Kontxu Odriozola: "Jendearen arnasa gertu sentitzea ezinbestekoa da aktore batentzat"

Iñaki Lazkano (Irutxuloko Hitza) 2005ko aza. 8a, 16:11

Irutxuloko Hitza egunkarian elkarrizketa egin diote Kontxu Odriozolari

Euskal Telebistak Kontxu Odriozola aktore eta antzezle antiguotarrari omenaldi hunkigarria egingo dio larunbatean, hilak 12, Kursaal Auditorioan.

Goenkale telesailak egin du ezagun Kontxu Odriozola. Dena dela, antiguatarrak ibilbide oparoa egina zuen aurretik telebistan nahiz antzerkian ere. Interpretazioaren munduan berandu hasi zen arren, gaur egun euskal aktore onenetarikoa da. Euskal Telebistak merezitako omenaldia eskainiko dio larunbatean Kursaalean.

Larunbat honetan omenaldia egingo dizute Kursaalean. Nola sentitzen zara?

Omendua zahartu delako, ezkutatu behar duelako, lana utzi behar duelako edo antzeko arrazoi batengatik egiten dira normalean omenaldiak. Kutsu hori hartzen diot nik, behintzat, omenaldi hitzari. Edo, bestela, omendua langile fina izan delako ere egiten dira omenaldiak. Euskal Telebistak eskainiko didan omenaldia bigarren arrazoi horregatik dela pentsatu nahi nuke. Hala bada, ongietorria izan dadin. Halako aitorpena jasotzeak poza ematen du eta. Baina lotsa ere ematen didala aitortu behar dut. Izan ere, gauza berezirik ez dut egin. Lana besterik ez. Eta, gustuko lana, gainera. Beraz, halako omenaldia jasotzea oparia da niretzat.

Ustekaberik espero al duzu?

Antolatu duten ekitaldi sorta gustatu zait. Artisten zerrenda oso erakargarria da. Musika, dantza eta beste hamaika gauza polit ere badaude. Lankideei ordaintzen badiete eta dena ondo badoa, denok gustura. Nire inguruko jendea joango da, eta batik-bat, familia. Horrek poz handia ematen dit. Baina niri egindako omenaldia baino, gure munduko jendeari aktoreoi egindako omenaldia balitz bezala ulertzen dut. Hori ere badela pentsatzen dut.

Goenkale telesaileko Maria Luisa ez litzateke omenaldiarekin hunkituko. Eta Kontxu Odriozola?

Ez pentsa! Nahiz eta Maria Luisak gogorraren plantak egin, sentimenduak ere baditu emakumeak. Dena dela, Kontxu Odriozola Maria Luisa baino bigunagoa da. Edozein gauzarengatik, negarra ateratzen baitzait. Erraz hunkitzen naiz.

Berandu samar hasi zinen antzerki munduan.

Irakaskuntzan lanean nenbilen arren, antzerkia zen nire pasioa. Erabaki gogorra izan zen, benetan. Baina, azkenean, irakaskuntza utzi eta antzerkia egiteko urratsa ematen ausartu nintzen. «Orain ala inoiz ez», pentsatu nuen. Pentsatu eta egin. Baina zalantza handiak izan nituen. Etorkizuna ez baita oso argia izaten antzerkian. Hala ere, ziurtasun ezak beste era batean bizitzen irakasten du. Eta arrisku pixka batekin bizitzea ere ona da.

Ezin esan hartutako erabakia damutu zaizula.

Ez, noski! Gainera, isilik egon beharra daukat. Zorte ikaragarria izan dut eta. Ez dut sekula lana falta izan. Beraz, zentzu horretan, pribilegiatua izan naiz. Ahalegindu egin naiz gero zintzoa izaten lanean! Kar, kar, kar...

Ibilbide oparoa egin duzu antzerkian eta telebistan. Zeintzuk dira zure aktore bizitzako unerik gogoangarrienak?

Antzerkia izugarri maite dut. Jendearen arnasa gertu sentitzea ezinbestekoa da aktore batentzat. Euskal Herrian antzerkiaz bizitzea oso zaila da, ordea. Telebistan lan egiteak nolabaiteko ziurtasuna ematen du. Gainera, jendearen etxeko egongelara ere iristen zara. Eta hori, lagun, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula!

Goenkale telesaila oso berezia da zuretzat. Maria Luisa euskal etxekoandreen ikono bihurtu da.

Kalean denetarik esaten didate. Gauza txarrak, gehienetan. Baina baita onak ere.

Nolako gauzak?

Nire alde egiten dutenak ere badira. Andre asko hurbiltzen zaizkit eta "ez barkatu gizon zikin horiei gero!" esaten didate. Halakoa izateko arrazoiak izango ditudala ere badiote. Eta "gaixtoa" naizen arren, "oso sinpatikoa" naizela. Gizonezkoei, ordea, beldurra ematen omen diet.

Mikel Garmendia zenarekin harreman berezia zenuen.

Zenbat ordu eman ditugu elkarrekin! Batzuetan haserretzen ginen arren, barre asko ere egiten genuen. Errespetu handia zidan. Gauza asko ikasi nituen harengandik. Une politak pasatu genituen. Goenkale grabatzen ari ginela, atsedenaldietan, boleroak kantatzen eta dantzan aritzen ginen. Eta, lankideek harrituta begiratzen ziguten. Oso gogoan dut Mikel.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide