Alaitz Olaizola: "Oso erronka polita izan da haurrentzako antzerkia idaztea"

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 2a, 14:12

Azpeitiarrak haurrentzako hiru antzezlan idatzi ditu: Non biziko gara?, Txiukue eta Autobusaren zain

Hiru lanak Erein argitaletxeak argitaratu ditu (Urola Kostako Hitza)

Hiru antzerki liburu aurkeztu zituen atzo (abenduak 1) Alaitz Olaizolak Donostian:

Erein argitaletxeak argitaratu ditu liburuok haur literaturako Antzoki Txikia sailean. Helduekin eta antzerki amateurrean lan asko egin du Olaizolak, idazle, aktore, zuzendari, irakasle... Lakrikun antzerki taldean eta Emakumeen Antzerki Tailerrean dabil orain.

Helduen antzerkia landu duzu, baina haurrentzako antzerkia idazten duzun aurreneko aldia al da hau?

Bai, haurrentzako egin ditudan aurrenekoak hiru lan hauexek dira. Gazteentzako zenbait antzerki lan txiki idatzi izan dut, Idoia Urangak edota Ikasberri Azpeitiko Ikastolatik eskatutako parodiaren batzuk-eta, baina hori gazteentzako egin izan dut.

Zer alde antzeman duzu helduentzako eta haurrentzako idazterako orduan?

Alde handia dago. Hasieran pentsatzen nuen umeentzako antzerki obra bat errazago moldatuko nuela, baina konturatu naiz ezetz. Helduentzako egiterako orduan ez dauzkat hainbeste gauza kontuan hartu beharrik. Orain arte, amateurrentzako egin ditudanean, eszena sinplea izan da kontuan hartu dudana, erraz erabiliko dugun formatukoa izatea. Baina haurrentzat idazteko, adina oso garrantzitsua da, eta gaia ere niretzako ezinbestekoa da. Gauzak ondo azaldu eta asko zehaztu behar dira. Kontuan eduki behar da zenbat hitz egin behar duen bakoitzak; neurtu egin behar da. Esaldi motzak eta esanahi handikoak, horixe kostatu zait gehien hasieran. Haur kopurua, batean 10, bestean 13, obra bat edo beste pertsonaia berriak sartzeko irekita utzi ditut. Pertsonaiak ere ondo deskribatu behar dira, eta eszenategiak nola sortu ere azaltzen da, eskulangintza. Oso erronka polita izan da, eskertzen dut.

Gainera kolpe bakarrean hiru antzerki lan atera dituzu.

Bai, hala da. Non biziko gara eta Txiukue 7-10 urte bitarteko haurrentzako dira, eta Autobusaren zain 10-12 urte bitartekoentzako da. Antzoki Txikia sailak adinaren arabera sailkatzen ditu antzezlanak. Eskertu nahiko nuke antzerkigintzaren alde Ereinek egin duen apustu hau, antzerkigintzari bultzada bat eman behar baitzaio.

Beti enkarguz egiten dituzu lanak edota kajoian gordetakorik baduzu?

Ez, ez, beti enkarguz ez (kar, kar). Galanta da, baina ez daukat ezer kajoian gordeta. Ipuin bat idatzi nuen, eta astelehenean Donostia Esnatu literatur lehiaketan akzesit bat eman zidaten. Denborarik ez dut. Haurrentzako antzerki lan hauek idazteko martxoan-edo eskatu zidaten Ereinetik, eta helduentzako idatzi dudan azken lana Lakrikunentzat izan da. Ordenagailu barruan zerbait hasita badaukat, baina kajoian ez. Beti ez da enkarguz, lehiaketara bidalitako horiek nire kabuz egindakoak dira. Aurreko batean batek galdetu zidan, antzerki lanen bat idatzita edukiko nuela, gordeta-edo, baina ez daukat, astirik ez daukadalako.

Umeentzako idazten hasi zara. Eta erakusten?

Ez dago jakiterik. Umeekin orain dela urte asko Errezilen Axen Eskaladarekin ibilita nago. Baina zuzentzea ez da nik gustuko dudana; idaztea da gehiena gustatzen zaidana, eta antzerkia egitea. Egiteak berak asko erakusten du, ikuspegia ez da galtzen, eta zer gauza kontuan eduki behar diren ikasten da. Emakume Tailerrean ere gustura nabil, oso giro ona daukagulako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide