Euskararen ezagutza eta erabilera ez datoz bat Azpeitiko etxeetan. Etxean, euskaldunen dentsitatea jaisten den arabera, euskararen erabilerak nabarmen egiten du behera. Orohar, biztanleen %70ak egiten du etxean euskaraz. Etxean gazteleraz gehien egiten dutenak 25-44 urte arteko azpeitiarrak dira. Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoan ateratako ondorioetako bat da hori.
Ana Mendizabal Euskara Patronatuko lehendakariak eta Jon Aizpurua Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko plangintza eta azterlanetako arduradunak azaldu zuten azterketa. 2001eko datuetan oinarrituta egin da, eta "zpeitian euskara osasun onean"dagoela diote azterketa egin dutenek.
"981etik 2001era artean euskararen egoera ez da asko aldatu Azpeitian. Baina gaur egun, gazteen artean euskararen egoera hobea da, euskaraz dakitenen kopurua igo egin delako" zioen Aizpuruak.
Euskararen bilakaera aztertzeko hiru aldagai hartu behar direla kontuan zioen: "Batetik, kanpotik herrira datozenak; azken lau-bost urteotan kopuru hori aldatu egin da, eta lehenago edo geroago kontuan hartu behar da, euskara integratzeko elementu garrantzitsua baita. Bestetik, jaiotze tasen arazoa ere hor dago. Azpeitian, hala ere, gazteen tasa EAEn baino altuagoa da, eta alde horretatik egoera beste leku batzuetan baino hobea da. Hirugarrenik euskaldunen prototipoa edo arketipoa dago". Aizpurua arabera, azken urteotan migrazioa areagotu egin da, eta zenbait datu aldatu egin da. Datorren urtean errolda egingo dute eta beste azterketa bat egingo dute.
Datuak
Biztanleria
Igo egin da. Azpeitiko biztanle kopurua igo egin da. 1975ean 12.209 zituen, eta 2001ean 13.708. Adinari begiratuz gero, Gipuzkoako (%17,5) nahiz eskualdeko (%19,8) 20 urtez beherako biztanleen portzentajeak gainditzen ditu Azpeitiak: %21,320 urtetik beherakoa da. 65 urtetik gorakoen proportzioa eskualdekoa (%16) edo Gipuzkoakoa (%17,7) baino txikiagoa du Azpeitiak (%14,6).
Jatorria. Azpeitiako biztanleen artean, herritik kanpo jaiotako gehienek Espainiako jatorria dute. Horien artean, %41,4 Extremaduratik etorritakoak dira, eta %18 Gaztela-Leonetik.
Hizkuntza gaitasuna
%88,6 elebidunak. 2001eko erroldako datuen arabera, Azpeitiko hamar lagunetik ia bederatzi elebidunak dira, %4,3 elebidun hartzaileak (ondo hitz egin ez arren ondo ulertzen dutenak) eta %7,1 erdaldun elebakarrak.
Sanjuandegin euskaldun gutxien. 2001eko datuen arabera, auzoen artean Sanjuandegik du euskaldun portzentajerik txikiena (%82); hamar lagunetik bat erdaldun elebakarra da.
Adinaren arabera. Azpeitian gazte gehiago daude elebidunak. Hala ere adin-talde guztien %80tik gora dira euskaldunak, 25 urtetik beherakoen artean %90etik gora dira. 20 urte baino gutxiago dituztenen artean erdaldun elebakarak %2 baino gutxiago dira.
Hizkuntza-bilakaera
Euskaldun zaharrak %81,6. Azpeitian bost urtetik gorako biztanleen artean %81,6 euskaldun zaharra da. Erdaldun zaharrak %7 dira.
%4,9 euskaldun berri irabazi dira. Azpeitiko biztaleen %4,9 euskaldun berri irabazi dira.
Erdaldun zaharrak. Erdaldun zaharren proportziorik handienak helduen artean daude, baina nabarmen egiten du behera gazteen artean.
Euskararen erabilera
Etxeko hizkuntza. Azpeitiar gehienen etxeko hizkuntza euskara da, erabilera-maila adin-talde guztietan %70etik gorakoa da. 25 eta 44 urte bitartekoen artean egiten da gazteleraz gehien, %15,4ak.
Euskara erabiltzeko faktoreak. Bi dira: -Euskarazko jarduteko erraztasuna. -Harreman sarea.
Hiztunen dentsitatea. Hizkuntza bat edo beste erabiltzeko, garrantzia du erraztasunarekin batera hiztunen dentsitateak. "Nahikoa da familiako kide bakar batek euskaraz ez jakitea erabilerak behera egiteko", diote azterketa egin dutenek. Etxeko euskaldunak %80 baino gehiago direnean , ia guztiek (%96k) euskaraz hitz egiten dute etxean. Etxeko euskaldunak %60 eta %80 direnean, etxean euskara erabiltzen duenak %46 dira.
Inor ez A ereduan. 2000-01 ikasturtetik aurrera inor ez da matrikulatu A ereduan. D eredua nagusi izan da (%89tik gora) derrigorrezko hezkuntzan eta %100 Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.
Kalean. SEIk egindako azterketaran eta Baite aldizkariak (2002ko uztailean) argitaratu zuenaren arabera, Azpeitian 1997tik 2001era Azpeitian 1997tik 2001era bitartean euskararen kaleko erabilera %3 igo da.