek urte osoan izango dute katalogoan agertzen diren zerbitzuak erabiltzeko aukera. "Dagoeneko 160 establezimendu daude prozesu horretan, eta horietatik 71k hasierako helburua lortu dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide