Ezintasunen gainetik

Unai Zubeldia (Berria) 2005ko aza. 17a, 13:11

'Berria'-ko orria.

Berria-n gorren inplanteak hizpide hartuta Eider Galarraga azpeitiarrari buruz erreportajea egin dute

Gorren inplanteak. Eider Galarragak sei urte eta bi inplante dauzka, eta gorra bada ere, ia dena entzuten du; inplanteak dituzten haurren gurasoek elkarte bat aurkeztuko dute etzi, azaroaren 19an, Bilbon.

Sei urte ditu Eider Galarragak. Azpeitiarra da. 1999ko martxoaren 31n jaio zen. Orduan gurasoek, Karmen Bastidak eta Joxe Mari Galarragak, ez zuten ezer berezirik nabaritu. Amaiaren ondoren, bigarren alaba zuten. Haurtzaindegira eraman, gainerako umeekin jolastu... Bederatzi hilabete betetzerako, ordea, Eiderrek entzuteko arazoak zituela antzematen hasi ziren. "Oporretara joanda, batzuetan ez zuen kasurik egiten, ez zuen erantzuten...".

Susmoak lehenagotik zeuzkaten arren, Eiderrek hamabost bat hilabete zituenean hasi ziren Karmen eta Joxe Mari sendagileekin serio hizketan. Diagnostikoarekin erabat harrituta geratu ziren: alde biko hipoakusia neurosentsorial sakona. Eider gorra zen. Ez zuen ezer entzuten.

Bi urterekin egin zioten lehenengo inplantea, 2001eko apirilaren 20an, Iruñeko Klinika Unibertsitarioan. Bost urterekin egin zioten bigarrena, 2004ko apirilaren 15ean. Hori ere Iruñean. Amak eman ditu azalpenak. "Lehenengo inplanteak, eskuineko belarrikoak, lau programa ditu. Belarrian dauka mikrofonoa, hortik jasotzen du seinalea, kable batetik prozesadorera bidaltzen du, prozesatu eta bueltan itzultzen da bobina batera. Iman bat ere badauka kanpoan. Koklea barruraino sartzen dizkiote elektrodoak, horrek entzumen nerbioak aktibatzen ditu, eta mezua bidaltzen du garunera". Bigarren ebakuntzarako teknologia garatuagoa baliatu zuten. Mikrofonoa eta prozesadorea, dena batera dago, eta bobina batetik bidaltzen du informazioa barruan daukan inplantera.

Eider 2001eko apirilean hasi zen lehenengo hotsak entzuten. Ordutik garapena izugarria izan da. Gehiena entzuten du, zarata handirik ez badago elkarrizketak arazorik gabe jarraitzen ditu... "Miraria da niretzat", dio amak. "Aparaturik gabe ez du ezer entzuten, eta inplanteekin komunikatzeko arazorik ez dauka, nahiz eta batzuetan giltza hitz batzuk eman behar zaizkion. Gorren komunikazioa garatzeko tresnarik aurrerakoiena da inplante koklearra". Eiderren aitak garbi du gastua handia bada ere, merezi duela. "Mailegua eskatu behar bagenuen, garbi geneukan eskatuko genuela. Merezi zuen. Nik betaurrekorik gabe ez dut ezer ikusten, ezingo nuke ohiko bizitzarik egin. Hauentzat ere inplantea antzekoa da, komunikaziorako beharrezko tresna".

Alabaren arazoaren harira jarri ziren Karmen eta Joxe Mari AICE Kokleako Inplantedunen Espainiako Elkartearekin harremanetan. Gerora etxe inguruan antzeko arazoak zituztenekin hizketan hasi eta elkarlanak fruituak eman ditu. Izan ere, etzi, azraoren 19an, larunbatean, Kokleako Inplantedunen Euskadiko Elkartea aurkeztuko dute Bilbon, 11:00etan. Eurekin harremanetan jartzeko helbide bat ere badute: AICE-euskadi@:implantecoclear.org.

Elkartearen borroka zein den argitu du Joxe Mari Galarragak. "Alde batetik, komunikazioa bultzatzea, baina baita bakoitzaren esperientziak trukatzea, errealitate guztiak ezagutzea, eta ebakuntza guztiak gizarte segurantzaren bidez doan ordaintzea ere. Izan ere, familia batzuk euren poltsikotik ari dira ebakuntzak ordaintzen".

Gizarte segurantza. Hori da kokleako inplantedunen gurasoek eskatzen dutena. Eider Galarragaren gurasoek gizarte segurantzari esker egin ahal izan diete aurre ebakuntzei, baina beste familia asko, laguntza hori jaso ezinik, bazterrean geratu direla salatu du Bastidak. "Lehenengo ebakuntza bost milioitik gora ordaindu genuen, eta bigarrena hiru milioitik gora. Nafarroan, jada, bigarren ebakuntza ere gizarte segurantzarekin ordaintzen da, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez. Elkartearen borroka garrantzitsuetako bat bi ebakuntzak gizarte segurantzarekin ordaintzea da". Izan ere, ebakuntzaren gastuari eguneroko gastuak gehitu behar zaizkio. "Pila alkalinoa egunero aldatu behar zaio, aparatua ere batzuetan aldatu beharra dago eta 180 euro balio ditu...".

Errehabilitazioa eta adina, garrantzitsuak

Eider jaio eta laster hasi ziren Donostiako Ospitalean jaioberriei probak egiten. "Gaur egun, jada, jaioberriei antzematen diete gorrak diren, arazorik ote daukaten... Eider jaio zenean, ordea, ez zegoen halakorik", dio amak. "Proba batzuk egin berritan, Alberto Urrutikoetxea otorrinoak esan zigun elektrodoen bidezko teknologia bat bazegoela. Ez genion ezer ulertu, baina orduan hasi ginen informazioa biltzen".

Emaitzak argiak dira. Elkarrizketa egin bitartean Eider bere gelara joan da. Amak salatik deitu eta primeran erantzun du. Postariak ere tinbrea jo du. Eider joan da erantzutera. Mugak eta arazoak izango ditu, noski, azken batean, gorra baita. Baina gurasoek garbi daukate inplanteek komunikazioan garatzeko aukera eskaini diotela alabari.

Ebakuntza egin eta lehenengo egunak "gogorrak" izan zirela oroitzen du amak. "15 egun egin genituen Iruñean, goizero aparatua programatu beharra zegoen. Lehen egunean zulagailuarekin lanean ari ziren leku batetik pasatu eta Eider ez zen mugitu ere egin. Oso urduri jarri nintzen. Baina sendagileak esan zidan,"nola jarriko diogu lehenengo egunetik bolumena altu?"".

Errehabilitazioa garrantzitsua da inplanteari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Horregatik, Eiderri sei hilero elektrodoen frekuentziak orekatu egiten dizkiote. "Hori ere Iruñean egiten dugu. Manuel Manrique medikuak egin zion ebakuntza eta Alicia Ugartek egokitzen dizkio frekuentziak". Errehabilitazioa bezain garrantzitsua da, ordea, ebakuntza egiteko adina. "Zenbat eta lehenago egin ebakuntza, orduan eta hobeak dira ondorioak. 2 urtetik 6-7 urtera arte garuna esponja moduan egoten da. 2 urte oso adin egokia da kokleako ebakuntza egiteko".

Eiderri ebakuntza egin ziotenetik, ordea, ebakuntza egiteko adin-tartea nabarmen jaisten ari dela azaldu du Bastidak. "Hamaika hilabeterekin ebakuntza egin dieten haurrak badaude. Sei hilabetekoak ere bai". Haurra gauzak entzuten hasi eta ordura arte galdutako guztia errekuperatzeko denbora tarte handiagoa izaten da ebakuntza lehenago eginez gero. "Eiderrek, esaterako, bi urteko atzerapena dauka, eta hori errekuperatu egin behar du, nahiz eta beti edukiko duen desfase txiki bat. Horregatik aritzen da astean hiru aldiz logopedarekin".

Eider hiru urte zituenetik Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolara joaten da. Lehenengo mailan dago, eta mementoz curriculumean egokitzapenik ez du izan. "Arretaz egoten da, lanerako jarrera du, eta horrek asko laguntzen dio arazoari aurre egiten". Bizitzaren oztopo bati aurre egin dio Eiderrek. Poztasun hori nabari zaio hitz egiten duenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide