Azkoitiko Udalak Mataderoa botatzeko asmoa du, proiektu urbanistiko bat egiteko. Herriko kultur gunerik oparoena arriskuan dago.
"Ahulezia da egia bakarra distopiaren egunetan. Aurrera begiratzea beste aukerarik ez denean. Ez dute inoiz ezer ulertuko diruz pozoitutako buruek. Lur agortuaren ametsetan eraikuntza berriak posible izateko". Akauzazte taldearen Distopiaren egunak
kantuko hitzak dira. Ur gardenak
diskoan ageri da kantua. Duela zazpi urte inguru kaleratu zuten, baina balio dezake taldearen sorleku eta sorkuntza-leku den Azkoitiko Mataderoak egun bizi duen egoera azaltzeko ere. Mataderoko harlauzak laztantzen dituen Urola errekako urak ez datoz oso garden azkenaldian, ondo nahasiak baizik.
Azkoitiko Udalak Mataderoa botatzeko asmoa du. Hura kokaturik dagoen gunean proiektu urbanistikoa (etxebizitzak eta igerilekua) egiteko asmoa du, eta bi urteko epea eman die Mataderoan biltzen diren gazteei, handik alde egin dezaten. Proiektu horren arabera, Mataderoa dagoen lekuan zubia eraikiko dute, erreka zeharkatu eta bi auzogune elkartzeko. Azkoitiko herriaren eta kulturaren artean aparteko zubi lana egin du urteetan Mataderoak, ez baita izan alferrik herriko musika talde mordoxka baten, artista ugariren, hamaika gazte eta giza talderen, ezin konta ahala kultur ekimen eta emankizunen bilgune eta bizigune. Kultur zubi hori beste zubi batek eraitsiko du, porlanezko zubi batek.
Mataderoan lanean ari diren gazteek aski garbi dute egungo kokalekutik ez dutela alde egin nahi: "Mataderoa gure eskuekin eraiki dugu, guk eman diogu bizia, balio historiko handia du, herrian ez da gisako beste eraikinik, eta Udalak berea dela dioen arren, badakigu herriarena dela", arrazoitu digute. Mataderoaren etorkizuna dela eta ez dela, Udalarekin hamaikatxotan bildu dira azken bi urteotan. Lehen-lehenik, Mataderoak etorkizunera begira zuen proiektua egiteko eskatu zien Udalak. Egin zuten proiektua hilabeteetako lanaren ondoren aurkeztu zuten Udalean 100 orritik gorako txostena da, baina hark bere proiektu urbanistikoarekin aurrera jarraituko duela azaldu die. Asier Aranbarri alkate duen Udal Gobernuko taldeak (EAJ / EA) eskainitako alternatiba posibleak ez dituzte batere gustuko gainera. Aizpurutxuko (herriko erdigunetik bospasei kilometrotara dagoen auzunea) bide ertzean dagoen geltoki zaharra edota herrian eraikitzear diren Elkargunea udal kulturgunea proposatu dizkiete kokaleku berri modura: "Aizpurutxukoak ez du zentzurik. Aparte dago oso, oraingoa baino dezentez txikiagoa da, eta aparkalekurik ere ez du. Elkargunean sartzeak, aldiz, Udalaren kontrolpean, ordutegipean... egotea esan nahi du. Guk ez dugu halakorik nahi. Iruditzen zaigu herri askotan gertatzen ari dela kulturaren zentralizazioa. Denak leku berean sartu, kontrolpean eduki, eta isilik, ahal baldin bada. Horrekin ez gaude ados", diote Mataderokoek.
