Aimar Irigoien: "Aita ondoan izan ez banu, honezkero utzi nion harriak jasotzeari"

Ramon Olasagasti (Berria) 2005ko aza. 15a, 18:11

Harrijasotzaile errezildarrari elkarrizketa egin zion duela egun batzuk 'Berria'-k Tartea gehigarrian

Aitonak erakutsi zion Aimar Irigoieni harriak jasotzen: Ramon Jauregi Bedaio harri-jasotzaile handia izandakoak. Bizi balitz "harro" egongo litzatekeela onartu du bilobak. Urrian 218 kilokoa jaso zuen esku bakarrarekin. 19 urte ditu, eta noraino iritsiko den ez daki, baina iritsi den lekura iristea aitari zor diola aitortu du.

Astelehen goiza lasai hartu zuen, Berriarentzat. Izan ere, eskola bukatu bazuen bukatu —"ez nahi orduko", dio berak—, aitarekin aritzen da lanean, igeltsero. Argazkiak ateratzeko, airean altxatu zuen 80 kiloko bola, 12 urterekin lehen aldiz jasotako bera.

Aitonarengandik jaso zenuen harriak jasotzeko afizioa. Gogoan duzu noiz eta nola jaso zenuen aurreneko harria?

Aitonak erakutsi zidan, bai, harriak jasotzen. Bera ere harri-jasotzaile handia izen zen; harria bizkarrera jaso eta ondoren makurtu egiten zen. Inork ez du azkeneko 50 urteotan harririk modu horretan jaso. Harrobiko lanak zirela-eta garai batean horrela jasotzen zuten. Nik 4 urterekin jaso nuen aurreneko harria, 15 kilokoa, Bedaioko plazan, hantxe izan zen lehen erakustaldi hori. Gogoratu ez naiz asko egiten, baina geroztik bideoan ikusi izan dut.

Harria zer da zuretzat?

Nire bizitza guztian harriaren inguruan ibili naiz, gustuko molde bat. Batzuetan laguna izan dut, eta bestetan kontrario ere ibili dut. Jaso ezin izan dudanetan, adibidez. Behin bakarrik gertatu zait jaso ezinik geratzea. Usurbilen, 16 urterekin, 200 kilokoa esku bakarrarekin jaso gabe utzi nuen. Hartu harria eta borrarekin puskatzeko gogoa sentitu nuen. Amorru handia.

Indarra zenbat duzu berezkoa eta zenbat landua?

Indarra nik esango nuke gehiena neurezkoa dudala, dena ez esateagatik. Landua pixka bat bai. Gimnasioan ibili izan naiz, Donostian, azkeneko markak egin aurretik, baina askorik ez.

Indarra, teknika edo gorputza: zer da garrantzitsuagoa harriak jasotzeko?

Denak batera behar dira. Inportanteena? Teknika baldin baduzu baina indarrik ez, alferrik. Indarra baduzu baina teknikarik ez, berdin. Nik uste bietatik indarra hartuko nukeela; indarra duenak errazago ikasiko du teknika, indarrik ez duenak indarra hartu baino. Eta gorputza ere behar da. Gorputza, hala ere, bera egiten da: zer kiroletan hasten zaren, horretara egokitzen da gorputza.

Marca egunkarian, aurreko astean munduko umerik indartsuena jarri zuten titulu nagusian. Zer iruditu?

Ohituta nago halakoak irakurtzen. Batzuek oraindik umetzat jotzen naute. Zer nahi duzu nik esatea? Kontrakoa ematen duela.

Mundu honetan hain gaztetatik ibilita, izaeraz oso garaiz bihurtu zarela heldu.

Bai, egia, nik uste pixka bat baietz.

Parrandak, afariak eta bestelakoak asko utzi behar izan al dituzu harriagatik?

Azkeneko bi urteotan bai. Orain arte lasaiago ibili naiz, harria zaletasun hutsa zelako niretzat, baina azkeneko bi urteotan beste zerbait ari da bihurtzen. Okerrena da konturatu gabe iritsi garela maila honetara. Batzuk badira saiatu, saiatu eta saiatu eta iritsi ezinean ibiltzen direnak. Gu konturatu gabe ailegatu gara, eta honaino iritsita, listoia gero eta gero altuago ikusita, pixka bat gehiago prestatu behar duzu.

Entrenatu, astean pare bat aldiz? Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Bai, astean pare bat egunetan entrenatzen naiz, harriak jasoz normalean. Marka bat egitekotan naizean, berriz, astean hiru egunetan ere bai. Mendi bueltaren batzuk ere egiten ditut tarteka-tarteka. Uda partean, berriz, gutxi entrenatzen naiz; erakustaldi asko izaten ditugu, eta hori nahiko entrenamendu izaten da.

Prestatzaile baten aginduei jarraitzen diezu, ala zure kasa ibiltzen zara erabat?

Lehengo otsailean marka egin nuenean, entrenatzailearekin ibili nintzen, Jonkar Lezeagarekin. Haren esanetara. Gero, uda partean ez, utzita egon naiz. Dena egiterik ez dago: astean igual hiru-lau erakustaldi egin, tartean lanera joan, gimnasiora pare bat ordu aritu… Horrela ibilita, gorputza erre egiten da. Bestela, aitaren eta osabaren esanetara ibiltzen naiz gehienbat.

Haiexek dituzu jarraitzailerik handienak, ezta?

Bai, haiek harria beste konturik ez dute. Hori bai: aita aldamenean eduki izan ez banu, honezkero harriak jasotzeari utzi nion. Haren laguntza guztia izan dut beti. Minutu bakar bat ere ez du huts egin nire ondotik. Joan den urrian, 218 kiloko marka egin behar nuenean, Jacan ari zen lanean; han pasatzen zuen aste guztia. Eta asteazkenean entrenamendua egiten banuen, astearte iluntzean etorri, asteazkenean entrenamendua ikusi eta berriro joan egiten zen. Beti ondoan izan dut.

Bestela utzi egingo zeniola esan duzu. Izan dituzu, beraz, harriarekin gogaitutako aldiak?

Eta aspertutakoak ere bai. Harri-jasotzea ez da koadrilako kirola. Arrauna, futbola… horiek beste entrenamendu klase batzuk izaten dira, beti lagunartean. Ni, berriz, bakar-bakarrik aritzen naiz, aita ondoan dudala. Eta batzuetan desesperatu eta erre egiten zara: tanda bat egiten hasi eta ezin duzunean. Horrelakoetan "pikutara, utzi egin behar dut", esaten duzu, baina ondotik "hik balio duk eta segiok!" esaten dizute, eta segi egiten duzu. Nik uste horregatik ailegatu garela hona.

Esku bakarrarekin 218 kilo eta birekin 227 kilo, horiek orain arte zure markak. Etxean, plazan baino harri handiagorik jaso izan duzu, zeure burua probatzeko?

235ekoa jasota nago etxean, baina gero esku bakarrarekin joan behar genuela-eta plazara atera gabe geratu nintzen.

Harri handiak dituzu gustukoen, errektangularrak?

Txikiak ere gustatzen zaizkit, politak dira, baina harri handiekin beste inor ez dagoenez, bi puntu horiek ukituz gabiltza. Hala ere, ailegatuko zait une bat erabaki beharko dudana edo bata edo bestea. Probatuko dugu oraindik ere aurrerago joaten, baina iruditzen zait laster txikiekin hasi beharko dugula. Harri handiekin maila oso goian dago. Inaxio Perurena ere oso indartsu dago eta ikusi beharko dugu. Oraingoz, bietan segituko dugu.

Perurena aitak 38 urterekin lortu zuen bere markarik onena (320 kilo); Saralegik 33 urterekin jaso zuen 329 kilokoa, egungo errekorra. Zuri urte asko geratzen zaizu haien adinera iristeko. Pausoz pauso izan arren helmuga hor al daukazu jarrita?

Ez, nik helmugarik ez daukat jarrita. Lehen esan dudan bezala, neronek ere ez dakit nora ailegatuko naizen eta zer egingo dudan. Marka horiei begiratzea da… ufffa! Horiek munduan bakarrak izan dira. Besterik ez da jaio Perurena bezalakorik, harri denekin gainera. Horiei begiratzea tontakeria iruditzen zait. Bidanian gora dabilen txirrindulariak Induraini begiratzea bezala, berdin-berdin. Gabonetako loteria asmatzea bezala, oso zaila.

Bi horiek, Inaxio, gizon handiak ez ezik altuak ere badira zure aldean. Horrek eraginik badu harri handiak jasotzeko?

