Azpeitiko Antzerki Topaketan izan dugu aukera Theatre Des Chimeres eta Pok Produkzioak aurkeztutako eta izenburuan aipatu Bertolt Brecht-en lana ikusteko. Eta, esan beharra daukat, inongo lausengu barik, antzerki-lan bikaina ikusi genuela, bizigarri den zuzeneko musika lagun, Ipar zein Hego aldeko aktore-lan ederrekin. Hori da, katalanek esaten duten moduan, 'fer paĆs' modu artistiko eta sortzailean, euskara eta bere ahoskera eta musika oinarri.
Eszenategiaren originaltasuna ere aipatu behar, ikusleak bertatik bertara daudelarik, gertutasunak aktoreen arnas beroa eta estua sentitu eta izerdi tantak jasotzeko modua dagoela, era horretan sekuentziak berotasunez eta modu barnekoian jarraituz.
Itxaro Bordaren itzulpena ere zoriondu behar, mugaz alde bietako ikusleendako hizkuntz miszelanea koherentea eta egokia gertatzen delarik.
Beraz, zorionak eta ea aurrerantzean antzerki-programatzaileek euren lehentasunetan kokatzen duten, merezi du eta.