Auzolana eta nortasuna
Mataderoak egun duen funtzionamendua 1996an hasi zuen, Matadero Ekintzak kultur elkartea sortu zenean, hain zuzen ere. 1995ean Azkoitiko eta Azpeitiko udalek bi herrietako gaztetxeak itxi zituzten, dekretuz. Biltzeko lokal edo gunerik gabe geratu ziren gazteak Urolako bi herri horietan. 1983 urteaz geroztik, Udalak utzita, Azkoitiko zenbait musika taldek entseatzeko lokala zuten herriko hiltegi izandakoan hortik datorkio izena. Lokal hori 1861ean sorturiko eraikinean zegoen. Hiltegi izateari utzi zionetik eta musikariek entsegu lekutzat hartu zuten arte, Bonba eta Kiriko herriko bi pertsona oso berezik besteak beste, txatarra biltzen ibiltzen zirenaksoilik erabili zuten eraikin hura, bizitokitzat harturik. Haren ondoan, 1914an sorturiko eraikina zegoen. Udalak urteetan biltegi gisa erabilitakoa, baina garai hartan erabilpenik ez zuena. Herriko zenbait gazte eta Arte Ederretako ikasle euren artelanak egiteko leku bila zebiltzan, leku egokia zela iritza, barrura sartu, eta guztia garbitzen hasi ziren. Ordudanik, eta egun arte, auzolana dena garbitu; teilatua bota; bigarren solairuko zorua eraberritu; entsegu lekuak atondu; agertokia, barra, beheko sua, komuna, sukaldea, baratzea, musika estudioa... eraiki eta autogestioa izan dituzte lan eta finantzaketa modu nagusi, eta gerora ere hala izatea nahi lukete: "Udalak orain artean beti esan izan digu gure lana eta autogestio modua onartzen dituela, eta guretzat beste leku bat egin behar bazen, lasai egoteko, egingo zutela, ez gintuztela gu Elkargunean ikusten. Baina iaz proiektu urbanistiko erraldoi hori onartu zen, eta gu bertatik bota nahi gaituzte, aukera ia bakartzat Elkargunea eskainiz".
Matadero Ekintzak kultur elkarteko kideentzat, haien jardun eta ekimenak Mataderoa eraikinarekin estuki loturik daude: "Elkargunean ekipamendu hobeak izango ditugula dio Udalak, baina Mataderoa ekipamendu soila baino zerbait gehiago da. Guk geuk sorturikoa da, bilgune irekia eta zabala, ez haiek dioten moduko ghettoa, goxoa, berezko nortasuna duena... Hasiera-hasieratik Mataderoa herrira zabalik egon da, ateak irekita eduki ditu parte hartu nahi izan duten guztientzat. Egun ere irekita ditu eta topera dago. Zortzi bat talde ari dira entseatzen eta ez dago gehiagorentzako lekurik".
Mataderoaren bizitasunaz eta izaera sortzaile bereziaz jabetu nahi duenak Azkoitia eta Azpeitia artean, Urola errekaren hegalean, Izarraitz mendiaren magalean kokaturiko gunera etortzea baino ez du. Arrosa kolorez pintaturiko harrizko eraikin luzexka batekin egingo du topo. Kanpoan lorategitxoa eta baratzea topatuko ditu. Barruan, entseatzeko lokalak, estudio txikia, logela, sukaldea, barra, agertokia... Eta, batez ere, elkartu, pentsatu, dibertitu, kultura landu eta ametsetan sinesteko gogoa duen jendea. Oztopo guztien gainetik, eta zail askoa izango dela jakin arren, Mataderoak bizirik eta zutik iraun dezan lanean eta ametsetan jarraituko duen jendea, Akauzazteren Esnatze berriak
kantuak dioena bere egingo duena: Sugeak izanen gara azalberritan, sugeak eraldatzen, arnas berritan izanen gara, ametsak jaiotzen diren lurretan, begiak irekiak, adi, errai-eguzkitako argi berritan, izanen gara ezkutukoa agerian.
Mataderoa bizi-bizirik
Bederatzi urteko ibilbidean Mataderoan hamaika proiektu, talde eta egitasmok izan dute sorburu eta babeslekua:
.1.-Musika taldeen elkartea
Mataderoko musika entsegu lokalak martxan dira 1983tik. Hortik igaro dira: Direccion Obligatoria, Os Gallardos, Jotakie, Anari, Ehun Giñen, Dislexia, Gezurra, Elvis Terrorista Zen, Psych Out, Standa, Olki Boys, Lord Txanton, Armario, Never Band, Itzain, Despues de Nunca, Autoa... Egun, beste talde hauek entseatzen dira: Akauzazte, El Corsal Desastre, La Loba, Atanas Akerstra, Testikulos de Jehoba eta beste hiru talde gazte.
.2.-Bebarruko jardunak
Mataderoko musika taldeen, 'Compañia de Sueños Ilimitada' zigiluaren eta Azkotiko Udalaren arteko elkarlanetik sorturiko kultur ekitaldiak dira; urtean bitan egiten dira. Hainbat arte diziplinatako esperientziak, proposamenak, informazio eta baliabideak trukatzeko topagune dira.
**.3.-Compañia de Sueños Ilimitada**
Mataderoan sorturiko liburu eta disko etxea da. Musikaren inguruan dituzten egonezinak bideratzeko orain pare bat urte sorturikoa. Compañia de Sueños Ilimitadaren katalogoan Akauzazte, Despues de Nunca, El Corsal Desastre, Autoa, Tzesne eta beste zenbait talderen diskoak daude. www.ailimitada.com du webgunea.
.4.-Txalaparta taldea
Hamarnaka lagunek ikasi eta disfrutatu dute txalaparta. Egun, hainbat tonalitatetako taulak eta hainbat tinbreren konbinazioak lantzen dituzte.
.5.-Perkusio taldea
Mataderoko goiko lokalean 15 bat lagun biltzen dira, perkusioarekin loturiko hainbat ekintza egiteko: Sfrikako perkusio instrumentuak, dantza eta kantuak...
.6.-Zinema taldea
Matadeixe Zinematogram taldea 2000. urtean sortu zen, Azkoitian, gaztetxeko Zine-Klubeko lekukoa hartu ondoren. Ordudanik 500 filmetik gora proiektatu dituzte Mataderoko espazioan eta Baztartxo antzokian. Etorkizunera begira, aire libreko zinemaldi bat antolatzeko asmoa dute Udalarekin batera. Gainera, Mataderoan bideo emanaldiak eta ziklo tematikoak antolatzeko asmoa ere badute; film klasikoei eta zirkuitu komertzialetan ikusteko zailagoak direnei emango diete garrantzia.
.7.-Liburutegi eta hemeroteka
.1861eko eraikuntzako bigarren solairua hiru zatitan banatua dago. Batetik, txalaparta-perkusio gela, bestetik DJen estudioa, eta azkenik liburutegi-logela. Liburutegiaren egitasmoa abian da dagoeneko, eta horretarako beharrezkoak diren egokitze lanak hasiak dituzte. Hainbat material lortzen ari dira: Azkoitiko eta Azpeitiko liburutegietatik zaharkiturik zeuden aldizkariak, Soraluze ikastolako liburu mordoxka bat, etxetik eramandako hainbat liburu zahar... Horrez gain, hemeroteka txiki baina duin bat sortzeko asmoa dute. Web orria ere izango du Mataderoak; dokumentazio eta informazioaren eguneratze etengabea egingo dute.
.8.-Sukaldea
Bakarrik bizi ziren zenbait lagunek Mataderoan elkarrekin bazkaltzeari ekin zioten, otordu alaiagoak eta bizimodu komuna sustatzeko asmoz. Ibilian-ibilian, sukaldeko kontu eta sekretuak ikasiz joan dira, eta ahalik eta osasuntsu eta garbiena jaten saiatzen dira, batez ere, barazkietan oinarrituriko elikadurarekin. Bazkari irekiak dira. Mataderora joten diren taldeei musikari, antzerkilari, artista... bertan prestatzen diete afaria. Lotan gelditu nahi duenari ere logela eskaintzen diote.
.9.-Baratzea
.2000. urtean hasi ziren baratzea lantzen. Azken bi urteetan aurrerapen handia egin dute. Bi zatitan banaturik dute udako baratzea eta neguko baratzea. Udan, porruak, tipulak, zerbak, piperrak, tomateak, kalabazinak... biltzen dituzte. Neguan, azaloreak, zerbak, baratxuriak, babak, ilarrak... Bazkari eta afaritan baratzeko produktuak erabiltzen dituzte.
.10.-Irrati proiektua
Oraindik abian jartzeko dago, baina materiala eta giza taldea ia prest dute.
.11.-Ekitaldien memoria
-150 kontzertutik gora.
-20 bat DJ emanaldi.
-Poesi errezitaldiak.
-7 liburu aurkezpen.
-6 ikastaro-tailer.
-17 antzerki emanaldi.
-30 hitzaldi eta mahai-ingurutik gora.
-Film emanaldiak.
-7 arte erakusketa.
---
Oharra: Azkoitiko Matadeixekoek Uztarria Kultur Koordinadoraren sorreran parte hartu zuten (1998), azpeitiar batzuk han bazebiltzalako orduan ere.