Urtero bezala, azaroan, aurrekontuen proposamena egin du Udalak, eta beti bezala, herritarrek ez dute parte hartu aurrekontu horiek egiten, eta ezta Udaleko zenbait zinegotzik ere.
Lau urtetik behin, Udalean ariko diren alkatea eta zinegotziak aukeratzen dituzte herritarrek (nahiz eta azkenekoetan aukeratutako guztiek ez dituzten legeztatu). Hautetsiek ahalmen hori herritarrengandik hartzen dute, herritarren zerbitzurako eta herritarren alde lan egiteko. Ez herritarrak Udalaren zerbitzura egoteko, eta ezta Udalak herriari buruz nahi duena erabakitzeko ere.
2006ko aurrekontuetan gastatuko den diru gehiena (Patronatuak eta Azpeitia Lantzen barne) herritarrek emandako dirua da: 27 miloi eurotik gora (4,5 mila milioi pezeta). Tasa, kontribuzio eta zerbitzu publikoengatik herritarrek ordaintzen duten dirua da hori. Beraz, herritarrek eskubidea dute diru horrekin ze inbertsio egingo diren erabakitzeko eta horren inguruko iritzia emateko. Hori da benetako demokrazia, demokrazia parte hartzailea.
Herritarrek erabaki behar dute, Azpeitia nolako herria izango den: zenbat etxebizitza egin behar diren, non egingo diren eta nolakoak; Loiolara bidean etxeak eraikitzea nahi duten edo ez; kultur gune berria egiteko zenbat diru gastatuko den, eta nolako eraikina izango den, kultur gune hori nortzuk eta nola kudeatuko duten; Alde Zaharra biziberritzen zenbat gastatu behar den; euskara normalizatzeko zenbat diru erabiliko den; gazteek urte osoan egingo dituzten ekimenetarako zenbat diru jarriko dugun; Emakume Kontseilu bat behar al den; helduentzat zenbat diru izango dugun; auzoetan zein beharri erantzun behar diogun; Udaleko goikarguek ze soldata jaso behar duten, edo Udalean zenbat langile behar diren. Herritarrek beren iritzia eman behar dute datorren urterako Azpeitiko herrian dauden lehentasunei buruz; iritzia eman eta Udalarekin batera erabaki. Baina ez hori bakarrik, herritarrek kontrolatu egin behar dute erabaki horien kudeaketa nola egiten duen Udalak, eta Udalak, urtea pasatakoan herritarrei kontuak eman behar dizkie egin duen kudeaketaz. Benetako demokrazia batean, herritarrek erabakitzen dutena kudeatzea da Udalaren lana.
Hori guztia horrela egiteko kultura politikoa aldatu behar dugu guztiok, lehenengo alderdiek. Udalak bitartekoak jarri behar ditu, zubiak ireki behar ditu, herritarrek parte hartu dezaten. Hau guztia posible da, ez da utopia bat, eta demostratua dago. Badira hainbat esperientzia munduan zehar, non herritarren hitza eta erabakiarekin onartzen diren urteroko aurrekontuak: Porto Alegren, Belemen (Brasilen), Buenos Airesen, Keralan, Bengalan, Venecian edo Palestinan.
Herritarrak Udalarekin erabakitako aurrekontuekin, gehiengoaren nahiak betetzen dira, aurrekontu orekatuagoak dira, jauntxokeriak eragozten dira, eta gutxi batzuen mesedetarako izan beharrean, herritarren gehiengoak erabakitzen ditu, herri orekatuago bat eraikiz.
Eman herritarrei hitza eta erabakia, demokrazia sakondu behar dugu, bozka ematetik parte hartzerako jauzia eman behar dugu, denen artean herriko beharrak hobekiago ikusten dira, bestela, herriko taldetxo batzuen mende gelditzen dira herriak, talde horien interesen mende.