Eusko Jaurlaritzak 2006ko urtarrilean tokiko telebisten legea onartzeko asmoa du eta gaur, Gasteizen, Miren Azkarate Kultura sailburuak dekretuaren zirriborroa aurkeztu du. Horren arabera, EAEn hamabost eremu markatu ditu Eusko Jaurlaritzak: Araban bi, Bizkaian sei eta Gipuzkoan zazpi. Hain zuzen, Urola Kosta eskualdea da Gipuzkoako herrialdeko eremuetako bat. Bakoitzean, Jaurlaritzak, gehienez, lau lizentzi banatuko ditu. Lehiaketa, berriz, hurrengo urteko uda aldera ateratzeko asmoa dauka.
Zirriborroaren arabera, lau kate horietako bat publikoa izateko aukera dago, "baina betiere udal bakoitzak onartu egin beharko du kate hori nahi duela", esan du Azkaratek agerraldian. "Udalek bi kate ere izan ditzakete, baina salbuespena izango litzateke hori". Oraingoz, EAEko hamasei udalek egin dute lizentzi eskaera, eta horien artean da, gaur Gasteizen aipatu denez, Azpeitiko Udala (Urola Kostako beste udalak: Azkoitia, Zumaia, Zarautz eta Orio), baina lehiaketa aurretik berriro eskatu beharko dute.
Hizkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak euskara hutseko eskaintzen aldeko jarrera hartuko du lizentziak banatzean, Kultura sailburuak esan duenez, "edo, kasuan-kasuan, ezarritako gutxienekoa gainditzen dutenen aldeko jarrera". Dena dela, dekretuaren zirriborroan ez da aratu lau kate horietatik batek ere euskara hutsekoa izan behar duenik. Udalen balizko kateak programazioaren erdia euskaraz egin beharko du eta besteek tokian tokiko errealitate sozio-linguistikoaren araberakoa.
Kate guztiek, barrena, programazio propioko lau ordu eskaini beharko dituzte hor barruan, albistegi lokalak eta astean 32 ordu, gutxienez.
Urola Kostako Hitza
, aztertzen
'Urola Kostako Hitza'-ren enpresa (horko bazkideetakoa da Uztarria Kultur Koordinadora) telebista lokalen gaia aztertzen ari da, erabakitzeko zer egin.