Eragin handia. Mutil handia gehiago betetzen da, eta errazago. Haiei gihar gehiago sartu, kilo batzuk hartu eta 140 kilotan jartzen dira igual. Mutila bera, esan nahi dut. Eta haien pisu doblea 280 kilo da, ulertzen? Ni, berriz, ezin gehiago beteta jarri eta 120-125 kilora irits naiteke, baina hortik gora ez. Kristoren aldea da hori. Lehen ez, lehen txarra zen mutil altua izatea, harriei altuera ematea galarazita zegoelako, baina harrien altuera libre eman dutenetik bentaja da altua izatea.

Harri-jasotzaileek sekulako harrikada daukazuela entzun beharko zenuen akaso Euskal Herritik kanpo ibili zarenean?

Bai, denetarako dago jendea. Suitzan eta Turkian ibili izan naizenetan, batzuek ondo hartzen zaituzte, eta besteek esaten dute: "Hauek ez dituk naturalak". Hemen ere bai, hemen ere batzuk ikusi baino ez ikusi nahiago izaten dute.

Hurrengo marka ahalegina finkatu duzue?

Seguru-seguru ez, baina litekeena da Zestoan izatea, 115 kiloko kubikoarekin. 685 kilotan dago marka.

Jatuna zara? Zaintzen duzu janaria?

Ez, ez, ez naiz asko jatekoa ere. Normal. Kintopeko txapelketan ibili nintzenean, hamabost bat egun, hilabete pasatu nuen garbi janez, pixka bat janaria begiratzen. Halakoetan zaintzen dut.

Urola aldean beste askok bezala, autoetarako zaletasuna ere baduzu. Bidaniko gainetik Tolosa aldera edo Errezil aldera bosgarrena sartzen duten horietakoa al zara?

Bai, azkar gainera. Seigarrena igual. Gustatzen zait abiadura, bai.

Harriak eramateko furgoneta, hara-hona ibiltzeko daukazun BMW hori, edo ehizara joateko 4x4 autoa: aukeratu behar izatekotan?

Denak, denak gustuko. Aukeratu behar izatekotan, 4x4 autoa igual; horrekin denak egin litezke: harriak eraman, batera eta bestera ibili eta ehizara joan.

Ezagun samarra zara jada. Pisua al da fama, edo gustura eramaten duzu harri hori ere?

Bai, fama pisua da, handia gainera. Festara edo edozein lekutara joan eta kontrolatuta sentitzen zara. Denek ezagutzen zaituzte, eta batek begiratu, besteak seinalatu, eta deseroso sentitzen zara. Ezin zara lasai ibili zeure koadrilan eta zeure gisa. Astun samarra da horrela ibili beharra.

Umeak eta gazteak hurbiltzen al zaizkizu autografo eske?

Bai, bai, bakarren batzuk hurbiltzen dira.

Eta neskak? Gutxi. Alde egiten didate; ez dakit beldurra edo zer ematen diedan.

Zelatun lepoan usoak noiz pasatuko zelatan egoten omen zara. Tiratzen trebea al zara?

Ehiza asko gustatzen zait, bai, asko. Nahiko trebea naiz, bai; ondo moldatzen naiz. Denboraldi polita izan da azkeneko hau, uso dezente bota ditugu.

Harri-jasotzetik aparte, zer beste zaletasun dituzu?

Autoak, lehen esan dudana. Sega ere bai, gustatzen zait. Aizkora ere bai, kirola dena. Horiek ikustera joaten naiz.

Motzean

Errezil edo Azpeitia?

Errezil, dudarik gabe.

Izarraitz edo Ernio?

Ernio. Hemen gure baserritik bertatik bada igoera bat, eta ordubetean ondo sartzen naiz Ernio gailurrera.

Etxe inguruan ibiltzekoa, ala kanpora ateratzekoa ere bazara?

Etxezalea naiz.

Sagardoa ala ardoa?

Sagardoa.

Txuleta ala legatza?

Legatza.

Mendian ehiza edo perretxiko biltzea?

Ehiza, ehiza; perretxiko biltzen ezta arrastorik ere.

Eta platerean, usoa ala onddoak?

Onddoak.

Pilota edo futbola?

Pilota. Futbola ere gustatzen zait, baina pilota gehiago.

Baserriko lanak edo igeltserotza?

Baserriko lanak. Ganadua-eta badaukagu, eta baserriko lanak nahiago.

Mendia edo itsasoa?

Mendia.

Irratia edo telebista?

Telebista.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide